2026-10-20
HomeEkintza SindikalaSan Juan de Dios Ospitaleko Enpresa Batzordeak aldarrikatu du osasun publiko garden...

San Juan de Dios Ospitaleko Enpresa Batzordeak aldarrikatu du osasun publiko garden eta kalitatezkoa

Nafarroako San Juan de Dios Ospitaleko Enpresa Batzordeak, LABek eta delegatu independienteek osatutakoak, publikoki salatu du zentroko langileek bizi duten egoera eta ospitaleak Nafarroako Gobernuarekin duen harremana osasun-zerbitzu bat ematerakoan, “%100 publikoa, gardena eta kalitatezkoa den osasungintza batetik bermatu beharko litzatekeena”.

San Juan de Dios Ospitalea zentro pribatua da, eta Batzordeko ordezkariek diotenez, zuzendaritzak behin eta berriz justifikatzen du lan-baldintzak ez hobetzea, “dirurik ez dagoela” argudiatuz. Egoera hau lan eskubideetan edozein aurrerapauso blokeatzeko etengabeko aitzakia bihurtu dela gaineratu dute. “Gaur egun, gerentziak benetako negoziazio bati uko egiten dio hitzarmen kolektibo berri baten inguruan, eta 2025etik aurrerako KPIaren soldata-eguneratzea ere baztertzen du; hau da, zero soldata-igoera, eta horrek etengabeko erosteko ahalmenaren galera dakar langileontzat”.

Batzordeak salatu du sendotzen ari den eredua lan-baldintzen prekarizazioan oinarritzen dela: plantilla eskasak, lan-karga handiak, ezegonkortasuna eta soldaten izoztea. Bere iritziz, errealitate horrek ez du soilik langileen osasunean eta duintasunean kalte larria eragiten, baizik eta zuzenean eragiten du herritarrek jasotzen duten arretaren kalitatean ere. “Ezin da osasun-arreta segurua eta kalitatezkoa bermatu lan-baldintza prekarioekin”.

Ordezkari sindikalek salatu dute ospitaleko langileek bederatzi urtez osasun-kontzertu garden, publiko eta argi zehazturik gabe egon direla, eta bidegabeko aberaste egoera eman dela. Zentroaren kudeaketak erantzukizun eta gaitasun falta erakutsi duela adierazi dute, bai lan-baldintza duinak bermatzeko, bai Nafarroako herritarren beharrei erantzuten dien osasun-zerbitzua eskaintzeko. “Funts publikoen erabileran gardentasun faltak eta plangintza ezak agerian uzten dute agortuta dagoen eredu bat, San Juan de Dios ospitalea Nafarroako osasunaren low cost aukera bilakatzen duena”.

Horregatik guztiagatik, San Juan de Dios Ospitalerako kudeaketa-eredu berri bat ezartzea eskatzen dute Batzordeko kideek. Administrazio publikoarekin parekatzea jasoko duen eredua, hain zuzen ere. Neurri hori funtsezkoa dela uste dute zentroko langileentzat egonkortasun handiagoa eta lan-baldintza bidezkoak bermatzeko. “Uste osoa dugu ospitalea sektore publikoarekin parekatutako eskema baten pean integratzeak haren jasangarritasuna indartuko duela, arreta-kalitatea hobetuko duela eta komunitate osoarentzat zerbitzu eraginkorrago eta bidezkoagoa bermatuko duela”.

Amaitzeko, Enpresa Batzordeak erantzukizunak eskatu ditu eta San Juan de Dios Ospitaleko gerentziaren dimisioa exijitu dute; aldi berean, Nafarroako Gobernuari osasun-kontzertuen premiazko berrikuspena egitea eskatu diote.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko mahai orokorra: Eusko Jaurlaritza kudeaketa irizpideen bila joaten da Madrilera

Langile publikoen soldata igoera, erretiro-txanda kontratua, egonkortasunaren kalte-ordainak, lanaldi murrizketa... Madrilek zer esango zain gelditzen jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak, inolako ekimenik hartu gabe.

Nafarroako langileei dei egiten diegu azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzaten

Larunbatean Iruñean 2.000 lagun baino gehiago mobilizatu ondotik, LABek CENi eta Nafarroako Gobernuari pobretzearen eta errentismoaren aurkako egiturazko neurriak eskatu dizkie, eta eskaera zehatza egin dio Nafarroako Gobernuari: Testa funts putreak bereganatutako etxeak desjabetu ditzala eta parke publikora igaro daitezela.

Euskal Herrian indarkeria matxistak eragindako azken heriotza salatzeko mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Angelun, 19 urteko emakume batek bortxatu egin zutela salatu eta egun gutxira bere buruaz beste egin izana erabat lazgarria da eta, beste behin ere, erakusten du indarkeria matxistak hil egiten duela.