2026-09-09
HomeEkintza PolitikoaEspainiako Auzitegi Gorenaren epaia elkarbizitza demokratikoaren kontrako erasoa da

Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia elkarbizitza demokratikoaren kontrako erasoa da

Espainiako Auzitegi Gorenak 13/13 sumarioan epaitutako eta zigortutako herritarren kontrako epaia berretsi du gaur, eta, hala, bere egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak 2022an emandako epaia. Zigortuen artean dago Arantza Zulueta LABeko kidea, euskal presoei laguntza juridikoa eta soziala ematen aritutako beste hiru kiderekin batera.

LABen ustez, erabat larria da gaur ezagututako epaia, eta elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko euskal herritarren borondatearen kontrakoa da. Izan ere, elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko ezinbestekoa da euskal herritar guztien eskubideak bermatzea, eta gisa honetako epaiek ahalegin hori oztopatzea baino ez dute helburu.

Horixe izan da, hain justu, 13/13 auzibidearen helburua, LABek hasieratik salatu zuenez. Elkarbizitza demokratikorako ezinbesteko baldintza da euskal presoen salbuespenezko egoerari amaiera ematea, eta helburu horren aldeko lanagatik izan ziren epaituak sumarioan auzipetutakoak. Horregatik, LABek hasieratik salatu zuen epaiketa bera ez zela egin behar. Ez da ahaztu behar, gainera, tortura salaketez eta irregulartasunez beteriko prozesua bizi izan dutela akusatuek, eta, are, epaiketan bertan ere salatu zituztela torturak zenbait akusatuk. Espainiako Auzitegi Gorenak, baina, zalantzan jarri ditu salaketa horiek.

Horrenbestez, LABek bere elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkie zigortuei. Era berean, dei egiten du epaia salatzeko mobilizazioetan parte hartzera, baita larunbatean presoen eskubideen eta behin betiko konponbidearen alde Bilbon egingo den manifestazio nazionalera batzera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskal langileei dei egiten diegu Ernaik igandean Donostian egingo duen manifestazio nazionalean parte har dezaten

Oldarraldi faxista eta erreakzionarioari aurre egiteko modurik eraginkorrena Euskal Herrian agenda sozial eta nazional eraldatzaile bat garatzea dela uste du sindikatuak, eta horren aldeko konpromisoa berretsi du, baita bide horretan Ernairekin elkarlanean jarraitzekoa ere.

Tubos Reunidosentzat enplegua eta bi lantegietako jarduera bermatuko dituen industria-proiektu baten aldeko eskakizunari eusten diogu LABen

Uztailean egindako azken bileraren ondoren, gaur berriro bildu gara Amurrioko eta Trapagarango lantegietako enpresa-batzordeak Tubos Reunidosen Konkurtso Administrazioarekin, enpresaren egoeraren eta inbertitzaile berriak bilatzeko prozesuaren jarraipena egiteko.

Azalpenak eskatuko ditugu Lanbideren Administrazio Kontseiluan, baliabide publikoak erabiltzerakoan ustez gertatu diren irregulartasun larriak argitzeko

Gaur jakitera eman den informazioaren arabera, PSErekin lotutako sare klientelar batek 56 milioi eurotik gorako diru-sarrerak jaso ditu azken hamabost urteetan, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzen eta administrazio publikoen kontratuen bidez, eta kopuru horren zatirik handiena Lanbidetik eratorria da. Gardentasuna, kontrola eta interes publikoaren defentsa eskatzen dugu LABetik.