2026-04-25
HomeEkintza SindikalaAdministrazioaren euskalduntzea oztopatzeko, langileen erabilera interesatua egiten ari dira hainbat eragile

Administrazioaren euskalduntzea oztopatzeko, langileen erabilera interesatua egiten ari dira hainbat eragile

Berme legal sendoak exijitzen ditu LABek, euskararen normalizazioa zapuztu eta euskaldunon hizkuntza eskubideak urratzen dituen oldarraldi politiko, sindikal eta judizial euskarafoboaren ekinbidea gerarazteko.

Argia hedabideak gaur argitaratutako informazioak are ageriago utzi du LABek hainbatetan salatutakoa —azkena, pasa den astean, Errenteriako Udaleko Lan Eskaintza Publikoaren kasuaren harira—: administrazioaren euskalduntzearen aurkako oldarraldi judizialaren atzean euskararen normalizazio-prozesua geldiarazi nahi duten pertsona eta eragileen interesak daudela.

Baieztatu daiteke euskararen normalizazioaren kontra eremu euskarafoboak duen gurutzada ekimen planifikatua dela. Eragile politiko eta sindikal batzuen adierazpen publikoek bestelakoa adierazi duten arren, oldarraldi judizialean orain arte izan diren epaien atzean ez dago bitarteko egoeran dauden langile zaurgarriak babesteko interes zintzorik. Alderantziz, kasu konkretu horiek administrazioa euskalduntzeko prozesua kolokan jartzeko baliatzen saiatzen ari diren eragile politiko eta sindikalen interesak daude kasu askoren atzean.

Klase sindikatu gisa, jakitun gara badaudela gure herrian euskara ikasi ahal izateko aukerak eta erraztasunak ez dituzten langileak. Horregatik, beraiena ere baden euskara ezagutzeko eskubidea bermatua izan dezaten, bitartekoak eta erraztasunak ezartzeko exijitzen diegu beste behin administrazioei. Soilik horrela lortuko dugu euskararen normalizazio prozesua bururaino eraman eta jendarte-kohesioan aurrerapauso esanguratsua ematea.

Baina hori aldarrikatzen dugun irmotasun berarekin salatu beharra dugu langile horien erabilera interesatu eta maltzurra egiten ari direla hainbat eragile. Dozenaka demanda horien atzean interes atzerakoiak daude: zuzenean euren izenean edo, maltzurragoa dena, herritar norbanako soilaren atzean ezkutatuta demandak jartzen dituzten sindikatuetatik hasi, horren aldeko giroa eta diskurtsoa elikatzen duten hedabideetatik igaro, eta oldarraldiari babesa eta berme politiko-instituzional-juridikoa ematen dizkioten alderdietaraino.

Eragile sindikal eta politiko horien helburu nagusia euskararen normalizazio osoa ahalik eta gehien oztopatzea da. Ez dute nahi euskara gazteleraren maila berean kokatzea administrazioan; alderantziz, bigarren mailako hizkuntza izaten jarraitu dezan nahi dute. Horregatik, ontzat ematen dute gaztelera erabat derrigorrezkoa izatea administrazio osoan eta euskara, aldiz, gehienetan aukera bat edo eremu mugatu batean soilik derrigorrezkoa.

Baina, horrekin batera, beraien interes partikularra eremu elektoralari eustea ere bada (izan alderdikoia izan sindikala). Beste herrialdeetan ultraeskuinak baliatzen dituen diskurtso eta argudio berdinak erabiliz, Euskal Herrian eragile batzuek euskararen aurkakotasuna elikatu nahi dute herritar sektore jakin batzuen artean, eragile horiek beraiek ondoren euren babesle gisa aurkezteko. Jokabide guztiz arduragabea da, eta are larriagoa ustez alderdi progresistek edo langileen aldeko sindikatuek elikatzen dutenean. Ez die axola jendarte kohesioa eta euskararen alde dagoen adostasun sozial nagusia apurtzeak, beraien interes partikularrei eusteko bada. Eta ekinbide arduragabe eta salagarri horretan CCOO eta UGT sindikatuak eta PSE eta PSN alderdiak nabarmentzen ari dira, eta haien bueltako zenbait plataforma. Eragile horiek bat egin dute gai honetan PPk eta VOXek euskara administrazio publikotik ezabatzeko duten estrategiarekin.

Euskararen normalizazioa zapuztu eta euskaldunon hizkuntza-eskubideak urratzen dituen oldarraldi politiko, sindikal eta judizial euskarofoboaren ekinbidea gerarazteko berme legal sendoen beharra aldarrikatzen du, beste behin, LABek. Horretarako, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten du LABek Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari den Euskal Enplegu Publikoaren lege moldaketan euskarari berme legalak emango dizkion neurriak hartzea, administrazioan euskararen normalizazioak aurrera egin dezan.

Euskara gaztelaniaren pare jartzeko exijitzen du LABek. Hortaz, LABek EAJ interpelatzen du euskararen kontrako PSE eta CCOO binomioari men egiteari utz diezaion eta euskaldunoi gaztelera-hiztunek dituzten pareko eskubideak aitortzeko proposamenarekin bat egin dezan; EH Bilduk egin duen lege proposamenarekin bat egin dezan, alegia.

Bi hizkuntzak ofizialak diren heinean, LABek exijitzen du euskara gazteleraren estatus maila berean kokatzeko eta administrazio osoko lanpostu guztiei sarbidean hizkuntza eskakizuna eta derrigortasun-data ezartzeko. Hori egiaztatzeko denbora tarte bat beharko duten langileentzat EH Bilduk proposaturiko geroratze-indizearekin bat egiten du LABek, eta lanean ari diren langileak euskaldundu daitezen baliabide gehiago eta liberazioak eskatzen ditu, beste hainbat neurriren artean. Hau da, orain dagoen ikuspegia iraultzeko proposamena behar da, administrazio osoa euskalduna izateko.

Soilik horrelako neurriak indarrean jarrita lortuko da euskararen normalizazioak administrazioan behar duen berme legala izatea eta euskaldunon hizkuntza-eskubideak babesteko oldarraldi euskarofoboaren aurkako euste-horma eraikitzea.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LABek Iruñeko Udalari eskatu dio pertsona migratzaile guztien erroldatzea bermatzeko eta etxegabetasunaren aurkako baliabideak indartzeko

LAB sindikatuak Iruñean bizi diren pertsona migratzaile asko jasaten ari diren eskubide urraketa salatu du. Izan ere, legez aitortutako eskubidea eta administrazio publikoen betebeharra...

PAPRESAko enpresa batzordeak jakin du enpresaren hartzekodunen konkurtso-prozesuaren baitan erosketa-proposamen lotesle bat aurkeztu dela

Batzordea erabat kontziente da egoeraz, eta jardueraren jarraipena bermatuko duen eta lanpostuak babestuko dituen irtenbide bat aurkitzeko beharraz. Testuinguru honetan, enpresa batzordea harremanetan egon da...

LABek, ELAk eta Steilasek manifestaziora deitu dute “Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde!” lelopean, maiatzaren 9an

Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen aurkako oldarraldi judizial, politiko eta sindikal antolatuaren aurrean, LABek, ELAk eta Steilasek manifestaziora deitu dute euskararen eta gaztelaniaren...