2026-06-05
HomeEkintza SindikalaJustiziak geldiarazi du Bilboko Portuko amarratzaileei ezarritako funtsezko aldaketa

Justiziak geldiarazi du Bilboko Portuko amarratzaileei ezarritako funtsezko aldaketa

LAB sindikatutik jakinarazten dugu Epaitegiak aintzat hartu duela Amarradores del Puerto de Bilbao enpresak aurkeztutako kautelazko neurrien eskaera, enpresak alde bakarrez aplikatu nahi zituen lan-baldintzen funtsezko aldaketaren aurrean.

Epaileak, eskatutako kautelazko neurriak onartzeaz gain, argi utzi du bere ebazpenean ez dagoela aldaketa hori justifikatzen duen arrazoirik: «Enpresak alegatutako egoerak ez du zerikusirik lehiakortasunean, produktibitatean edo lanaren antolaketan eragina duten arrazoiekin; aitzitik, enpresaren komenigarritasun hutsean oinarritzen da».

Ondorioz, aldaketa berehala geldiarazi da, eta ezin izango da aplikatu epaiketa egin arte, langileei arrazoia emanez. Egoera honen aurrean, LABek enpresari eskatzen dio planteatutako aldaketari uko egin diezaion.

Gure jarrera argia da: ez dugu inposiziorik onartuko. Ebazpena gure jarrera babesten duen beste urrats bat da, eta uste dugu badaudela aldaketa hori behin betiko atzera botatzeko oinarri sendoak.

Borroka ez da amaitu, nahiz eta ebazpen honek inflexio-puntu garrantzitsua markatzen duen. Enpresaren estrategiak, gezurrean eta manipulazioan oinarrituta, modu interesatuan erabili du absentismoaren argudioa neurri bidegabeak justifikatzeko. Epaia argia eta irmoa da: «ez da behar bezala frogatu egungo lan-antolaketa sistema absentismo-indizeen arrazoia denik; absentismoa handitu bada, beste arrazoi batzuengatik izango da, eta ez hogei urte indarrean daraman lan-antolaketa sistema batengatik».

Bilboko Portuko amarratzaileok gure lan-eskubideak defendatzen jarraituko dugu. Ez dugu onartuko absentismoaren aitzakia erabiltzea egungo antolaketa-sistema enpresaren onurarako baldintzatzeko.

Langileok egindako presioak, eta ebazpen judizialaren eduki argiak, eragin zuzena dute edozein negoziazio-prozesutan. Ezin da negoziatu mehatxutik eta inposaketatik, sei greba-egunetan salatu dugun bezala.

Gure eskubideetan atzera ez egiteko modu bakarra antolakuntza eta borroka direla berresten dugu.

Borrokak merezi du! 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Igor Arroyo: “Euskal Herrian badago agendan eragiteko borrokak antolatzeko ahalmena”

LABeko koordinatzaile orokorra Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan izan da gaur, Oihane Yustosek eginiko elkarrizketari erantzuten.

Udal langileek gaurko greba egunean argi utzi diete alderdi politikoei haien lan baldintzen aldeko borrokan tinko jarraituko dutela

Eudelek pasa den astean helarazitako proposamena ez da nahikoa, aldarrikapen batzuk eta zehaztasunak falta dituelako. LABek eta ELAk positiboki baloratzen dugu sektoreko greben eta mobilizazioen ondorioz eduki batzuk mahaira ekartzea lortu izana. Era berean, adierazten dugu, aurrerapauso gehiago egin ezean, sektoreko greba eta mobilizazio dinamikan sakontzea baloratuko dugula.

LABek salatu du baliabide eta protokolo faltak agerian geratu direla Gardelegiko zabortegian izandako sute berriaren ondoren

Atzo arratsaldean Gardelegiko zabortegian izandako sutearen harira, LABetik publikoki salatu nahi dugu langileek horrelako gertakarietan jasaten duten arrisku egoera. Atzokoa ez da gertakari isolatu bat...