2026-10-09
HomeEkintza SozialaEuskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioak deitu ditu gerraren kontra eta denontzako...

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioak deitu ditu gerraren kontra eta denontzako bizitza duinak eskatzeko

Agerraldia egin dute gaur Bilbon Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan biltzen diren eragile sozial eta sindikalek. Bertan, gerren, militarismoaren eta gastu militarraren igoeraren aurka eta pertsona guztien bizitza duinen aldeko mobilizazioak iragarri dituzte.

Honela, maiatzaren 17an, 21:00etan, Donostian, Errealak Anoetan jokatuko duen azken partidan, industria militarraren alde egindako apustua eta SAPAko akziodun nagusiak Donostiako klubarekin egiten duen irudia garbiketa salatuko dituzte. Maiatzaren 27an, 19:00etan, Bilboko Bizikidetza Plazatik manifestazioa egingo dute, Zubirik zubi gerraren aurka lemarekin. Maiatzaren 29an, 18:30ean, Gasteizen manifestazioa egingo dute, Gobernu Militarretik Eusko Legebiltzarrera, “gerrei intsumisioa” aldarrikatuz. Eta azkenik, ekainaren 1ean, 11:00etan, elkarretaratze performatua egingo da Iruñeko Gobernu Militarraren aurrean.

Hauek dira deitzen dituzten lehen ekintzak eta mobilizazioak, eta adierazi dute “Euskal Herrian une honetan bizi dugun egoera geopolitikoaren aurrean oso beharrezkoa dela uste dugun dinamika bati” ekiten diotela.

Azaroaren 8an Gasteizen hainbat eragileren hausnarketak eta proposamenak bateratuko dituen “Su txikien itsasoa” eraikitzen jarraitzeko egin zuten bileraren ondoren, manifestu bat adostu zuten, bertan jaso dituzten aldarrikapen partekatuen defentsan eragile sozialak batzen jarraitzeko bokazioa duena.

Manifestua

Gerrari, militarizazioari eta gastu militarrari EZ. Bizitza duina denontzat!

Dinamika belizista, gerra ekonomia eta militarizazioa bizitza duinak bermatzen dituen ereduaren aurkako joera estrukturalak dira. Horrek bidezko trantsizio ekosozialaren aurka egiten du, gastu militarra lehenesten du gastu sozialaren aurretik, eta autoritarismoaren zein oldarraldi atzerakoiaren eskutik dator.

Kapitalismoaren krisi-testuinguru betean, potentzia eta korporazio nagusiek militarismoan aurkitu dute beren interesak bermatzeko eta aberastasuna metatzen jarraitzeko modua. NATOk gastu militarra BPGren %5era igotzea inposatu du. AEBek Venezuelari egindako eraso inperialista, Kubaren erabateko blokeoa, Israel Gazan egiten ari den genozidioa edota Iranen aurkako eraso inperialista eta Ekialde Hurbileko gerra dinamika beraren parte dira.

Jainaga Israeli legez kanpoko esportazioak egiteagatik inputatuta; CAFi salaketa genozidioaren eta kolonialismoaren kontura negozioa egiteagatik; Josu Jon Imazen Repsolek hirukoiztu egingo du Venezuelan duen inbertsioa AEBen injerentziaren ondoren; azken 20 urteetan hirukoiztu egin da industria militarra Euskal Herrian. Adibide batzuk baino ez dira: Euskal Herriko patronalak ere gerraren bidez negozioa egiteko aukera garbi ikusten du.

EBren, Espainiako eta Frantziako gobernuen eta Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuaren papera ere ezinbestekoak dira estrategia horren baitan, lege, aurrekontu, inbertsio, finantziazio edota babes politiko eta instituzionalaren bidez. Gerra hemen hasten da.

