2024-12-08
HomeIrakaskuntzaGizarte ekimeneko ikastetxeakHamar greba egunen deialdia erregistratu dugu EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan

Hamar greba egunen deialdia erregistratu dugu EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan

Azken grebak amaitu eta hilabete baino gehiago igarota, patronalek langileen aldarrikapenei erantzungo dioten proposamen nahikorik aurkeztu gabe jarraitzen dute.

2017ko azaroan sindikatuoi negoziazio-mahaitik altxatu eta mobilizazio dinamika bati ekitea beste biderik ez ziguten utzi patronalek. Hamaika bilera eta ekintza ondoren lan hitzarmena berritzeko asmotan sindikatu guztiok adostasunez aurkeztutako plataforma bateratuan jasotako edukiei ez baitzieten erantzunik ematen.

Urtebete luzez mobilizazio ugari gauzatu ditugu langileok, hainbat elkarretaratze eta manifestazio, hainbat kanpaina eta ekintza, eta besteak beste langileen babes zabala izan duten 17 greba egun gauzatu ditugu 2 ikasturtetan sakabanaturik. Gure mobilizazio egutegiak langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamenak landu eta ekartzeko beta eman die patronalei, baina hauek ez dute akordiorako borondaterik erakutsi denbora honetan guztian.

Urtarrileko 8 greba egunen ostean, sindikatuok aldebiko bileretara deitu gaitu Kristau Eskola patronalak. Bilera hauetan ordea, sindikatuok negoziaketarako gure borondatea eta edukietan sakontzeko nahia argi utzi badiogu ere, proposamen eta eduki nahikorik egin gabe jarraitu du. Oraingoan ere, azken greba egunetik hilabete pasa utzi badugu ere, langileen eskaerek erantzun nahikorik izan gabe jarraitzen dute.

Eusko Jaurlaritza ere ez da gatazka honetan dagokion arduraz jokatzen ari. Langileen eskaerei erantzunak emanez egoera bideratuko luketen neurriak hartu ordez, bere burua zuritu eta gatazkaren irtenbidean benetako inplikazioa ekiditera bideratzen ari da bere ekintza guztiak, hala nola zerbitzu minimoen igoera, edota gatazka honen atzean interes ezkuturen bat dagoela esanaz eginiko inolako oinarririk gabeko adierazpenak. Bereziki larria da hezkuntza sailak gatazkaren irtenbidean daukan ardura bere gainetik kentzeko asmoz, gatazka lan saileko bitartekaritza batetara bideratzeko egiten ari den saikera.

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok eta langileok familien kezka eta ardura ulertzen dugu, eta geu ere erabat arduratuta gaude egoera honekin. Arduragabekeria hutsa iruditzen zaigu langileak 17 greba egun egitera behartu ondoren, patronalek gure eskaerei erantzun dezenterik eman gabe jarraitzea eta Hezkuntza sailaren aldetik gatazkari irtenbidea emateko beharrezko inplikaziorik ere ez egotea. Sindikatuok akordioetara iristeko borondatea daukagu, eta orain arte bezala prest gaude benetako negoziazio bati ekiteko, ez ordea edukirik gabeko bilera kate batera itzultzeko edo zilegiak eta neurtuak diren oinarrizko eskaerei uko egiteko.

Hau horrela izanik, jadanik publiko egindako 10 greba egunekin aurrera jarraitu beste biderik ez digute uzten (martxoak 12-15 bitarte; apirilak 1-4 bitarte; eta maiatzak 8-9 bitarte)

ELA, STEILAS,CCOO,LAB eta UGT sindikatuok bai patronalei eta bai Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu bakoitzak dagokion ardura eta erantzunkizuna bere gain hartu eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela, langileen aldarrikapenei tajuzko erantzunak emanez eta akordioetara erdiestea ahalbideratuko duten planteamenduak eginez.

Hitzarmen berri baterako aldarrikapen nagusiak

Enplegua:

-Akordio bat, enpleguari eusteko eta gelak balizko ixtearen eraginpeko pertsonala birkokatzeko.

Soldatak:

-Eroste-ahalmena berreskuratzea.
-1-DBHko eta 2-DBHko irakasleen soldatak parekatzea.

Lanaldia eta lan-kargak:

-Irakasleen kasuan, ordu osagarriak erreserbatzea eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein urtean dedikazio ez presentzialeko 70 orduren aitortza.
-Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonalarentzat, lanaldia murriztea.
-Lanbide Heziketan lanaldiaren banaketa irregularra adostea.

Bereziki prekarizatuen eta feminizatuen dauden kidegoen lan-baldintzak hobetzea:

-Hezkuntza-laguntzako espezialistak: haien lana hezkuntza-izaerakotzat hartzea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein lanaldia modu erregularrean banatzea irailaren 1etik ekainaren 30era arte
-Haur-hezkuntzako lehen zikloko pertsonala: haien lana hezkuntza-izaerakotzat hartzea, lanaldia murriztea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatu izana, eta alerta gorriak eskatzen dituen neurriak hartzeko determinazioa exijitzen du

Pasa den azaroaren 22an LAB sindikatuak jakinarazi zuen zenbatu gabeko beste bost langileren heriotzak gehitu behar zitzaizkiola 2024an lanean edo laneko bidean hildako nafarren...

Abenduaren 6an ez daukagu ezer ospatzeko

Abenduaren 6a jai egun inposatua da Hego Euskal Herrian, Espainiako Konstituzioaren urteurrena dela eta. Ez ospatzetik harago, Euskal Errepublikaren aldeko konpromisoan berresteko eguna da LABentzat. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako gure egoitzak zabalik egongo dira, ostiraletako ohiko ordutegian, 9:00etatik 14:00etara.

Langile baten kaleratze bidegabea eragin duen zigor-politika ari da aplikatzen PEPSICO

Enpresa batzordea Etxebarri-Ibiñako lantegiaren aurrean mobilizatu da, eta argi eta garbi esan du PEPSICOn ez dagoela inor soberan eta kaleratzea guztiz bidegabea dela. Horrez gain, kaleratutako lankidea lanera bueltatzea eskatu du.