Hainbat langileen lekukotzari esker Bizkaiko enpresaburu baten puzzle matxista eta arrazista salata eta agerian utzi ahal izan dugu: etxebizitza komunitarioen sare baten jabea den enpresaburu bat, emakumeak esplotatzen dituena eta bereziki eskubideak negoziatu eta baliarazteko baldintza okerrenetan daudenenekin etekina ateratzen duena; alegia, egoera administratibo irregularrean dauden langile migratu eta/edo arrazializatuekin.
Makro-egoitzen aurrean, etxebizitza komunitarioen eredua gaur egun zaintza-azpiegituren aukera hurbilago eta gizatiarrago gisa aurkeztu nahi da. Kudeaketa pribatuko etxebizitzak dira, Bizkaiko Foru Aldundiaren dagokion lizentzia dutenak, eta, teorian, autonomia maila jakin bat duten adineko pertsonentzako bizileku-irtenbide gisa funtzionatzen dutenak. Etxebizitza horietako bakoitzak 10-14 ohe inguru ditu, eta gehienez 4 langileko plantilla, erabiltzaileei arreta emateko (zaintza, laguntza, garbiketa pertsonala, elikadura eta medikazioa) eta mantentze-lanak egiteko (garbiketa, sukaldea, etab.).
Gaur salatzen dugun enpresaburua —Osakidetzako plantillako erizaina dena— Bizkaian 6 egoitza eta 9 etxebizitza komunitarioren administratzaile gisa ageri da. Pandemiatik hona, bere jabetzapean dauden etxebizitza komunitarioen kopurua modu esponentzial eta deigarrian hazi da. Azken bost urteetan zortzi zentro berri eskuratu ditu, eta azken urtean bakarrik 2 milioi eurotik gorako etekin garbiak pilatu dituela kalkulatzen da.
2024ko abendutik aurrera, LABen gero eta langile migratu edo/eta arrazializatu gehiago jaso ditugu bere etxebizitza komunitarioetan enplegatuta zirenak. Hitzarmenaren azpiko soldatak, ordu extrak, kotizaziorik eta kontraturik gabe… 2025eko abuztuan, ordea, kasu batek alarma guztiak piztu zizkigun, enpresaburu honen modus operandi gisa identifikatzen ari ginen elementu okerrenak gurutzatzen zituelako: langile migratu eta arrazializatu bat gerturatzen da, emakume honentzat hiru urtez lanean aritu ondoren, azkenean idatzizko kontratua (lanaldi erdikoa) lortzen duena baina Gizarte Segurantzaren kuota osoa bere gain hartzearen truke. Langilea, gainera, haurdunaldi aurreratuan zegoen (8 hilabete), eta enpresariak baja-eskubidea ukatzen zion.
Etxebizitza komunitarioetako langileen lan-baldintzak Bizkaiko Adinekoen Egoitzen Hitzarmen Kolektiboaren arabera arautzen dira. Hala ere, langile hauen kasuan, errealitateak nabarmen aldatzen dira jatorriaren, arrazaren eta egoera administratiboaren arabera.
Alde batetik, badira langile “zuriak”, sektore honetan aspaldidanik salatzen ari garen egoerak pairatzen dituzten arren, Gizarte Segurantzan kotizatzen dutenak, kontratu idatzia eta nomina dituztenak. Eta bestetik, badira langile migratu eta/edo arrazializatuak, bai baimenarekin, bai egoera administratibo irregularrean daudenak. Batzuk eta besteak kontuan hartuta, honako bereizketak ere identifikatu ditugu:
1. Langile erregularizatuek kontratuak dituzte, benetan egindako ordu kopurua islatzen ez dutenak, baina baimenak berritu edo mantendu ahal izateko beharrezkoak dituztenak (eta patronalak hori badaki).
2. Egoera irregularrean daudenak, berriz, ahoz kontratatzen dira 50 eurotan gaueko (22:00etatik 08:00etara), asteburuak eta jaiegunak kubritzeko. Kasu hauetan, gainera, ikusi da zentro batetik bestera “mugitzen” dituztela hutsuneak edo absentziak sortzen diren heinean, askotan txanda bat baino gehiago jarraian egitera behartuz, atsedenak eta bestelako eskubideak urratuz.
LABetik ia urtebete daramagu hainbat langilerekin batera lanean, Bizkaiko enpresaburu honen puzzlea osatzeko aukera eman digutenak: emakumeak esplotatzen dituen eta bereziki baldintza okerrenetan daudenenekin etekina ateratzen duen etxebizitza komunitarioen sare baten jabea. Esplotazio sare arrazista eta matxista da, baldintza desberdineko langileen sistema mailakatua egituratzen duena; langileen arteko harremanak galarazten dituena, eta xantaia eta mehatxua modu instrumental batean erabiltzen dituena.