Ondorioak larriak dira; batez ere, gerra horiek zuzenean pairatzen dituztenentzat: heriotza; migrazio behartuak; lurraldeen, komunitateen eta bizitzarako azpiegituren suntsiketa; emakumeen kontrako indarkeria. Hala ere, langile klaseari bere osotasunean eragiten dio, eskubide sozial, zibil eta politikoetan murrizketak egiten direnean gastu militarraren igoerari lotuta. Emakumeak*, arrazializatuak eta, oro har, sektore zaurgarriak dira gogorren kolpatuak direnak.

Euskal Herria gerraren aurka agertu da behin eta berriz, argi eta garbi. NATOri EZETZ esan genion eta intsumisoen mugimendu zabala izan genuen. Asko gara bestelako eredu baten aldeko apustua egiten dugunak, eta, horregatik, EAEko eta Nafarroako gobernuei eskatzen diegu konpromisoak eta erabakiak har ditzatela, baita Hego Euskal Herriko, Madrilgo eta Europako erakundeetan ordezkaritza duten euskal alderdi politikoei ere.

1. Euskal Herria, lurralde baketsua eta desmilitarizatua. Gerrarako azpiegiturei eta armen bidalketari ez. Gastu militarraren murrizketa eta NATO desegiteko urratsak, horretarako EAEko eta Nafarroako parlamentuetan neutraltasun estatutuak onartuz.

2. Gerraren negozioari EZ. Patronalei eta enpresei industria militarraren alde ez egiteko eskatzen diegu, eta Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako gobernuari industria militarra zuzenean edo zeharka indartzen duen inbertsiorik eta araurik ez egiteko. Baliabide horiek trantsizio ekosozialerako eta industriaren birmoldaketarako erabiltzeko eskatzen dugu, eta langile klasea erdigunean jartzeko.

3. Baliabide publikoak bizitza duinak bermatzeko: gastu militarrari ez. Eskubide sozialetan, pentsioetan edota zerbitzu publikoetan murrizketarik ez; hezkuntza, osasuna, zaintza eta etxebizitza eskubideak bermatu. Elikadura osasuntsua bermatu eta benetako neurriak hartu krisi klimatikoari aurre egiteko. Harrera duina bermatzeko baliabideak bermatu eta mota guztietako harresiak eta migrazio politika arrazistak ezabatu.

4. Autoritarismoari eta oldarraldi erreakzionarioari EZ. Balio militaristen, matxisten, arrazisten, indibidualisten, klasisten eta kontrol soziala handitzearen aurrean, gardentasuna, eztabaida demokratikoa, eskubide zibil eta politikoen bermea eta herritarren erabakitzeko gaitasuna bermatzeko eskatzen dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Eskatzen dugu Avanza autobusetako gidariek zerbitzu bereziak egiteagatik dagokien ordaina jaso dezatela

Sindikatuari, noski, oso ondo iruditzen zaio garraio-zerbitzua hobetu nahi izatea eta herritarren eta bidaiarien joan-etorriak erraztea. Gidariak eurak dira zerbitzuak behar bezala funtzionatu dezan eta eta erabiltzaileen beharrei erantzun diezaien nahi duten lehenak. Hala ere, uste dute ez dela bidezkoa neurri berri bakoitza beti jende berberaren ahalegina baliatuz ezartzea.

Intersindikalak salatu du Correosen langile falta dagoela eta azaroaren 29ko hauteskunde deialdiaren aurrean langileen profesionaltasuna zalantzan jartzen dela

Intersindikala osatzen dugun erakunde sindikalok (LAB, CIG, ESK, Intersindikal Canaria, ELA eta CNT) oso kezkatuta gaude datorren azaroaren 29rako deitutako hauteskundeen eta Correosek gaur egun pairatzen duen langile faltaren egoeraren aurrean.

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Maria Txibiteri, Nafarroan 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren alde posizionatu eta ekimen politikoa abian jartzeko

CEN patronalak CCOO eta UGTrekin akordio interprofesionala negoziatzeari uko egin ondoren, eta Parlamentuak lege-proposamena hartu ez ondoren, Nafarroako Gobernuari bide politikoa berreskuratzea eskatuko diogu...