2026-10-26
HomeEkintza SindikalaLABek salatu du FVEMek negoziazioa luzatzen duela, Bizkaiko metalgintzako langileen beharrak kontuan...

LABek salatu du FVEMek negoziazioa luzatzen duela, Bizkaiko metalgintzako langileen beharrak kontuan hartu gabe

Gaur Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren bosgarren bilera egin da, eta LABek berriro egiaztatu du FVEM patronalaren jarrera: erantzun argirik gabe eta sektorearen benetako beharrei heltzeko asmorik gabe.

LAB saiatu da bilera gai zehatzetan zentratzen, eta patronalari jarrera argia hartzeko eskatu dio. Hala ere, beste behin ere, FVEMek ez du erantzun argirik eman, eta testuinguru ekonomikoan, ziurgabetasunean edo negoziazio osoaren baitan ezkutatzea erabaki du, zer negoziatzeko prest dagoen zehaztu gabe.

LABen ustez, jarduteko modu hori ez da kasualitatea. Erantzun zehatzak saihesteak eta edukira sartu gabe bueltaka ibiltzeak negoziazioa luzatzea baino ez du helburu, sakoneko gaiei aurre egin gabe.

Gainera, egungo baldintzak hobetzeko borondaterik ez dagoen bitartean, patronalak mahai gainean mantentzen ditu jada finkatuta dauden eskubideetan atzerapausoak dakartzaten proposamenak, eta horrek argi uzten du bere planteamenduen norabidea.

Bizkaiko metalaren sektoreak egungo errealitateari erantzungo dion hitzarmen bat behar du: erosteko ahalmena bermatuko duena, lanaldi-murrizketan aurrera egingo duena, erabat zaharkituta geratu diren eskubideak (antzinatasuna, esaterako) eguneratuko dituena, eta kontziliazioa zein lizentzien benetako erabilera hobetuko dituena.

LABek irmo defendatuko ditu eduki horiek, eta patronalari eskatuko dio itzulinguruak egiteari uzteko eta langileen benetako beharrei erantzun behar dien negoziazio batean duen erantzukizuna bere gain hartzeko.

Hurrengo bilera maiatzaren 6an izango da, eta bertan LABek bere plataforman jasotako gai zehatzak mahai gainean jarriko ditu, benetako edukietan aurrera egiteko helburuarekin, eta ez eztabaida hutsak luzatzeko. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek CAF gela bertan behera uzteko EHUren erabakia babesten du

Sindikatuak salatu egiten du Eusko Jaurlaritzako sailburuek, eta zehazki Perez-Iglesias sailburuak, eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak egin dituzten adierazpenak. Genozidioaren kontura negozioa egitea ez da defendagarria.

Olaberriako Arcelor Mittalen negoziazio esparru propioa errespetatzeko eskatzen diogu zuzendaritzari

Joan den ostiralean, zuzendaritzak negoziazio mahaia hautsi eta hiru egun lehenago azken proposamen gisa landurikoa mahai gainetik kendu zuen. Erabili zuten aitzakia “Olaberriaz kanpoko mahaien presioak eta esku-sartzeak" izan ziren. Dirudienez, Asturiasko lantegiren batean, sindikatuek Olaberriako balizko akordioa erakutsi dute presio neurri gisa.

Nafarroako bulegoetako hitzarmenean patronalaren blokeoa salatzen dugu

Nafarroako bulegoetako hitzarmen sektorialari 2025eko abenduaren 31an amaitu zitzaion iraunaldia. Negoziazio mahaia urte hasieran osatu zen. Geroztik hamaika izan dira patronalarekin izan ditugun bilerak, horietatik gehienak benetako aurrerapenik gabe. Uda aurretik, lau sindikatuok negoziaketan aurrera egiteko asmoz, oinarrizko puntuen proposamen bateratua helazari genion patronalari, honek konkrezioa eskatzen zigun bitartean.