Maizterren Sindikatuen Konfederazioarekin koordinatuta, LABek Alquiler Seguroren aurkako grebaren berri emango die etxe agentziak Hego Euskal Herrian dituen etxebizitzetako maizterrei, eta haien antolaketa sustatuko du. Sindikatuak ohartarazi du Alquiler Seguroren negozio ereduak ezingo duela horrelako grebarik jasan, eta bere funtzionamendua berrantolatu beharko duela.
LAB sindikatuko etxebizitza asanbladek kanpaina berria jarri dute martxan, Alquiler Seguro etxe agentziak kudeatutako alokairuzko etxebizitzetako maizterrekin batera eta Espainiako Estatuko Maizterren Sindikatuen Konfederazioarekin koordinatuta.
Kanpainaren helburua Alquiler Seguro etxe agentziaren aurkako alokairu greba egitea da, legezkoak ez diren egiturazko praktika sistematikoak baititu enpresa horrek. Gauzak horrela, etxe agentziak Hego Euskal Herrian dituen etxebizitzetako ateak joko ditu sindikatuak, maizterrak antolatzeko eta greba deialdiaz informatzeko.
Sindikatuak hartutako erabakiekiko koherentzia ariketa bat da hau. Bizi baldintzen alde alor guztietan borrokatzearen aldeko apustua egiten du LABek, eta horregatik erabaki du bere esperientzia sindikala etxebizitzaren borrokaren zerbitzura jartzea.
Deialdia urteetako gatazka, salaketa eta prozesu judizialen ondoren iritsi da. Legez kanpoko ordainsariak, talde bereko enpresekin aseguruak eta hornidurak ezartzea, mantentze-falta eta etxebizitza bat bisitatzeagatik 200 eurorainoko kobrantza dira enpresa horrek sistematikoki egiten dituen dozenaka gehiegikerietako batzuk. Praktika horiekin bukatu beharra dago, eta bide bakarra borroka kolektiboa da.
Grebarako abiapuntua Hego Euskal Herrian Alquiler Segurok kudeatutako 500 etxebizitza baino gehiagotan egingo diren bisitak izango dira; 16.000, Espainiako Estatu osoan. Dagoeneko ehunka bisita antolatu ditu LABek, eta, era berean, hainbat familiak sindikatura jo dute, beren ekimenez, bizitakoaren berri emateko. Maizterrak, hainbat urtez abusuak jasan ondoren, LABekin harremanetan jarri dira, egoeraz nazkatuta daudelako eta ekintzekin hasi nahi dutelako.
Alquiler Seguro enpresaren abusuzko praktika horiek agerikoak eta nabarmenak dira. Datozen egunetan Espainiako Kontsumo Ministerioak 3,6 milioi euroko zehapena ebatziko du. Erabaki horrek 2024ko otsailaren 1ean egindako salaketan du jatorria, Madrilgo Maizterren Sindikatuak salaketa bat aurkeztu zuenean Kontsumoko Zuzendaritza Nagusian, besteak beste, ordainsariak legez kanpo kobratzeagatik, abusuzko klausulak ezartzeagatik edo atzera egiteko eskubidea urratzeagatik. Hala ere, ordainsarien ezkutuko kobrantzari eta gordailuen kudeaketa irregularrari buruzko epaiketa 2028ko otsailera arte ez da hasiko, eta horrek agerian uzten du justiziak ez duela gaitasunik etxebizitzen arloko gehiegikeriei eta egungo bizitegi larrialdiari erantzuteko.
LABek ohartarazi nahi du Alquiler Seguroren negozio ereduak ezingo duela horrelako grebarik jasan, eta bere funtzionamendua berrantolatu beharko duela. Ezin izango diote aurre egin eskaintzen duten ordainketa-bermeari, eta litekeena da higiezinen agentziak etxejabeekiko betebeharrak betetzeari uztea, maizterrekiko erantzukizunak sistematikoki urratzen dituen bezalaxe. Haien eredua abusuan eta desinformazioan oinarritzen da, eta maizterrak antolatzen direnean porrot egiten du.
Kanpaina hau Maizterren Sindikatuen Konfederazioarekin lankidetzan koordinatzen ari da, zeinarekin elkarlan estua baitu LABek. Espainiako Estatuko dozena bat hiri eta lurraldetako (Herrialde Katalanak, Madril, Malaga, Valentzia, Zaragoza, Eivissa, Cadiz, Asturias, Sevilla, Vigo, Guadalajara, Segovia…) sindikatuak batu dira kanpainara. LABek helburuak partekatzen ditu, eta maila berean erantzuteko erantzukizuna sentitzen du. Horregatik, beharrezkoak diren bitartekoak bermatuko ditu Hego Euskal Herriko kaltetuak modu kolektiboan antola daitezen, gehiegikerietatik defendatzeko eta eskubideak lortzeko.

