2026-07-24
HomeEkintza SindikalaBerriro bildu da Arabako esku-hartze sozialeko sektoreko hitzarmen kolektiboaren mahaia negoziatzailea

Berriro bildu da Arabako esku-hartze sozialeko sektoreko hitzarmen kolektiboaren mahaia negoziatzailea

Joan den urtarrilaren 8an, Arabako esku-hartze sozialeko sektoreko hitzarmen kolektiboaren mahaia negoziatzailea bildu zen berriro. Bilera hau urtebete baino gehiagoko blokeoaren ondoren egin zen, eta sektorean ordezkaritza dugun sindikatuok —ELA, LAB, CCOO eta ESK— abenduan AISA patronalari proposamen bateratu bat helarazi ondoren, 2025-2026 urteetarako akordio bat lortzeko asmoz.

Sindikatuen proposamen horrek sektore publikoarekiko parekatzerantz modu errealista baina sendoan aurrera egitea planteatzen du, epe laburreko hobekuntza zehatzei uko egin gabe. Negoziazioak aurrera jarraitzea baloratzen badugu ere, bi aldeen arteko distantzia handia da oraindik; izan ere, patronalak jarrera urruna mantentzen du Arabako esku-hartze sozialeko langileen lan-baldintzak enplegu publikoko baldintzekin parekatzeko prozesuarekiko.

Asteetan zehar ez genuen proposamen horren erantzunik jaso, eta urtarrilaren 8ko mahaian AISAk jakinarazi zuen “negoziazio-esparrua aldatu egin dela” eta jada ez dutela proposamena baldintza berberetan baloratzen. Orain arte ez dute kontra proposamen zehatzik aurkeztu, eta hori kezkagarria dela deritzogu, sindikatuok negoziazioa desblokeatzeko egin dugun ahaleginaren ondoren.

Esku-hartze sozialeko sektoreak 1.000 langile baino gehiago hartzen ditu Araban, administrazio publikoko hainbat kontratatan; izan ere, administrazioak zerbitzu horiek hainbat enpresarekin azpikontratatzea erabaki du. Kanporatze-politika horrek lan-egoera guztiz bidegabea eragin du: onartu ezinezko soldata-arrakala dago sektore publikoarentzat zuzenean lan bera egiten duten kideekiko. Gero eta gehiago, azpikontratazioa lan-baldintzak prekarizatzeko eta zerbitzu publikoei eusten dietenei soldata okerragoak ordaintzeko erabiltzen da.

Horregatik, intersindikaletik, parekatzearen helbururantz pauso sendoz aurrera egitea ahalbidetuko duen estrategia baten aldeko apustua egin dugu, bitartean soldata-igoera dinei eta gure lan-baldintzak duinduko dituzten egiturazko hobekuntzei uko egin gabe.

Testuinguru horretan, sindikatuok mobilizazio-egutegi bat adostu dugu egoerari erantzuteko:

• Urtarrilak 21, asteazkena: hiru orduko lanuzteak txandako, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
• Otsailak 4, asteazkena eta otsailak 5, osteguna: egun osoko greba.

Urtarrilaren 29an negoziazio-mahaiaren beste bilera bat egingo da. Ordura arte, esku-hartze sozialeko sektoreak antolatzen eta irmo mobilizatzen jarraituko du, bere lanaren balioa aitortuko duen eta urteetako lan-desberdintasunari amaiera emango dion hitzarmena lortzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ez dugu sinatu Gipuzkoako pastelgintzaren eta gozogintzaren hitzarmen kolektiboaren aurreakordioa

2024-2026 iraunaldia izango duen akordioak ez die erantzuten sektoreko langileen benetako beharrei, eta ez ditu behar bezala jasotzen negoziazioan planteatutako aldarrikapenak.

Enpresak negoziaziorako borondaterik erakusten ez duenez, greba mugagabeak aurrera jarraitzen du Bergarako eta Zarauzko IAT zerbitzuetan

Lan Harremanen Kontseiluan eginiko bileran ITASUAk negoziazioak desblokeatzeko baldintza gisa jarri du greba bertan behera uztea, eta halakorik ez dute onartu langileek. Langileen ordezkariok...

Gasteizko Mercedesen erreta gaude!

Mercedesek tenperatura altuekiko duen jarrera publikoki salatu nahi dugu, langileen osasuna arrisku larrian jartzen baitu.