2024-05-03
HomeEkintza SozialaLangabeziak gora egin du urtarrilean eta 154.329 pertsonetan kokatzen da Hego Euskal...

Langabeziak gora egin du urtarrilean eta 154.329 pertsonetan kokatzen da Hego Euskal Herrian

PSOEren gobernuak konpromisoa hartu du epe laburrean langabeziaren aurreko babes esparru berri bat garatzeko, indarrean dauden diru-laguntzen sakabanaketa ordezkatuko duena. Baina laguntzen berregituratze eta bateratze batek, bere horretan, ez du langabeziaren aurreko babesa hobetuko ezinbestean, estaldura eta zenbatekoek modu esanguratsuan gora egiten ez duten bitartean.

Enplegu zerbitzu publikoetan erregistratutako langabeziak 1.813 pertsonetan egin zuen gora urtarrilean aurreko hilabetearekiko. Honekin, 154.329 langabetutakoa da Hego Euskal Herriko kopuru ofiziala.

Honen berehalako arrazoia gabonetako kanpainaren amaiera eta bere ondorioak dira, nagusiki, merkataritza eta ostalaritzan. Baina sakonean jatorrian dagoena sortu den enpleguaren zati handi baten kalitatea txarrean dago:, baldintza koiunturalei lotutako enplegua, prekarioa, gaizki ordaindu eta egonkortasunik gabea.

Hori dela, langabeziaren bilakaerak urtarrilean ondorio bereziki negatiboak izan ditu zerbitzu sektorean eta emakumeen artean. Izan ere, emakumezko 2.974 langabetu gehiagorekin amaitu da hilabetea (%3,5 gehiago), eta gizonezko langabetuen kopuruak behera egin du 1.161 pertsonetan, abenduarekin alderatuta.

Bestalde, garrantzitsua da ohartaraztea langabezian dagoen pertsona bakoitzeko beste bi daudela enplegu zerbitzu publikoetan izena emanda. Zalantza barik, egun dagoen enpleguaren baldintza eta soldata txarrak daude enplegu hobea bilatzeko izena ematen duten okupatuen kopuruaren igoeraren atzean.

Kontratazioari dagokionez, sinatu ziren 10 kontratutatik 9 aldi baterakoak izan ziren. Honek azaltzen du gurean ematen den aldi-baterakotasun tasa, %26an kokatzen dela, Europar Batasuneko handienen artean egotea, Polonia honezkero gaindituta (%23,8), Espainiako estatua baino ez du aurretik (%26,9).

Langabeziagatiko babes sistemari dagokionez, salatu beharra dugu bere estaldura maila apala. Egun, ofizialki langabetuak direnen %30,8ak baino ez du langabeziagatiko prestazioren bat jasotzen, honek dakarrena da arretarik gabe uztea langabezian dauden ia 105.000 pertsona.

Gainera, onuradunen %38ak prestazio asistentzialen bat jasotzen du, batazbestean, hilean 430 eurotara iristen ez dena.

Eta emakumeek jasotzen duten prestazio kontributiboaren zenbatekoa gizonek jasotzen dutenean baino apalagoa izaten da, batazbeste %15 gutxiago kobratzen baitute (SEPEk emandako azken datua, 2018ko abenduari dagokiona Estatu mailan).
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.