ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek gaur Nafarroako Parlamentuan aurkeztu dituzte Gutxieneko Soldata propioaren alde bildutako sinadurak. Nafarroako langileek oso modu zabalean egin dute proposamen honen alde, soldata arrakalak leuntzeko, prekarietateari mugak jartzeko, pobrezia murrizteko eta aberastasuna modu egokiagoan banatzeko balio dezakeen tresna gisa aldarrikatuz.
Sindikatuek bilera eskaerak luzatu dizkiete talde parlamentarioei (VOX izan ezik), Nafarroak Gutxieneko Soldata propioa ezartzeko eskumena bere gain hartzea ahalbidetuko duen lege baten tramitazioa abiaraz dezaten, eztabaida demokratikoa Parlamentura eramanez.
Gutxieneko soldata aberastasuna banatzeko eta pobreziari aurre egiteko tresna izan beharko litzateke, baina Estatuko gutxieneko soldatak ez du funtzio hori betetzen eta ez dator bat Nafarroako egitura sozioekonomikoarekin, ezta langile klasearen borondatearekin ere. Estatuan LGS gisa ezarritako 1.184 euroak ez dira nahikoak eta ez dute pobreziatik irtetea bermatzen Nafarroan, lanaldi osoa duten pertsonen kasuan ere.
ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek 2025eko hasieran abiatu zuten Nafarroak bere Gutxieneko Soldata ezartzeko dinamika, bi bide jarriz martxan. Bat, eskumen propioen bidez: lanbidearteko akordio baten bidez posible da Nafarroan gauzatzen diren lan harreman guztientzat gutxieneko soldata ezartzea. Horretarako CEN, UGT eta CCOO gonbidatu ziren mahaia eratzeko, baina hiru erakundeetako bat ere ez zen bilerara agertu —CENek uko egin zion bertzera joateari, eta Nafarroako CCOOk eta UGTk patronalaren estrategiari jarraituz jarrera kontrakoa hartu zuten—. Modu horretan, jendartearen sektore zaurgarrienei mesede egingo liekeen proposamen bati atea itxi zioten.
Bigarren bidea eskumen berriak eskuratzea da: Langileen Estatutuaren aldaketa proposatu dute, autonomia erkidegoek Estatukoaren gainetik gutxieneko soldata ezarri ahal izateko. Horregatik jarri zuten abian Herri Ekimen Legegilea. Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, ordea, ekimena atzera bota zuen argudiatuz arazo juridikoak zeudela, eta María Chivite presidenteak ere ez zuen ekimenaren sustatzaileekin biltzea onartu, patronalaren eta CCOO eta UGTren interesak lehenetsiz.
Hala eta guztiz ere, sindikatuek ez dute amore eman. Udako hilabeteetan sinadura bilketa zabal bat egin da eta hiru hilabetetan 18.316 sinadura bildu dira, Herri Ekimen Legegilea tramitatzen hasteko behar diren gutxieneko sinadurak hirukoiztuz. Gaur bertan entregatu dituzte Nafarroako Parlamentuan.
ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek lanean jarraituko dutela iragarri dute, eztabaida politiko eta sozialean eragiten eta langileria mobilizatzen jarraitzeko konpromisoarekin. Zentzu horretan, dei egin dute datorren abenduaren 11n, 11:00etan, Nafarroako Gobernua eta Nafarroako Parlamentua lotuko dituen giza katean parte hartzeko.

