2026-10-21
HomeEkintza SindikalaLABek salatu du Haurreskolak Partzuergoko hitzarmenak argitaratu gabe jarraitzen duela

LABek salatu du Haurreskolak Partzuergoko hitzarmenak argitaratu gabe jarraitzen duela

Greba eta mobilizazio zikloari bukaera eman zion hitzarmen berria sinatu zuen LABek gaur urtebete. Gainera, Haurreskolak Partzuergoak irailaren 1ean lanpostuen zerrendan sortu behar zituen 63 lanpostuak sortu gabe jarraitzen du. Hezkuntza sailburua eta Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko lehendakaria den Begoña Pedrosak negoziazioa zentzurik gabe blokeatua duela salatu du LAB sindikatuak gaur goizean Eibarren.

Gaur, LAB sindikatuko ordezkariak Haurreskolak Partzuergoko atari nagusian kateatu dira, Hezkuntza Sailak eta Haurreskolak Partzuergoak negoziazioari ezarritako blokeo zentzugabea salatzeko. “Haurreskoletako langileenganako begirune falta izugarria erakusten ari da Hezkuntza Saila”, adierazi dute. Era berean, mahai negoziatzailea urgentziaz deitzeko eskaera erregistratu du sindikatuak. 

Izan ere, sindikatuak gogorarazi du, 16 urteren ondoren, greba eta mobilizazio ziklo bati bukaera emanez, lan hitzarmena sinatu zenetik urtebete igaro dela gaur bertan. LAB sindikatuak gogoratu nahi du, Haurreskolak Partzuergoan duen ordezkaritzaren gehiengoa izatearen erantzukizunetik, langileen lan baldintzak nabarmenki hobetzen zituen akordioa sinatu zuela. Besteak beste, urteko lanaldiak murriztu dira, behin-behinekotasun tasa gehienez %5ean kokatu da, ordezkapenak modu telematikoan banatzen dira eta ordezkoen araudi berria arautu da. LABek administrazioari, beste behin ere, ardura berarekin jokatzeko exijitzen dio. Geroztik, lanean jarraitu du sindikatuak, besteak beste, hitzarmenean jaso bezala, ratioak hobetzeko eta lan zamak arintzeko sinatu zituen plantillak esleitzeko oinarrizko irizpideak garatzeko negoziazioan. 

Hala, hamabi hilabete hauetan, administrazioak oztopoak baino ez dizkiola jarri eta 2025eko uztailetik ez duela mahai negoziatzailerik deitu ziurtatu du LABek. Hau jokabide oso larritzat jotzen du. Egoera hau onartezina dela azpimarratu du eta hilabete guzti hauetan administrazioak Haurreskoletako langile guztiekiko erakutsi duen begirune eza irmoki salatu du. Hitzarmenean sinatutako aldagai batzuk ez betetzeaz gain, 2024an sinatu zen lanpostuak sortzeko hitzartutako mekanismoagatik sortu behar ziren 63 lanpostuak ez dira sortu gaur gaurkoz.

Gainera, blokeo egoera honek lan hitzarmenaren behin betiko sinadura eta Haurreskolak baliabide pertsonalez hornitzeko irizpideen akordioa zentzurik gabe atzeratzea ekarri du, eta azken urteetan eman den matrikulazioaren gorakadarekin batera, kasu askotan langileen lan zama handitzea ekarri du, jardunaren ordu guztiak arreta zuzenekoak izatea eta tokian toki egoera jasangaitzak sortzea. 

LABek hilabeteak daramatza egoera salatzen. Ez betetzeak eta interpretazio interesatuak etengabeak izan dira eta gaur Eibarren, nahikoa dela esateko ekintza egin du. Era berean LABek adierazi du Hezkuntza Sailari eta Haurreskolak Partzuergoari dagokiela orain eskaerei arduraz erantzutea eta jakinarazi die blokeo egoerari lehenbailehen irtenbidea ematen ez badiote mobilizazioak indartuko dituela. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Arabako ardogintza sektoreko langileak beren eskubideen alde mobilizatuko dira

Intersindikalak proposamen bateratua egin zuenetik 5 hilabete baino gehiago pasa direnean, SEAk eta upategiek erantzun gabe jarraitzen dute.

EAEko mahai orokorra: Eusko Jaurlaritza kudeaketa irizpideen bila joaten da Madrilera

Langile publikoen soldata igoera, erretiro-txanda kontratua, egonkortasunaren kalte-ordainak, lanaldi murrizketa... Madrilek zer esango zain gelditzen jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak, inolako ekimenik hartu gabe.

Nafarroako langileei dei egiten diegu azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzaten

Larunbatean Iruñean 2.000 lagun baino gehiago mobilizatu ondotik, LABek CENi eta Nafarroako Gobernuari pobretzearen eta errentismoaren aurkako egiturazko neurriak eskatu dizkie, eta eskaera zehatza egin dio Nafarroako Gobernuari: Testa funts putreak bereganatutako etxeak desjabetu ditzala eta parke publikora igaro daitezela.