2024-05-02
HomeIrakaskuntzaIkastolakIkastola guztietan lan hitzarmen duinak izateko bidean, EAEn berriki sinaturikoa ontzat jo...

Ikastola guztietan lan hitzarmen duinak izateko bidean, EAEn berriki sinaturikoa ontzat jo dugu, baina Nafarroako blokeoa salatu dugu

Lan eta negoziazio luzearen ostean, abenduaren 4an, Euskal Herriko Ikastoletan gehiengoa dugun LAB sindikatuaren eskutik, EAEko Ikastolen Elkartearekin eta Eusko Ikastola Batzarekin Lan Hitzarmena berritzeko akordioa sinatu genuen. Nafarroan, ordea, 2007tik ez da hitzarmen berririk sinatu eta negoziazioak blokeaturik daude.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastolen negoziazioa abiatu zenean, LABek ikastoletako kolektibo prekarizatuenetan hobekuntzak jasotzea zuen helburu. Gure ustez berriki sinatutako akordioan, hobekuntza nabariak daude 0-3 zikloko langileentzat, zerbitzuetako langileentzat eta baita hezkuntza laguntza espezialistentzat ere.

Irakasleen lan karga arintzeari dagokionez, aurrerapauso garrantzitsua dago ere, ordezkapenak lehenengo egunetik bermatzeko urrats handia eman delako lurralde eremu horretako ikastoletan. Ezin aipatu gabe utzi akordioan jasotzen den soldata igoera EAEko ikastoletako lan-kategoria guztietan (zeinaren bitartez behingoz, 2009ko lansari taulen gainetik kokatuko garen), edota DBHko 1. zikloko soldaten homologazioa 2. ziklokoekiko.

Negoziazioan zehar, EAEko ikastolen elkarteak, lan-sari taula berriak sinatzeko enplazamendua egin digu, baina holakoetan gure erantzuna berbera izan da: taulak sinatuko ditugu bai, baina edukiz beteriko Lan Hitzarmen berri baten aterkipean. EAEko ikastolek premisa hori onartu zuten, eta horregatik sinatu dugun akordioan jasota dauden eduki guztiak, zazpi hilabeteren buruan Lan Hitzarmen berri batean txertatuko dira.

LABeko delegatu, kide eta langileekin kontrastatu eta babes zabala jaso ondoren, LABek, beste behin ere, akordioak erdiesteko eta borrokarako dugun gaitasuna erakutsi du. Aurretik beste kolektiboetan egin genuen bezala, oraingoan ere EAEko ikastoletan akordioa lortu dugu. Akordioa posible izan da, ikastolak mahaian eduki oso esanguratsuak jartzera bultzatu ditugulako, eta beraiek administrazioak jarritako baldintza eskasetatik haratago joateko borondatea eduki dutelako. LABentzat edukiak dira akordiorako oinarria edozein negoziazio mahaitan.

Horregatik ozenki esan nahi dugu LABen pozik gaudela, EAEko ikastoletako negoziazio mahaiak bere fruituak eman dituelako, prozesu honetan guztian zehar Eusko Jaurlaritzak bere etxerako lanak egin ez dituen arren. Horregatik argi utzi nahi dugu, aurrerantzean ere ikastoletako langileak aurrean edukiko gaituela.

Nafarroako blokeoa
Baina era berean esan behar dugu LABen haserre gaudela Nafarroako ikastoletan NIE Nafarroako Ikastolen Elkarteak negoziazioa blokeatuta duelako. Gaurkoan, Hego Euskal Herriko ikastoletako LABeko sei ordezkari gaude hemen, gu gara EHIrekin negoziazioetan ibiltzen garenak, eta Nafarroako Ikastoletan bizi dugun egoeraren aurrean gure kezka larria erakutsi nahi dugu.

Nafarroan azken Lan Hitzarmena 2007an sinatu zen eta 2010etik luzatuta dago. Harrezkeroztik murrizketa gogorrak egon dira eta oraindik ez dira berreskuratu garai hartako soldatak.

EHI Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen jarrera oso ezberdina izaten ari da EAEko zein Nafarroako ikastoletan:

