2026-10-02
HomeUncategorizedOarsoaldeko langileek aldaketaren aldeko apustua egin dute

Oarsoaldeko langileek aldaketaren aldeko apustua egin dute

Oarsobidasoako enpresetako LABeko hainbat ordezkari bildu dira, hauteskunde sindikalen kurtsoaren azkenetan gauden honetan. Hain zuzen ere, eskualdean utzi duten argazkiaren berri emateko egin dute agerraldia. "Harro esan dezakegu, Oarsoaldeko langileok aldaketaren aldeko bozka eman dutela. Sindikalki lau udaletan LABek du gehiengoa, eta politikoki ezker subiranismoa da garaile. Hau balioan jarri eta langileon mesedetara jartzea tokatzen da orain", adierazi dute.

Hauxe da agerraldian egindako hitzartzea:

Gaur hemen, Oarsobidasoako enpresetako LABeko ordezkari batzuk bildu gara. Hauteskunde sindikalen kurtsoaren azkenetan gaude eta horiek eskualdean utzi duten argazkiaren berri emateko agertzen gara.

Langileontzat ez direla garai onenak behin eta berriz entzuten ari gara ahots ezberdinetatik, baina gaur langileok esateko duguna entzunarazi nahi dugu.

Kapitalismoa eta bizitzaren arteko talka bortitza bizitzen ari gara. Ikusi dugu azken urteetan nola sakondu duten inboluzioa sozial, patriarkal eta nazionalean, elite ekonomikoen mesedeetako demokraziaren galeran.

Langileok eskubiderik gabe otzan nahi gaituzte, eta, horretarako, erreformaz erreforma, zentralismoan sakontzen dabiltza estatu menperatzailea. Euskal langileoi prekarietatera kondenatu nahi gaituzte, gure negoziazio eremua lapurtu, emakumea bigarren mailan kokatu…

LABetik “bizitzak erdigunera” aldarrikatu dugu, bazterrak zentrora ekarriz, bizitza sostengatzen duten lanen aitortza exigituz, Euskal Herriaren erabakitze eskubidea galdatu. Finean eredu aldaketaren alde egin dugu lantokietan eta kalean, eskaera konkretuekin: 1200 euroko soldata, 35 orduko jarduna, diskriminazio ororekin bukatzea, lanetik etxera bizirik itzultzea eta gure erabakiak guk hartzeko marko propioa.

Eta horixe da eskualdeko langileok bozkatu duguna. Oarsoaldean, LAB sindikatua lehen indarra da eskualdeko ordezkaritzaren %37,55arekin. Zorionak eta bejondeizuela! Hau txikitasunetik handitasunera egindako lanaren emaitza da, isilean eta lantokiz lantoki garatutako ekintza sindikalaren emaitza.

Ordezkarien lana ez da lan makala. Lantokiko gatazkak kudeatu behar dituzte, nagusikeriei aurre egin, prekarietatearen kontrako neurriak proposatu, soldata arrakalarekin bukatzeko proposamenak garatu, hitzarmenak borrokatu… baina lau urte hauetan egindako lanak bere emaitzak eman dituela esan dezakegu. LAB indartutra atera da hauteskunde hauetatik.

Epealdi honek, gainera, hauteskunde politikoen zikloarekin egin du bat. Harro esan dezakegu, Oarsoaldeko langileok aldaketaren aldeko bozka eman dugula. Sindikalki lau udaletxeetan LABek du gehiengoa, eta politikoki ezker subiranismoa da garaile. Hau balioan jarri eta langileon mesedetara jartzea tokatzen da orain.

Guk eredu publiko berri bat aldarrikatzen dugu, komunitarioa, herriarekin eta langileokin landutakoa. Horrek ezinbestean, zerbitzu publikoen garapenean sakontzea eskatzen du, pribatizazioekin bukatzea, zaintza lanak balioan jartzea.

Erresistentziatik harago, eraikuntzara igarotzeko baldintzak daude. Sistema bidegabe honi hortzak erakutsi eta eraldaketa sozialaren alde indarrak biltzeko garaia da. Klase ikuspegi feminista batetik antolatuz, eta herri ikuspegitik eraginez.

Premiazkoa da langileon ahotsa entzun eta hitza ematea. Gure lan baldintzak hemen negoziatu nahi ditugu, prekarietatearekin amaitu behar dugu, arrakala erabaki politikotzat hartu eta aldaketa estrukturalak behar ditugu, guk sortzen dugun ondasuna berbanatu behar dugu.

Datozen urtean hor jarriko ditugu indarrak, langileon bizitzak erdigunera ekartzeko prozesuan, Euskal Herriak erabakitzeko prozesuan, baita preso eta iheslariak etxeratzeko prozesuan ere.

Kolektibotasunak ematen digun indarretik erabaki eta eraiki nahi dugu bestelako Euskal Herria, elite ekonomikoen eskutik datorren inboluzioaren aurrean beste ortzimuga bat irekitzeko, sinergia berriak landuz.

Gora LAB sozialista independentista eta feminista!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.