2026-10-27
HomeEkintza SindikalaEusko Jaurlaritzak bere langile publikoen baldintzak Madrilen menpe mantentzen ditu

Eusko Jaurlaritzak bere langile publikoen baldintzak Madrilen menpe mantentzen ditu

Gaur EAEko Funtzio Publikoaren Mahai Orokorraren bilera egin da Lakuan. LABen iritziz Jaurlaritzak erakutsitako jarrerak ohiko hiru ezaugarriak mantentzen ditu: negoziazio kolektiboari uko eta inposizioa; autogobernuaren aukerak baztertu eta Madrilekiko menpekotasuna; eta Pradales lehendakariaren aurreko gobernuekiko jarraikortasuna.

Jaurlaritzak sindikatuoi aurkeztutako testuari hobekuntza proposamenak idatziz aurkeztu zizkion LABek, eta gaur eremuz eremu aletu dugu: Merkantilizaturiko zaintza langileei begirako neurriak; Mahai orokorraren menpeko langile publiko guztientzakoak; Hezkuntza; Osakidetza; Jaurlaritza; Lanbide; Justizia; EITB; Enpresa publikoak; eta pribatizaturiko zerbitzu publikoetako langileei zuzendurikoak. 

Eremu bakoitzaren lehentasunak azpimarratu ditugu, horietarako diru-partida eta finantzazioa eskatuz: lan-hitzarmenetarako beharrezkoa den finantzazioak; ratioak jaisteko inbertsioa; euskalduntzeko baliabideak eta planak; azken urteetako %20ko erosahalmenaren galeraren aurrean soldata igoerak; lanaldia 30 ordutara murrizteko finantzazioa; gazteberritze planak; behin-behinekotasuna murriztu eta lanpostuak egonkortzeko inbertsioa zein lanpostuak estrukturalizatzeko eta sortzekoa; lan osasunerako neurriak; eta pribatizaturiko eremuak publifikatzeko prozesuak eta horren bidean langileen soldatak langile publikoekin ekiparatzeko eta homologatzeko finantzatzioa…

Jaurlaritzak zerbitzu eta enplegu publikoaren egoeraren ikuspegia idilikoa aurkeztu du eta ez negoziatzeko jarrera. LABen proposamen guztiak baztertu egin ditu.

Aurten ere autogobernuari muzin eginez argi esan du Madrilen irizpideen zain dagoela, eta ez du proposamenik ere egin. LABetik adierazi dugu estatu espainiarretik jarritako muga horiek osagarrien bidez gaindi daitezkeela hezkuntza publikoan sinaturiko lan-hitzarmen guztietan gure sindikatuak lortu duen bezalaxe. Alabaina, funtzio publikoak langile publiko guztioi zabaltzeko aukerari uko egin dio. Borondate kontua dela argi dago, eta borondatea soilik borrokaren bidez aldatu daitekeela argi gelditu da.

LAB oraingoan ere mobilizatu da aurrekontuetan kalitatezko enplegu publikoaren eta lan baldintzen alde eragiteko asmoz. Izan ere, norabide horretan lorpenak nahi baditugu, askotan frogatu den eta gaur argi gelditu den bezala, borroka delako bide bakarra. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Frantses Kanonaren aurka herri harresia osatzera dei egiten dugu

Eskuin muturreko Canon Français edo Frantses Kanona taldeak antolatutako otordua egitekoa da Miarritzeko Irati aretoan azaroaren 28an. Bada, hainbat eragilerekin batera, hitzordu horri aurka egin eta herri harresia sortzeko deia luzatzen diegu langileei LAB sindikatutik.

Euskara, baliabideak, segregazioa eta digitalizazioa dira hezkuntza arloko lehentasunak LABentzat

Sindikatuak gaur Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egindako agerraldian adierazi duenez, PISA txostena erreferentziatzat hartzen ez duen arren, datuak kezkagarriak dira. Emaitzetan eragina izan duten faktoreen artean lau dira premiaz jorratu beharrekoak: euskararen ezagutza eta erabilera indartzea, ikastetxeetako baliabideak bermatzea, segregazioari aurre egitea eta digitalizazio-eredua berrikustea.

Gipuzkoako Moeve gasolindegietako greba bertan behera utzi du enpresa batzordeak

Gipuzkoako Moeve gasolindegietako Enpresa Batzordeak urriaren 27tik abenduaren 23ra iragarrita dituen greba egunak bertan behera uztea erabaki du. LAB eta ELA sindikatuek osatzen dute Enpresa Batzordea eta ahobatezko erabakia izan da greba egunak bertan behera uztea. Iragarpen horren arrazoia bat eta bakarra da: konpainiak, CCOO sindikatua baliatuta, edozein negoziazio aukera zapuztu du hauteskunde sindikalak egiteko aurreabisua Lan Delegaritzan erregistratu baitu.