• Nafarroako kasuan jada hiru urte bete ditugu negoziazioan murgilduta akordioa lortu gabe.
• EAEko ikastoletan momentu oro ulertu da soldata taulak sinatzea Lan Hitzarmenarekin batera egin behar zela, eta horren arabera gauzatu da negoziazioa.
• EAEn Eusko Jaurlaritzak 2018ko soldata igoera aplikatu baino lehen, ikastoletan jada langile guztiei aplikatu zitzaien. Nafarroan, igoera urritik onartuta egon arren, San Fermin, Paz de Ziganda, Zangoza eta Argia ikastoletan momentuz ez dozenteek eta irakasle ez itunduek ez dute atzerapenik jaso, langileen artean desberdintasunak eta haserrea sortuz.
• EAEko ikastolek hartu-eman ugari eduki dute administrazioarekin langileen lan baldintzen hobekuntzak finkatzeko. Nafarroako ikastolek antzeko biderik jorratu ote duten berririk ez daukagu.
• Nafarroako ikastoletako negoziazio mahaian puntu asko adostu baditugu ere, blokeoa EAEko ikastoletan inongo arazorik sortu ez duen puntu batekin zerikusia dauka. Nafarroako ikastolek langileen soldaten gorabeherak langileekin negoziatu beharrean, administrazioaren esku utzi nahi dituzte, erabakigunea kanpoan jarriz. EAEko ikastoletako mahaian aldiz, argi egon da momentu oro, soldaten gorabeherak langileen ordezkariekin adostu behar direla, eta horrek ez duela inondik inora ere kolokan jartzen ikastolen bideragarritasuna. Nafarroan ere, ikastoletako langileak garen neurrian, gure soldatak eta baldintzak NIErekin adostu behar ditugu langileen ardura berea delako. NIEk administrazioaren aldetik finantzatutako soldatetan balizko murrizketa baten aurrean, automatikoki aplikatu nahi dute horretarako azken PPren lan erreformak emandako aukera probestuz. LABek aldiz, halako egoera baten aurrean, non eta ikastoletan, egoera langileekin adostu behar dela ezinbestez defendatzen du. EAEn ez zen egon inongo arazorik planteamendu sindikal orokor hau onartzeko.

Horregatik LABekook galdera hauek bideratu nahi dizkiogu EHIri eta NIEri bereziki:

• Euskal Herriko Ikastolen Elkartea berbera izanik, zergatik horren jarrera desberdina EAEn eta Nafarroan?
• Zergatik NIEk ez du administrazioa interpelatzen EAEko ikastolek egiten duten bezala?
• EAEko ikastoletako negoziazio mahaian inongo arazorik sortu ez duen puntuak, zergatik dauka Nafarroan Lan Hitzarmenaren negoziazioa guztiz blokeatuta?
• Erabakitzeko ahalmena Nafarroako Ikastoletan jarraitzea nahi badugu, zergatik utzi nahi dute soldaten afera automatikoki administrazioaren finantziazioaren gorabeheren menpe, langileekin adostu gabe, Nafarroako beste itunpeko patronalek egiten duten bezala?
• Gure ustez honen guztiaren erantzuna bakarra da. EHIren ausardia eta borondate falta Nafarroako ikastolei begira. Beraz NIEri argi esan nahi diogu jarrera aldatu behar duela, negoziazioa desblokeatzea eta akordioa erdiestea bere esku dagoela. Adibide garbia dauka EAEko ikastoletan. LAB bere akordioa lortzearren hasierako planteamenduetatik dezente mugitu da malgutasuna erakutsiz, eta proposamen ugari jarri du mahai gainean egoera desblokeatzeko desio dugun akordioa lortu gabe.

Adostasuna lortu ezean, hemendik ikasturte amaierara langileei mobilizazio plangintza proposatuko diegu. Ez dugu baztertzen lanuzteak eta greba deialdiak egoera ez bada desblokeatzen. Bederatzi urte daramagu Lan Hitzarmena berritu gabe eta langileen artean sortu diren soldata diferentziekin bukatu behar dugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Patronalaren lawfarea salatzen dugu: espainiar poliziak Oscar Reina atxilotu du Iruñean, 2015eko adierazpen batzuengatik enpresa batek Sevillan jarritako salaketa baten epaiketaren data jakinarazteko

Maiatzaren Lehenaren karietara LABek Iruñean antolaturiko manifestazio eta ekitaldi nazionalean parte hartu eta hurrengo egunean, espainiar poliziako agenteak SAT sindikatu andaluziarraren bozeramaile Oscar Reinak ostatu hartu duen Iruñeko hotelean agertu dira eta atxilotuta eraman dute.
00:04:13

Sindikalismotik askapen nazionala eta soziala sustatzera goaz

Krisi ekosozialak alternatiba baduela berretsi eta enpleguaren, zaintzaren eta ondasunaren banaketaren alde egiteko garaia da, eta hala azpimarratu dugu gaur Anaitasunan, aldarrikapenerako ez ezik ospakizunerako ere tartea utzi duen Maiatzaren Lehen honetan.
00:02:19

Bazterketa sindikala gaindituta, aberastasunaren banaketa aldarrikatu du LABek Baionan

Urte luzez pairatutako bazterketa sindikala gaindituta, intersindikalarekin batera pankartan izan da LAB gaur Baionan, Maiatzaren Lehenean.