2024-05-06
HomeZerbitzu PribatuakBestelakoakNon dago ELAren iparra?

Non dago ELAren iparra?

ELAk akats historikoa egin du kudeaketa zuzeneko eskola-jangeletako hitzarmenetik kanpo geratuta; interes propioak lehenetsi ditu, langileen interesen gainetik.

Kudeaketa zuzeneko eskola-jangeletan akordio historikoa sinatu dugu aste honetan. Historikoa, 16 urteko borroka luzearen ondoren, langileok Hezkuntza Saileko sukaldarien soldatekiko ekiparazioa lortu dutelako. Ez da nolanahiko lorpena, sektore feminizatu honetan prekarietatearen kontrako borrokan eta lan eskubideen aitortzan urrats garrantzitsua dakar.

Langileen babesarekin eta gehiengoz sinatu da akordioa. Eta akats historikoa egin du ELAk, bere burua akordiotik kanpo utzita. Beste behin ere, langileen interesen gainetik interes korporatiboak nagusitu dira ELAn, eta orain ELA bera da sindikatu biok, arrazoiz, hainbestetan eskatu izan dugun gehiengo demokratikoak onartzen ez dituena, gehiengoan sinatutako hitzarmen honen aurrean oldartuz. Jokabide hori ikusita, batek pentsa lezake gehiengo demokratikoen errespetuak ELA erdian dagoenean bakarrik balio duela. Hori da ELAk aldarrikatzen duen demokrazia?

Ez dira gutxi une honetan irekita ditugun borrokak, eta horietariko askotan elkarrekin ari gara: Bizkaiko etxez etxeko laguntza, Lantegi Batuak, EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeak, Gipuzkoako komisaldegi eta epaitegietako garbiketa, Gipuzkoako zahar egoitzetako borroka (azken honetan bakoitza bere egutegiarekin), DIA supermerkatuak… baina ELAk errealitate honi balio kentzen dio, eta bere jokamoldea aintzat hartuta, badirudi patronalarekin baino, LABekin duela benetako lehia. Sindikatuen arteko batasunak kalte egiten dio ELAri kontrabotere sindikatu bakarra bailitzan, sindikaturik borrokalariena bezala bere burua proiektatzeko duen beharra asetzerakoan.

Eskola-jangeletako hitzarmenaren aferak, gainera, berriro mahai gainean jarri ditu grebaren inguruan ELAk eta LABek ditugun desberdintasunak: LABentzat greba tresna da, bitarteko bat, borrokatzen ditugun aldarrikapenak lortzeko, langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko, prekarietatea borrokatzeko. Greba eraginkorrak ditugu helburu, langileentzako kosturik txikienarekin, patronala gehien baldintzatu eta mugiaraztea posible egiten duten grebak. ELArentzat, ordea, greba bera da helburu. Helburu korporatiboak beti aurretik.

Duela egun batzuk, otsailaren 19an, LABetik gogora ekarri nahi izan genuen duela 25 urte bi sindikatuok Lan Harremanetako eta Babes Sozialeko Euskal Esparruaren alde egin genuen aldarrikapen historikoa, ekimen harekin euskal langileriari eta Euskal Herriari eginiko ekarpena. Erantzukizun ariketa bat izan zen orduko hura, garaiak eskatzen zuena, eta gaurko testuinguruak ez du gutxiago eskatzen.

Kapitalaren eta bizitzaren arteko talka gero eta bortitzagoa, ultraeskuinaren eta faxismoaren indartzea, inboluzio politiko eta sozialaren arrabotsa gero eta ozenagoa… Sindikalismo soberanistak badu zer esana eta zer egina testuinguru politiko eta sozial honetan, baina ELAk, aldaketa sozialerako ezinbestekoa den burujabetza prozesuari uko egin dio.

2017an elkarrekin adostu eta aurkeztutako konpromisoak ekarri nahi ditugu gogora. Hori da LABentzat ipar-orratza. Baina, nekez egingo dugu aurrera, ELAren iparra, langile eta herri gisa ditugun erronkei aurre egitea baino, sindikatuaren hegemonia, bere nagusitasuna mantentzen jarraitzea bada.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe

Atzo, Maiatzak 5, Bermeotik, Lekeitio, Durango eta Zeanurirarteko emergentziazko osasun asistentzia bermatzen duen Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe egon zen, Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzak duen kudeaketa txarra tarteko.

Dei egiten dugu aurtengo lehenengo hilketa matxistaren aurrean Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioetan parte hartzera

Maiatzaren 3an, 34 urteko emakumea* indarkeria zantzuekin hilda agertu zen Donibane Lohitzuneko hotel batean. 2024an Euskal Herrian izandako lehen hilketa matxista izan da eta LABetik, bat egiten dugu Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioekin eta euretan parte hartzeko deia egiten dugu.

Osakidetzako zuzendaritzak ikuztegi lanak publifikatu behar ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian LABi arrazoia eman dion epaiaren ondoren

LABek antzeman zuen Santa Marina Ospitaleko ikuzketa-lanak pribatizatuta jarraitzea nahi zuela Osakidetzak. Zuzendaritzak pribatizazioaren alde egindako apustu berri horren aurrean, sindikatuak errekurtso berezi bat jarri zuen 2023ko otsailean, eta Kontratu Errekurtsoen Administrazio Organoak onartu egin zuen. Horren aurrean, Osakidetzak EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen, eta azken horrek ontzat jo du LABek aurkeztutako errekurtsoa. Hala, zeregin horiek egiteko kanpoko enpresa bat kontratatzen jarraitzea galarazi du.