2026-10-16
HomeEkintza SindikalaLABek Tubos Reunidosen EEEa gauzatu izana salatu du, eta enpleguaren eta industria-etorkizunaren...

LABek Tubos Reunidosen EEEa gauzatu izana salatu du, eta enpleguaren eta industria-etorkizunaren aldeko konpromisoa berretsi du

LABek publikoki salatu nahi du Tubos Reunidos enpresak EEEa gauzatzeko hartu duen erabakia. Erabaki horrek, beste behin ere, berretsi egiten du enpleguaren suntsiketan, altzairugintzaren itxieran eta logistikaren kanporatzean oinarritutako plan batekin aurrera egiteko borondatea, alde sozialak planteatutako alternatibei jaramonik egin gabe.

Inposatu nahi den kontakizun interesatuaren aurrean, argi utzi nahi dugu ez gaudela borondatezko irteeren aurrean. Ustezko atxikimendu horien zati handi batean, enpresan urteak daramatzaten behin-behineko kontratua duten 80 pertsona inguru sartzen dira. Pertsona horiek ez dira borondatez joaten: kaleratu egiten dituzte.

Gainera, ustezko borondatezkotasun hori errotik zalantzan jartzen dugu. Urtarrilean, enpresak enplegu-erregulazioko espedientea, altzairutegiaren itxiera eta logistikaren esternalizazioa iragarri aurretik, ez zeuden ez 301 ez 285 langile lanpostua uzteko prest. “Borondatezkotasun” hori asteetako presioaren, ziurgabetasunaren eta mezu alarmisten ondoren agertzen da. Ez da erabaki librea, erabaki baldintzatua baizik.

Enpresak aurrera jarraitzen du altzairutegiaren itxierarekin eta logistikaren esternalizazioarekin; erabaki horiek gaitasun industriala desegitea eta enpresaren etorkizuna arriskuan jartzea dakarte. Kudeaketa txarra egiten duen zuzendaritza baten aurrean gaude, bere plana langileen eta etorkizun industrialaren gainetik ezartzen duena.

LABetik ere erakundeen jarrera salatu nahi dugu. Onartezina da Eusko Jaurlaritza, aldundiak, EAJ eta PSE gaur Aiaraldean biltzea ustezko berrindustrializazio-mahai batean, duela ordu gutxi Tubos Reunidosen 285 lanpostu suntsitu direla jakinarazi den bitartean. Zinismo politikoaren adibide argia da, eta enpleguarekin eta industriarekin benetako konpromisorik ez dagoela erakusten du.

Joan den astean, Amurrioko batzordearen gehiengoak bilerak eskatu zizkien Industria Sailari, Enplegu Sailari eta Arabako Foru Aldundiari. Gaur egun, oraindik ez dugu erantzunik jaso. Zergatik? Non daude industria-enplegua suntsitzen denean?

LAB enpresak hartutako erabakia juridikoki aztertzen ari da, eta ez du baztertzen langileen eskubideen defentsan jarduteko inolako biderik.

Argi daukaguna da borrokan jarraituko dugula. Tubos Reunidosen enpleguaren, altzairugintzaren, industria-jardueraren eta etorkizunaren defentsan dugun konpromiso irmoa berresten dugu. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Iberiar penintsulako estaturik gabeko nazioek orain arte nola iraun duten azaldu nahi duen ‘Enigma’ dokumentala egi bihurtzen lagundu

Euskal Herriak, Galiziak eta Herrialde Katalanek indarrak batu dituzte estaturik gabe nola bizirik iraun duten azaltzea. Horixe du helburu Enigma proiektuak. Dokumentala finantzaketa kolektibo...

Azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzagun dei egiten diegu euskal langileei

Euskal Herritik Euskal Herrirako greba orokorra izango da, bertako patronalei eta instituzioei pobretzearen eta errentismoaren kontrako neurriak eskatzeko.

Ospitaleetan mobilizatu gara Osakidetzari eskatzeko gure aldarrikapenei eta langileen beharrei erantzun diezaiela

Osakidetzak sindikatuei bidalitako akordioaren lehen zirriborroak ez du soldata-hobekuntzarik jasotzen, eta hori Eusko Jaurlaritzak 2027. urterako aurrekontuak ixten dagoen bitartean; azpimarratu behar da arau horrek osasun publikorako partidak zehaztuko dituela. LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok berresten dugu ezinbestekoa dela mobilizazio dinamikarekin jarraitzea.