2025-12-05
HomeUncategorizedLABek eskatu du Parlamentuan jauzi kualitatiboa Foru Hobekuntzan, Nafarroan lan eta bizitza...

LABek eskatu du Parlamentuan jauzi kualitatiboa Foru Hobekuntzan, Nafarroan lan eta bizitza duinak bermatzeko

Imanol Karrerak, LAB Nafarroako bozeramaileak, Foru Hobekuntza eguneratzeko, errealitate sozialera eta XXI. Mendeko Nafarroako herritarren sentipenera egokitzeko azterketa ponentzian parte hartu du gaur goizean Nafarroako Parlamentuan. Bere hitzaldian, “eguneratze formal hutsetik harago jauzi kualitatibo bat ematea ahalbidetuko duen eztabaida baten beharra” azpimarratu du, “Nafarroako herritarrentzat lan eta bizitza duin bat bermatzeko helburuarekin”. Foruaren Hobekuntza berri hau, LABen arabera, Nafarroako herritarrek berretsi behar dute.

“LABek sustrai sakonak ditu Nafarroan, eta gertutik jarraitu du bere garapen politiko eta instituzionala azken hamarkadetan”, adierazi du Karrerak bere hitzaldian. Foruaren Hobekuntzaren 40. urteurrenean, LABek Altxa gaitezen! 40 urteren ondoren, egin dezagun posible! Adierazpena aurkeztu zuen. Sindikatuaren ustez, lau hamarkada horien osteko balantzea defizitarioa da, ez bakarrik demokratizazioari dagokionez, baita bizi eta lan baldintzei dagokienez ere.

LABen hitzetan, “ezin da autogobernuaz hitz egin autogobernuaren maila erabat mugatua bada eta Estatuaren kontrolpean jarraitzen duten lan- eta gizarte-gaietan eskumen osorik ez badago”. Enplegu-politikaren arloan Nafarroak ezin duela bere behar sozioekonomikoekin bat datorren gutxieneko soldata propiorik ezarri edo lanaldia arautu salatu dute. Era berean, ezin da gutxieneko pentsio bat definitu pentsiodunek eskatzen duten moduan. Erkidegoak zenbait eskumen fiskal baditu ere, sindikatuak kritikatu du ez direla baliatzen politika progresiboak eta birbanatzaileak ezartzeko, eta BEZa bezalako zeharkako zergetan erabateko subiranotasunik ez dagoela deitoratu du, zerga horiek Estatuaren eskumenekoak baitira oraindik.

Hobekuntzaren egiturazko defizit horri, gehitzen zaio LABen arabera transferentzia-prozesuaren agortzea, Estatuak ezarritako lan-erreformak, negoziazio kolektiboaren estatalizazioa, Konstituzio Auzitegiak Nafarroako lege ugari aurkaratzea, oinarrizko legeak ezartzea eta Espainiako Konstituzioaren 135. artikulua aldatzea.

“Etorkizunari anbizioz begiratzeko,” LABek dio, “autokonplazentziatik haratago joan behar da eta errealitate eskas hori gainditu behar da”. Zentzu horretan, sindikatuak Foruaren Hobekuntzaren eguneratzean aurrera egitea bilatzen duten proposamen batzuk aurkeztu ditu, “berrikuspen huts batera mugatu gabe”. Prozesu horrek, diotenez, “jauzi kualitatiboa izan behar du, eskualdeko bizi- eta lan-baldintzak hobetuko dituena”.

Sindikatuak Nafarroako lurralde osoan euskararen ofizialtasuna ezinbesteko aldarrikapentzat jo du. Azpimarratu duenez, “ezin da Nafarroa ulertu euskararik gabe”, eta salatu du ulertezina dela demokratikoki eta giza eskubideen ikuspegitik hizkuntza hori baztertzeko diskurtsoak eta dekretuak egitea, hura defendatu eta haren eskubideak zabaldu beharrean. LABen arabera, “Nafarroa eta bere gizartea kohesio eta berdintasun printzipioetan oinarrituta egon behar dira, eta printzipio horiek hizkuntza arloan ere aplikatu behar dira, lurraldea zonaldetan zatitzea saihesteko eta herritar guztientzako eskubide berdintasuna bermatzeko”. Ildo horretan, sindikatuak gogorarazi du euskara berezko hizkuntza gisa onartzen bada eta Europaren aurrean ofizialtasuna eskatu bada, Foru Hobekuntzak “berezko izaera hori jaso behar duela, hau da, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan”.

Auzi demokratikoari dagokionez, LABek eskatzen du nafarrek beraiek erabaki dezatela libreki haien etorkizuna, gogoraraziz duela 40 urte ez zela inolako eztabaidarik edo erreferendumik izan Hobekuntza onartzeko, eta proposamen baztertzaile baten ondorioz Espainiako Konstituzioaren menpe dagoen Estatutu Autonomikotzat jotzen dute. “Defizit demokratiko objektiboa eta egiaztatua da, eta Foruaren eguneraketzeak hori zuzendu behar du”, diote.

Halaber, sindikatuak azpimarratu du beharrezkoa dela Nafarroak eskumen osoak izatea bere politika soziolaboralak eta babes sozialeko sistema erabakitzeko, eta lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propio bat sortzea defendatu du, lan kode eta gizarte segurantza propioarekin. Adierazi dutenez, “40 urtek erakutsi dute lan-harremanen estatalizazioak eskubideak galtzea dakarrela; eta berezko hitzarmenak eta lege propioak, berriz, Nafarroako langileen alde egiten dute”.

LABek eremu instituzionaletan sindikatuen parte-hartze plurala eta eraginkorra bermatzea eskatzen du, Nafarroako ehun ekonomikoaren beharrei eta eskualdeko langileen interesei erantzungo diena. Sindikatuak salatu du patronalak (CENen ordezkatua) eta UGT eta CCOO sindikatuak (gaur egun ordezkaritza sindikalaren %50 baino gutxiago biltzen dute) “ordezkaritza sindikala eta Elkarrizketa Soziala usurpatu izana” eta arbuiatu ditu “monopolioa eta ordezkaritza alboratua, parte-hartzearen eredu baztertzailea iraunarazten dutelarik.” Ildo horretan, azaldu dute, “onartezinak dira iraganeko garaietara eramaten eta interes politiko eta korporatiboak lehenesten dituzten planteamenduak, Estatuaren eredua eta harreman sozio-laboralen esparrua eusten dituztenak”.

Amaitzeko, sindikatuak eztabaida prozesu “zabal eta mugagabea” abiatzeko deia egin du, Nafarroako eredu sozial, ekonomiko eta instituzionalari eta Erkidegoak Espainiako Estatuarekin eta gainerako euskal lurraldeekin izan nahi dituen harremanei buruz hitz egiteko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Zipreko PEO zentral sindikalaren kongresuan parte hartu du LABek

Zipreren batasunaren eta autodeterminazioaren aldarrikapenarekin bat egin du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, Munduko Federazio Sindikaleko kide den zentral sindikalaren kongresuan. Horrez gain, sindikatuak...

Enplegu Publikoaren Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramateko asmoak euskararen aurkako oldarraldi judiziala larriagotuko du

Euskal jendartearen eta langile publiko gehienen iritziaren aurka, euskara gazteleraren maila berean kokatzea debekatu lezake ebazpenak, eta euskara bigarren mailako egoera subsidiariotik atera ahal...

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...