2026-09-11
HomeEkintza SindikalaLABek Hego Euskal Herriko administrazio publikoetako agintariei borondate politikoa izateko eta behin-behinekotasuna...

LABek Hego Euskal Herriko administrazio publikoetako agintariei borondate politikoa izateko eta behin-behinekotasuna murrizteko neurriak adosteko exijitzen die

Europako Auzitegiaren sententziak argi eta garbi adierazi du Espainiako Estatuak behin-behinekotasuna murrizteko hartu dituen neurriak ez direla nahikoa.

2026ko apirilaren 14an, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak sententzia eman du Espainiako Estatuak aldi baterako kontratazio tenporalen abusuei aurre egiteko hartu beharreko neurriei buruz; zehazkiago, Espainiako Estatuak hartu dituen neurrien balorazioa egin du. Orain arteko sententziarik erabakigarriena dela esan daiteke. Erabakia EBJAri berari ez badagokio ere, indarrean dauden neurriak ez direla nahikoak baieztatu du.

Sententzia honek argi eta garbi adierazi du behin-behinekotasuna murrizteko hartu diren neurriak ez direla nahikoa izan; izan ere, kontratazio tenporalen abusua jasan duten langileei “mugagabe ez-finko” izaera aitortzea eta 20 eguneko kalte-ordaina ematea behin behinekotasun egoera iraunaraztea dela dio; eta 33 eguneko kalte-ordaina emanda ere ez du nahikotzat jotzen neurria. Hau da, prekaritate egoera luzarazten duen figura da.

Horrez gain, 20/21 Legeak ezarritako egonkortze-prozesuen ez-nahikotasuna ere azpimarratzen du; izan ere, auzitegiaren arabera, oso orokorra, abstraktua eta anbiguoa da, eta, beraz, ez da nahikoa kontratazio tenporalaren abusua saihestu eta zigortzeko. Hau da, egonkortze-prozesuak administrazioen erantzukizuna badira ere, ez dira nahikoak izan kontratazioaren gehiegikeriak gelditzeko, eta atea irekita uzten diote kontratazio tenporalaren abusuari. Gainera, sententziak dio lan egindako denbora berdin baloratzen dela langileak abusua jasan duen ala ez kontuan hartu gabe.

Egonkortze-prozesuak hasi zirenean, LABek salatu zuen Hego Euskal Herriko eta Madrilgo gobernuek agindutako behin-behinekotasuna murrizteko neurriak ez zirela nahikoak izango, eta ez zirela 20/21 Legeak ezarritako %8ra ere iritsiko. Egonkortze-prozesuak igaro diren honetan, baieztatu dezakegu hori hala dela Hego Euskal Herriko administrazio publiko gehienetan. LABek argi du borondate politiko kontua dela behin-behinekotasun-tasa jaisteko eta egiturazko enplegua sortzeko neurriak ezartzea; horren frogarik argiena EAEko hezkuntza publikoan sindikatu honek lortutako lan-hitzarmenak izan dira.

Oraingo honetan, azken urteotako sententziei jarraikiz, are argiago gelditu da Euskal Herriko langileok ezin dugula epaileen interpretazioen menpe egon, eta erabaki politiko sendoak behar ditugula, hemen bertan erabaki ahal izateko enplegu publikoari dagozkion neurriak, behin-behinekotasuna murrizteko eta egiturazko lanpostuak aitortzekoak barne. Beraz, soldata eta enpleguari lotutako neurri guztiak hemen erabaki behar ditugu: euskal administrazioek eta langileen ordezkariek adostuta, eta lege propioez babestuta.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hezkuntza sistema eraldatzeari Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jarritako oztopoak azaleratu ditu PISA txostenak

LABen kezkaz hartu ditugu Jaurlaritzak PISAren emaitza kaxkarren arrazoien artean hizkuntza ereduak aipatu izana. Aitzitik, euskara gaitasunak indartzeak gainerako konpetentziak hobetzea ekarriko du.

LABetik salatzen dugu bi hilabeteko geldialdiaren ondoren Eudelek ez duela proposamen berririk ekarri eta Udalhitzeko mahaia blokeatzen ari dela

Alderdi politikoen borondate politiko ezaren aurrean eragin eta mahaira edukiak ekarri ditzaten ezinbestekoa da urriaren 8an langileak grebara batzea. Bi hilabeteko udako geldialdiaren ondoren bildu...

Hauteskunde sindikaletan patronalei eta gobernuei erantzun irmoa emateko deia egin die LABek euskal langileei

Gutxieneko soldata, enpleguaren defentsa eta zerbitzu publikoak indartzea, ikasturte honetarako hiru lehentasun nagusiak. Kapitalari mugak jartzea eta birbanaketa politiken alde egitea da faxismoari eta olatu erreakzionarioari ateak ixteko biderik onena, LABen arabera.