2026-10-29
HomeEkintza SindikalaEusko Jaurlaritzak bizkarra eman dio gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 langilek babestutako...

Eusko Jaurlaritzak bizkarra eman dio gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 langilek babestutako aldarrikapenari

Bihar, urriaren 22an, Confebaskekin kontziliazio saiakera egingo dugu Bilbon, LHK Lan Harremanen Kontseiluan. Confebaskek eta Eusko Jaurlaritzak uko egin diote Jaurlaritzak kontziliazioan parte hartzeari.

Euskal Jaurlaritzak bide guztiak itxi nahi dizkio hemen gutxieneko soldata propio bat ezartzeari. Ezezko bikoitza eman dio euskal langileen bizi baldintzak duintzea lekarkeen aldarriari: batetik, bihar patronalarekin izango dugun kontziliazio saiakeran bitartekari lanak egiteari ezezkoa; bestetik, 138.495 sinadurek babestutako Herri Ekimen Legegilearen tramitazioari ezezkoa. Eusko Jaurlaritzak hilabete eskasean uko egin die ia 300.000 langilek euren sinaduren bidez eskatutakoari, pentsiodunen herri ekimen legegilea atzera botaz, lehenik, eta gutxieneko soldata propioarena, ondoren. 

HELak, ikuspegi teknikotik, ez du aitzakiarik, eta, beraz, gobernuaren txostenak eztabaida Legebiltzarrera eramateari bide eman beharko lioke. Hala ere, Pradalesen gobernuak, jarrera antidemokratiko argian, argudio politikoak baliatu ditu eztabaidari ateak ixteko. 

Erabateko hipokrisia da Eusko Alderdi Jeltzalearena: gutxieneko soldata propioa eskuratu ahal izateko estatuko lege bat aldatzea gutxiesten du Autonomia Estatutuan jaso beharko litzatekeela argudiatuz, 40 urtez Autonomia Estatutuan gutxieneko soldata propioaren eskumena bere gain hartzeko inolako borondaterik azaldu ez duenean. Afera hau esklusiboki negoziazio kolektibora bideratzea euskal langileria estatuko gutxieneko soldataren menpe uztea da. Jaurlaritzak ondo daki Confebask ez dagoela prest euskal langileriak behar duen gutxieneko soldata negoziatzeko, eta ontzat ematen ari da bere jarrera; ez du ezertxo ere egin patronala presionatzeko.

Estatusaren eztabaidarekin lotu du EAJk gutxieneko soldata propioaren gaia. Gezurretan ari da. Estatusaren gaiaz hitz egiteko bilera eskatu dio LABek, eta ezezkoa eman dio, gai sindikalek eztabaida horretan espaziorik ez dutela argudiatuz. Beste alderdiekin ez dugu eragozpenik aldebiko bileretan gai honi buruz ere hitz egiteko. Ondorioz, legebiltzarrean zein estatusaren eztabaidan sindikatuoi, langileoi, ahotsa kendu nahi digu EAJk. 

Euskal Herriko langileriak gutxieneko soldata propioa behar du. Soldata arrakalei aurre egiteko bide garrantzitsua delako, aberastasuna modu egokiago batean banatzeko, prekaritateari mugak jartzeko eta pobrezia murrizteko. Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa behar dugu. Horretarako lantzen ari garen bi bideak oztopatu nahi dizkigute patronalak eta Jaurlaritzak, eta EAJ-Confebask binomioak bere horretan jarraitzen duela ikustea ez da berri ona euskal langileriarentzat. Gutxieneko soldata propioaren aldeko borrokan mobilizazioak indartzeko garaia da. Lantokian eta kalean lan horretan jarraituko du LABek. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....

Gipuzkoako esku-hartze sozialean negoziazioari bide eman behar zaiola aldarrikatzeko atera gara kalera

Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko langileek beren aldarrikapenak barnebilduko dituen hitzarmena aldarrikatzeko manifestazioa egin dute Donostian. 10 hilabete pasa dira negoziatzen hasi zirenetik, eta Hedatzen patronalak negoziazioa blokeaturik dauka.

Bizkaiko metalgintzako mahaian FVEMek atea itxi dio plataforma bateratuari, eta eskubide murrizketei eusten die

Patronalak sindikatuek planteatutako hobekuntza guztiak baztertu ditu, eta otsaileko proposamenean jasotako atzerapausoek bere horretan segitzen dute. LABen ustez, plataforma bateratua aurkezteko eskakizuna negoziazioa blokeatzen jarraitzeko aitzakia izan da.