Egoera honen aurrean, sindikatutik hainbat demanda judizial eta Lan Ikuskaritzaren aurreko salaketak jarri ditugu. Jarduera horien ondorioz, zentro batzuetan egoera lehengoratu da: Gizarte Segurantzako altak, kontratuen erregularizazioa, atsedenenari errespetua, soldatak… Lan Ikuskaritzari dagokionez, txostena oraindik amaitu gabe dago, baina jakin badakigu etxebizitza komunitario horietako hainbatetan aldi bereko ikuskapenak egin direla.
Ezin dugu kate hau erreproduzitzen jarraitzea onartu. Nahikoa da administrazioek beste aldera begiratzearekin. Bizkaiko Foru Aldundia da zentro horiei lizentziak ematen dizkiena, eta azken finean, bertako langileen baldintzen eta erabiltzaileek jasaten duten arreta-faltaren arduraduna. Erantzukizuna bere gain har dezala eskatzen dugu, jarraipena, kontrola eta zehapena eginez enpresaburu honen eta beste askoren jarduerari dagokionez.
Eusko Jaurlaritzak ere ardura bikoitza du egoera honetan.
Batetik, argi dagoena da: etxebizitza komunitarioetan gertatzen dela hau, negozioa bihurtzea ahalbidetzen duen hutsune legal bat dagoelako. Etxebizitza hauek Eusko Jaurlaritzaren 1998ko Dekretu batek arautzen ditu; dekretu ahul eta zaharkitua, hutsune askorekin, zigorgabetasun jakin bat ahalbidetzen duena eta egoera hauek ugaritzeko bidea irekitzen duena.
Bestetik, harreraren eta integrazioaren diskurtso bikoitzaren aterkian, nabarmena da lan-baimenen erregularizazioan bere gain har ditzakeen eskumenak gauzatzeko utzikeria eta benetako interes falta. Horixe da kide hauen babesgabetasunaren erroa, urraketa-egoera berezi honen iturburua, patronalak espekulatzeko, mehatxatzeko, xantaiatzeko eta etekina ateratzeko baliatzen duena.
Gaur salatzen dugun lan-esplotazio arrazista eta matxista ez da gertakari isolatua, baizik eta zaintzaren eredu pribatizatu eta merkantilizatu baten adierazpen gordinena; sektore honetan gehiengoa diren emakume langileen —eta bereziki emakume migratu edo/eta arrazializatuen— prekarizazio sistematikoan oinarritzen den eredua. Baldintzak okertzearen bidez hedatzen den eredua: soldata miserableak, lanaldi abusiboak eta lan-eskubideen urraketa. Guztiontzako baldintza duinak bermatzeko benetako interesik ez dagoen eredu batean baino ezin dena erreproduzitu.
LABetik ez dugu zalantzarik egoera honen azken erantzuleak erakunde publikoak direla, pribatizazio-politiken bidez emakume hauek hirugarren mailako langile bihurtzen dituztenak, enpresa pribatuei irabazi ekonomikoak pilatzen uzten dizkietan oinarrizko eskubideak zapaltzearen kontura, honen guztiaren aurrean ezer gertatu gabe. Horregatik, LABek urteak daramatza, mugimendu sozial eta politikoekin batera, zaintza-lanak esparru publikotik bermatu behar direla eta erakundeen kudeaketa zuzenean oinarritu behar direla aldarrikatzen. Gaur egun pribatizatuta dauden zerbitzuak publifikatzea eta pribatizazio berriei ateak ixtea exijitzen dugu.
Honengatik guztiagatik, salaketa hau beste bultzada bat da LABentzat martxoaren 17ko Greba Orokorrerako deialdian, gutxieneko soldata propio baten alde. Ez da kasualitatea zaintzako langile askok LGSra ez iristea. Horregatik, greba hau kide hauena ere bada: esplotazioari frenoa jartzeko, zaintza negozio bihurtzen dutenen segmentazio arrazista, matxista eta klasistarekin amaitzeko, eta sektore honentzat zein langile klase osoarentzat bizi- eta lan-baldintza duinak bermatzeko.
Azkenik, mezu berezia bidali nahi diegu egoera administratibo irregularrean etxebizitza hauetan lanean ari diren langile migratuei: kideok, zuekin gaude. Sindikatuarekin harremanetan jar zaitezkete modu konfidentzialean: bilbo@lab.eus. Salaketak zein administrazioekin lankidetzak zuen egoera erregularizatzeko bideak ireki ditzake. Isiltasuna haustea da lehen urratsa: ez zaudete bakarrik.

