2026-10-02
HomeEkintza SindikalaEAJk egoera zaurgarrienean dauden pertsonak etxegabetzeko Espainiako Gobernuarekin egindako akordioa salatzen du...

EAJk egoera zaurgarrienean dauden pertsonak etxegabetzeko Espainiako Gobernuarekin egindako akordioa salatzen du LABek

Akordio honekin maizterren eskubideen aurka egiten dute jeltzaleek, egoera ziurgabean dauden herritarrentzako inolako alternatibarik eskaini gabe. 

EAJk Espainiako Gobernuarekin adostu du etxejabe txikiek egoera zaurgarrian dauden maizterrak etxegabetu ahal izatea. EAJren hitzetan etxejabeek “euren pisuak alokatzeko aukera berreskuratzen dute”, argi erakutsiz etxejabeen interesak jarri dituztela etxebizitza eskubidearen gainetik. 

PP, VOX, Junts eta UPNren aurkako bozkekin Espainiako “ezkutu soziala” bertan behera geratu zela salatu zuen LABek pasa den ostiralean Bilboko Gobernu Delegaritzaren aurrean egindako mobiliazioan. Neurriok, ez nahikoak izanik ere, milaka pertsonen babesgune bakanetakoa zirela adierazi genuen.

Gaurkoan, EAJk egoera zaurgarrienean dauden pertsonen aurkako neurriak adostu ditu Espainiako Gobernuarekin. Izan ere, etxebizitzaren arazoaren oinarrian dago batzuek harekin negozioa egitearen ondorioz langile eta herri sektore gero eta gehiago berau eskuratu ezinik aurkitzen direla da. Prezioak etengabe ari dira gora egiten, eta gero eta zailagoa da etxebizitzara sarbidea zein hau ordaintzea. Honen aurrean, EAJk eskuin muturraren markoa erosi du, erroko arazoa desitxuratuz eta egoera zaurgarrienean dauden pertsonak kriminalizatuz eta etxegabetzeei ateak irekiz. Ikerketa guztiek aditzera ematen duten alokairua ordaintzeari uztea familia eta langileek zailtasun ekonomikoen aurrean hartzen duten azken neurria dela, aurretik bestelako gastuetan murriztuz. EAJ etxegabetzeen alde eta maizterren eskubideen aurka lerratu da, denok etxebizitza bat izateko eskubidearen gainetik jarriz etxejabeek euren pisuak alokatu eta errentak jasotzeko aukera – askotan oso prezio altuetan –. 

Halaber, jakin berri dugu Jaurlaritzak 10,6M euro bideratu dituela 61 gazteren jabetzako etxebizitzen abalerako. Abal hauen bidez 340.000 eurora arteko etxebizitzen erosketa finantzatzen da diru-publikoz, EAEn etxebizitzaren salerosketaren bataz-besteko prezioa 270.525 eurotakoa izan denean 2025 urtean. Horrela etxebizitza garestitzeko abagunea sortzen da abal hauen bidez, zuzenean banketxe eta promotoren poltsikoetara. Gaztelaguni dagokionez 28,2M euro bideratu ziren 2025ean alokairuak ordaintzera, zuzenean etxejabeen poltsikoaetara. Diru-publikoa horrela erabiltzea gazte batzuentzat lagungarria izan badaiteke ere, etxebizitza prezio altuak betikotzen ditu, denon dirua den horrek etxejabeen edota banketxeen poltsikoetan bukatzen duelarik zuzenean. 

LABen ustez agerian geratu da, berriro ere, EAJk patronal inmobiliarioaren interesak defendatzen dituela, eta langileon aurkako etxebizitza politika sustatzen duela. Politika horren ondorioz, etxegabetzeen aurrean babesgabe, etxebizitza parke publiko sendo gabe eta etxebizitza prezioak jaisteko neurri eraginkorrik gabe, gero eta herritar gehiago daude egoera zaurgarrian etxebizitza gatazkaren ondorioz.

Negozioa eten eta prezioak jaisteko etxebizitza-politika da behar duguna, etxebizitzarako sarbidea estrukturalki bermatzeko urratsak emateko, eta diru-publikoa patronalari diru-laguntzak emanez xahutu beharrean, erabilera eraginkor bat egiteko. Langileon aldeko politika publikoak behar ditugu. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.