2026-07-28
HomeEkintza SindikalaLABek Tubos Reunidosen enplegu-erregulazioko espedientearen aurkako demanda erregistratu du, eta azalpenak eskatu...

LABek Tubos Reunidosen enplegu-erregulazioko espedientearen aurkako demanda erregistratu du, eta azalpenak eskatu ditu prozesuaren opakutasunaren aurrean

LABek gaur aurkeztu du epaitegian Tubos Reunidosek planteatutako enplegu-erregulazioko espedientearen aurkako demanda, beste urrats bat emanez lanpostuen defentsan eta justifikaziorik ez duten enpresa-erabakien aurrean.

Demanda jartzeak hasieratik LAB salatzen ari denari erantzuten dio: gardentasun faltak, benetako negoziaziorik ezak eta egiturazko neurrien inposizioak markatutako prozesua da; hala nola, kaleratze kolektiboa, altzairutegiaren itxiera eta logistikaren kanporatzea.

Ildo horretan, LABek azpimarratu nahi du opakutasuna ez dela soilik enpresaren erantzukizuna. Gaur egun, informazio falta orokorra da inplikatutako instantzia guztietan. Enpresako zuzendaritzak ez du batzordearen bilera-eskaera aintzat hartu, eta uko egiten dio egungo egoerari eta epe laburreko planei buruzko azalpen zuzenak emateari.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin, aldundiekin eta Amurrioko alkatearekin berriki egindako bileran ere ez zen erantzun argirik edo informazio zehatzik eman funtsezko gaiei buruz, hala nola zorraren birfinantzaketari edo inbertitzaileekin izandako harremanei buruz.

Bien bitartean, komunikabideen bidez mugimendu garrantzitsuak ezagutzen jarraitzen du sindikatuak. Prentsaren bidez jakin du EAJren ordezkaritza batek bilera bat egin duela EBko Barne Merkatuko, Industriako, Ekintzailetzako eta ETEetako Zuzendaritza Nagusiko arduradunekin, baina informazio hori ez zaie aldez aurretik helarazi langileen ordezkariei, nahiz eta duela astebete bilera horretara joan diren ordezkariekin bildu zen LAB, Amurrioko alkatearekin, esaterako.

Era berean, erakundeei helarazitako eskaerari buruzko erantzunik gabe jarraitzen du LABek, komitearen eta SEPIren arteko bilera bideratu eta erraztu dezaten; izan ere, hori funtsezkoa da arazo nagusiari heltzeko: zorra eta haren birfinantzaketa.

LABen ustez, onartezina da egoera larri hau plantillari bizkarra emanda kudeatzea, informaziorik gabe, gardentasunik gabe eta elkarrizketarako benetako espaziorik gabe.

Horregatik, gaur hasitako bide judizialaz gain, sindikatuak iragarri du inplikatutako alde guztiei azalpenak eskatzen jarraituko duela, eta presioa areagotuko duela erantzun argiak eman eta negoziaziorako benetako bideak ireki daitezen.

Jokoan dagoena ez baita soilik plantillaren oraina, baizik eta etorkizun industriala; eta eztabaida horrek ezin du opakutasunean gertatzen jarraitu. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

“Barraskilo operazioa”: Nafarroako Gobernuak errepresioaren eta grebalarien zigorraren alde egin du, lantokietan grebarako eskubidea urratu izanaren aurrean beste alde batera begiratzen duen bitartean

Barraskilo Operazioan parte hartu genuenok, isunak eta errepresioa salatzen ditugu, martxoaren 17an Euskal Herrirako 1.500 euroko LGSren aldeko greba orokorraren testuinguruan egindako ekintza baketsu batengatik.

Babestutako Etxebizitzak esleitzeko kupo berriekin, Denis Itxasok sozialki injustua den eredua ezarri nahi du

Etxebideren araudia aldatzeko prozesuan da Itsasoren gidaritzapeko saila, eta sustapen bakoitzeko etxeen %30 gorde nahi du 20.000 eta 46.000 euro arteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileentzat. Etxebiden izena emanda duten 110.000 herritarren %70 diskriminatuko du araudi berriak.

Ez dugu sinatu Gipuzkoako pastelgintzaren eta gozogintzaren hitzarmen kolektiboaren aurreakordioa

2024-2026 iraunaldia izango duen akordioak ez die erantzuten sektoreko langileen benetako beharrei, eta ez ditu behar bezala jasotzen negoziazioan planteatutako aldarrikapenak.