2026-09-26
HomeZerbitzu PublikoakPostaBehar bezalako zerbitzua, kontratazio gehiago eta aurreikuspen hobea eskatzen ditugu Bizkaiko Correosen

Behar bezalako zerbitzua, kontratazio gehiago eta aurreikuspen hobea eskatzen ditugu Bizkaiko Correosen

Anabasa eta kudeaketa txarreko uda berri bat salatu ditugu Bizkaiko Correoseko enpresa-batzordea eta pertsonal-batzordeko. sindikatuok Behar bezalako zerbitzua, kontratazio gehiago eta aurreikuspen hobea eskatu ditugu herrialdeko posta zerbitzurako.

ENPRESA-BATZORDEA ETA PERTSONAL-BATZORDEAREN OHARRA

Aurten ere nahaspila nagusitu da Bizkaiko Correosko udako kontratazioan. Uztailean sartu bezain laster, oso arazo larriak izan dira banaketa-ataletan. Zentroetako beharrizanak behar bezala aurreikusi ez direnez, sail ugari geratzen dira banatu gabe egun bat baino gehiagotan, eta hortaz, herritarrek gutuneria egunero jasotzeko duten eskubidea urratu egin da. Zenbait herritan: Galdakaon, Areetan, Erandion, Basaurin, Barakaldon, Durangon, Zornotzan, Portugaleten… 4 edo 5 sail dituzte banatu barik. Eta 2. barrutiko Zuzendaritzak dio, bere burua zuritu nahian, ez dutela pertsonalik aurkitzen plangintzako beharrizan guztiak betetzeko, enplegu-poltsak gutxienezko mailetan daudela, eta zaila baino zailagoa dela Correosen lan egin nahi duen inor aurkitzea.

Gogoratu beharrekoa da orain dela hilabetea, Bilbon,16 banaketa-sail kendu zituztela, eta 2016an kendu zituztenekin batera, 54 banaketa-sail desagertu direla. Guztira 70 postari gutxiago dago. Plantilaren herena murriztu dute.

Correoseko zuzendaritzak ez du ezer ikasi aurreko urteetatik, ez die jaramonik egin sindikatuen gomendioei —azken hilabeteotan lanpostu guztiak betetzeko beharra azpimarratu diegu—. Eta orain, langile-eskasia kezkagarria da, haien aurreikuspena guri urria iruditu zitzaigun, eta bideraezina. Gero, aplikatu egin dute ezbaian ibili barik, eta ondorioak agerian egon dira lehenengo egunetik.

Hori dela-eta, langileek berebiziko ahaleginak egin behar dituzte, eta gehienetan 3 banaketa-saileraino ere pilatzen zaizkie, eta iritsi ezinik dabiltza. Lan-baldintza gogor horiek modu kaltegarrian eragiten dute langileen osasunean, egoerak gaindituak sentitzen baitira, eta eguneroko banaketa gauzatzeko ezintasunagatik estresak jota baitaude. Gainera, ezin dugu aipatu gabe utzi babes gutxien duen kidegoa: behin-behineko langileak. Langile finkoen oporrak eta bestelakoak betetzeko kontratatzen dituzte, eta presio bikoitza pairatu beharrez daude.

Horrez gain, arreta-bulegoak greban daude larunbatetan, eta horregatik haietako asko itxita egongo dira. Greba horren arrazoia da Correosek ez duela bete bere konpromisoa, asteburuetako atsedenaldia (legez ezarritakoa) langile guztiei bermatzekoa. Eta horren ondorioz, hainbat herritar zerbitzurik gabe geratuko dira.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.