2026-04-25
HomeEkintza Sindikala: Chivite Lehendakariari eta PSN, Contigo Zurekin eta UPN alderdiei

[IRITZIA]: Chivite Lehendakariari eta PSN, Contigo Zurekin eta UPN alderdiei

Gilda Elisa Solares Alonzo eta Begoña Agundez Rodriguez gara, LABeko eta ELAko ordezkariak Cash G-5 S.L elikagai biltegian eta Amavir Mutilva zahar-etxean. Betidanik estatalizatuta eta prekarizatuta izan diren sektoreetako langile garenez zuzenean dakigu nekez bizi gaitezkeela hilean 1.300 euro ere egiten ez duten soldata bat jasotzen dugunok. Ordainsari hau ez da nahikoa bizimodu gero eta garestiagoari aurre egiteko eta oinarrizko beharrak osatzeko: etxebizitza, jatekoa edo garraioa. Izan ere, gurean bizi-kostuak Estatuko beste leku batzuetan baino handiagoak baitira. Gainera, badakigu ez garela kasu bakanak, baizik eta guk bezalaxe errealitate hau Nafarroan milaka lagunek pairatzen dutela, lanak baitituzte beharrizan guztiak ordaintzeko.

Hilabetetan gure sindikatuekin batera borrokatu gara Nafarroak bere Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) erabakitzeko ahalmena izan dezan; eskubide hau gure ustez justua, legezkoa, egingarria eta batez ere zentzuzkoa da. Estatuko LGS (1.221€) ez dagokio gure komunitateko errealitate ekonomikoari, hemen prezioak handiagoak baitira eta milaka langileren kezka hilaren azkenera iristea baita, langile izanagatik pobrezian ez erortzeko lehian.

Martxoaren 12an Nafarroako Parlamentuak egoera hau aldatzeko aukera izango du. Badakigu EH Bilduk eta Geroa Baik proposamenaren alde egingo dutela, eta PP eta Voxek kontra. Horregatik, gaur batik bat UPN, PSN eta Contigo Zurekin alderdiei hots egin nahi diegu: Zuen botoak erabakiko du Nafarroako milaka herritarren bizimodua hobetuko lukeen legea aurrera aterako den ala ez.

Galdera bat egin nahi dizuegu, errespetuz baina irmo: Nola justifika liteke halako neurri bat ukatzea? Zein interes eta arrazoi izan liteke 1.500 euroko gutxieneko soldata duin bati ezezkoa emateko, areago Estatuko beste lurraldeekiko solidarioa izanik? Hori ukatu nahi digute adineko jendea zaintzen dugunoi, ospitaleak eta nafarren etxeak garbitzen ditugunoi, dendari garenoi, ostalaritzako langileoi? Ekonomiaren izenean? Baina, egiaztatu den moduan, LGS egoki batek desberdintasuna leuntzen badu eta ekonomia suspertzen badu? Solidarioa ote da nafar langileon soldatak beherantz berdintzea? Ezezkoa solidarioa da, bai, baina soilik etekinak puzten dituzten enpresarioentzat, gure soldata kaskarrekin lortzen baitute hori.

Espero dugu herritarrak lehenetsiko dituzuela eta arduraz eta enpatiaz hartuko duzuela erabakia, ez kalkulu alderdikoi, identitario eta zentralisten arabera. Bozketa hau ez da tramite hutsa: Aukera historikoa duzue erakusteko politika baliagarria dela jendearen bizitza hobetzeko. Beraz, izan ezazue kontutan zuen erabakiak milaka lagunen bizimoduan izango duen inpaktua.

Azkenik, langile guztiei dei egiten diegu martxoaren 17ko greba orokorrean parte har dezaten; guztiok batera 1.500 euroko gutxieneko soldata irits dezakegu Nafarroan, justizia sozialerantz daraman bidean saihestu ezineko urratsa baita. 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LABek Iruñeko Udalari eskatu dio pertsona migratzaile guztien erroldatzea bermatzeko eta etxegabetasunaren aurkako baliabideak indartzeko

LAB sindikatuak Iruñean bizi diren pertsona migratzaile asko jasaten ari diren eskubide urraketa salatu du. Izan ere, legez aitortutako eskubidea eta administrazio publikoen betebeharra...

PAPRESAko enpresa batzordeak jakin du enpresaren hartzekodunen konkurtso-prozesuaren baitan erosketa-proposamen lotesle bat aurkeztu dela

Batzordea erabat kontziente da egoeraz, eta jardueraren jarraipena bermatuko duen eta lanpostuak babestuko dituen irtenbide bat aurkitzeko beharraz. Testuinguru honetan, enpresa batzordea harremanetan egon da...

LABek, ELAk eta Steilasek manifestaziora deitu dute “Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde!” lelopean, maiatzaren 9an

Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen aurkako oldarraldi judizial, politiko eta sindikal antolatuaren aurrean, LABek, ELAk eta Steilasek manifestaziora deitu dute euskararen eta gaztelaniaren...