2026-09-13
HomeEkintza SindikalaJuaristi eta Aitek-eko langileek egoera jasanezina salatu dute

Juaristi eta Aitek-eko langileek egoera jasanezina salatu dute

Juaristi eta Aitek enpresetako langileek azken urtean jasaten ari diren egoera jasanezina salatu dute gaur goizean egindako agerraldian. Zuzendaritzaren aldetik proposamen zehatzik eta plan bideragarri argirik ez izateak eta ordainketetan eta informazioan agertzen diren desberdintasunek, lanpostuen etorkizuna eta langileen duintasuna arriskuan jarri dituzte.

Langileek azpimarratu dute egoera honen aurrean ezin direla isilik egon. “Nahikoa da. Ez gara isilduko; langileon duintasuna ez dago salgai”, adierazi dute.

Salaketa nagusien artean daude ordaindu gabe dauden 4 nomina, 5 hilabeteko paga extra partziala eta 16 hilabeteko Geroa (pentsioak), zuzendaritzaren aldetik enpresa eta lanpostuak bermatuko lituzkeen plan sinesgarri baten falta, maiatzaz geroztik indarrean dagoen ERTEaren baldintzak ez betetzea eta langileei informazioa ezkutatzea, besteak beste pabiloiaren salmentaren inguruan. Halaber, ordainketetan sailkapen arbitrario eta bidegabeak ezarri izan dituzte, langileen batasuna apurtu eta indar kolektiboa ahultzeko helburuarekin.

Langileek azaldu dutenez, zuzendaritza ezkutuko itxiera bat prestatzen ari da, eta dagoeneko langileen %40 alde egitera behartua izan da, inolako kalte-ordainik gabe. Horren aurrean, LABek berehalako aldaketa sakona exijitzen du zuzendaritzan, gardentasunean eta profesionaltasunean oinarritua, eta enpresaren eta lanpostuen etorkizuna bermatuko duen plan serio eta bideragarria aurkeztea. Aldi berean, instituzioei ere eskatzen die ez daitezela albo batean geratu eta langileen eskubideak eta lanpostuak defendatzeko inplikatu daitezela.

Bukatzeko, LABek herritarrei dei egin die datorren ostiralean, irailaren 26an, egingo den manifestazioan parte hartzera, langileen borrokari babesa emateko.

Gora langileen borroka! 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hezkuntza sistema eraldatzeari Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jarritako oztopoak azaleratu ditu PISA txostenak

LABen kezkaz hartu ditugu Jaurlaritzak PISAren emaitza kaxkarren arrazoien artean hizkuntza ereduak aipatu izana. Aitzitik, euskara gaitasunak indartzeak gainerako konpetentziak hobetzea ekarriko du.

LABetik salatzen dugu bi hilabeteko geldialdiaren ondoren Eudelek ez duela proposamen berririk ekarri eta Udalhitzeko mahaia blokeatzen ari dela

Alderdi politikoen borondate politiko ezaren aurrean eragin eta mahaira edukiak ekarri ditzaten ezinbestekoa da urriaren 8an langileak grebara batzea. Bi hilabeteko udako geldialdiaren ondoren bildu...

Hauteskunde sindikaletan patronalei eta gobernuei erantzun irmoa emateko deia egin die LABek euskal langileei

Gutxieneko soldata, enpleguaren defentsa eta zerbitzu publikoak indartzea, ikasturte honetarako hiru lehentasun nagusiak. Kapitalari mugak jartzea eta birbanaketa politiken alde egitea da faxismoari eta olatu erreakzionarioari ateak ixteko biderik onena, LABen arabera.