2024-05-07
HomeZerbitzu PribatuakElikagaigintzaNafarroako landa eremuen etorkizunerako funtsezkoa da lan eskubideen onarpena eta horien finkatzea

Nafarroako landa eremuen etorkizunerako funtsezkoa da lan eskubideen onarpena eta horien finkatzea

Gaurko egunean, LAB sindikatuak bi bilera egin ditu Iruñean Nafarroako landa eremuko enpleguaren egoera aztertzeko. Lehenbizikoa EHNE sindikatuarekin izan da, gure egoitzan, eta bigarrena UAGN elkarte profesionalarekin, haien egoitzan.

Bigarren bilerak balio izan du LABen eta UAGNren arteko harremanak normalizatzeko, hemendik aurrera interlokuzio normala izateko. LABek UAGNri esplikatu dio sektorearen inguruan egiten duen hausnarketa eta etorkizunera begira dituen proposamenak eta alternatibak. 

UAGNeko ordezkariekin, bileran.

Bileran argi gelditu da LAB eta UAGN ados daudela gauza batzuetan, eta bertze batzuetan, ez. Baina biok argi dugu hitzarmenaren markoa dela hitz egiteko markoa.

EHNErekin adostu dugun oharrean islatzen da, nolabait, UAGNrekin izandako bileran egindako hausnarketa. Hauxe da, hain zuzen ere, EHNErekin adostutako oharra:

Gaur, 2019ko urtarrilak 24 dituen honetan, LAB eta EHNE sindikatuak, azken sindikatu horren egoitzan elkartu dira, Huerta de Peralta enpresako langileek burutu duten borroka ezagutzeko eta iritziak partekatzeko, zeinek 28 egunetako greba mugagabea egin ondoren, joan den asteartean, hilak 22, enpresarekin itundun duten. Nafarroako landa-eremuen egoeraz ere solastatu gara. Aipatu bileran parte hartu dute, LAB sindikatua ordezkatuz, Rosalia Bonak (San Adrian eskualdeko arduraduna), Saul Arangibelek (Zerbitzu Pribatuetako Federazioaren nazio arduraduna) eta Imanol Karrerak (LABen Nafarroako arduraduna). EHNE sindikatua ordezkatuz parte hartu dute Imanol Iberok (EHNEren presidentea), Aritz Cunchillosek (Idazkari nagusia) eta Marimar Ansorenak (lan aholkularitzaz arduratzen den teknikaria).

Huerta de Peralta enpresako langileen borrokak agerian utzi du Nafarroako landetan dagoen prekaritatearen errealitatea. Errealitate horrek interpelatzen ditu Nafarroako gizartea, haren erakundeak eta gizarte eragileak, langile guztien bizitza eta lan baldintza duinei ekinez, haiek berma daitezen.

Huerta de Peralta enpresak eta haren langileek lotu duten ituna ikusita, uste dugu, horren bidez aukera berria daukagula gure Nafarroako landa-eremuan suertatu ohi diren prekaritate egoerei ekiteko. Horregatik langileak nahiz enplegatzaileak deitzen ditugu harreman egonkorreko esparruak sor ditzaten, Nafarroako landetatik laneko esplotazioa erauziko duten harreman egonkorreko esparruak sor daitezen, horrela, aurrera egin ahal izan dezagun guztion lan eskubideen onarpenean.

Badakigu lehen sektorearen egoera ekonomikoa ez dagoela aparraldian, baina errealitate hori ez daiteke, inolaz ere, arrazoitzat har, nekazariek eta abeltzainek errenta duinak lor ditzaten eskulan prekarioaz baliatuta. Duintasunak elikagaiak etxeetaraino iristea ahalbidetzen dituen katebegi bakoitzean egon behar du.

Nafar nekazari askok betetzen dute hitzarmena eta errespetatzen dituzte lan eskubideak. Horixe da landa-eremuaren eta haren inguruan garatzen diren herrien aurrerapenari egin diezaiokegun ekarpenik hoberena. Baita “Huerta Navarra” markari ere, kalitateko eta nazioartean ospe handiko produktuen markari; kalitate eta ospe horri erantsi behar zaizkio hura ekoizten duten langileen lan baldintza duinak.

Baina langileak baldintza kaskarretan dauzkaten horiek, sektoreko hitzarmena ezartzen ez dituzten horiek, edota kontratazio zuzena egiten ez duten horiek, sektore osoarekin leialtasunik gabe lehiatzen dira. Poliki-poliki eta guztion ahaleginaz, hobetzearren, aldatu behar dugun landa eta abere-sektorearen garapen onari eta irudiari egiten zaie kalte.

LABek eta EHNEk funtsezkoa deritzogu Nafarroako erakundeek, sindikatuen eta gizarte eragileen ekarpenarekin, aurre egiteari konpondu gabeko kontu honi. Nafarroak, haren nekazariek eta langileriak merezi dute.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bi greba egun deitu ditugu Nafarroako ANFAS-en, hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko

Greba egingo dute maiatzaren 8an eta 11n, zuzendaritzari soldata igoerak eta erosahalmena berreskuratzea eskatzeko, besteak beste. Nafarroako Gobernuaren inplikazioa eskatzen dute lan baldintzak hobetzeko, azken 4 urteetan Gobernuak ANFASi bere aurrekontuaren bi heren dirulaguntzetan eman arren, lan baldintzak ez direlako hobetu.

Munduko Federazio Sindikalaren Herrien Koordinadorak garai berri bat hasi du

Maiatzaren 2an, arratsaldez, Munduko Federazio Sindikalaren Herrien koordinadorak bilera egin zuen. Sindikatu berriei ongi etorria emateaz gain, fase berri baten hasiera ekarri du bilera horrek, MFS-an afiliatutako estaturik gabeko nazioetako sindikatuen presentzia eta indarra gero eta handiagoa delako.

Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe

Atzo, Maiatzak 5, Bermeotik, Lekeitio, Durango eta Zeanurirarteko emergentziazko osasun asistentzia bermatzen duen Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe egon zen, Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzak duen kudeaketa txarra tarteko.