2026-01-29
HomeEkintza SindikalaLABek Gipuzkoako helduen egoitzetan ELAk deituriko greba deialdiari atxikimendua adierazi nahi dio

LABek Gipuzkoako helduen egoitzetan ELAk deituriko greba deialdiari atxikimendua adierazi nahi dio

LABek greba deialdia egin du irailaren 24, 25 eta 26rako Gipuzkoako helduen egoitzetan.

Langileek hainbatetan hala eskatuta, elkarlanerako deialdia egin diogu ELAri, baina ezezko borobila jaso dugu. Hala ere, LABek borrokarako edozein aukera probestuko du, eta langileek batera jotzeko aukera lehenetsi nahi du.

Izan ere, helduen egoitzetan langileak pairatzen duten egoera larria da:

  • 2008tik ez da sektore guztiarentzat aplikagarria den herrialdeko hitzarmenik sinatu, eta, ondorioz, langileak sektoreko eta herrialdeko hitzarmen batek ematen duen segurtasun eta babesik gabe daude.
  • 2006tik ez dira ratioak aldatu, eta horrek lan karga jasangaitzak ekarri ditu.
  • Jardunaldi partzialak dira nagusi, %60koak, langileak prekaritatean bizi behar izatera eramaten dituena.
  • Lan baldintza horien eraginez, itota, nekatuta eta ezinean daude langileak, eta ondorioz, haietako asko aldi baterako ezintasun egoeran daude. Baina denek ez dituzte bajak 100%ean eta mutuak laneko bajak direla ukatzen dute, nahiz eta lan baldintzen ondorioz izandako lesio eta gaixotasunak izan.

Egoera tamalgarria da Gipuzkoako adineko pertsonak zaintzen dituztenena, eta egoera hau diru publikoarekin sostengatzen da. Gipuzkoako Foru Aldundiak zerbitzu hau pribatizatzeko erabakiak ekarri ditu egoera hau, eta Foru Aldundia da ratioak hobetu ez dituena urte luze hauetan. Muzin egiten die egoera hobetzeko LABek egin dituen proposamenei eta deialdiei, eta zaintza lanetan ari diren langileak mespretxuz hartzen dituzte.

Bestalde, patronalek diru publikoarekin kudeatzen dituzten egoitzen egoera bere horretan mantendu nahi dute, mahai negoziatzailera proposamenik ekarri gabe eta negoziazioak blokeatuta mantenduz. Ez dute borondaterik lan baldintzak hobetzeko eta langileen ordezkariekin akordioak erdiesteko. Lehentasun eta helburu bakarra etekin ekonomikoak lortzea da, denon diru publikoa baliatuz eta langileak esplotatuz.

Langile gehienak emakumeak dira, zaintza lanak oraindik ere emakumeon bizkar gainean erortzen direlako, eta prekaritatea da nagusi, lan feminizatu guztietan bezala.

LABen apustua argia da: zaintzako langileak langile publikoak dira, zerbitzu publiko bat ematen ari dira, diru publikoarekin finantzatua, eta, beraz, zerbitzua publifikatu egin behar da. Hori da gure proposamena, helburua eta iparra: zaintzak erdigunean jartzea. Horregatik, langile publikoekin soldata ekiparatzeko eskatzen dugu hitzarmenaren negoziazio mahaian, eta, horrez gain, aldundiari eskatzen diogu helduen egoitzak publifikatzeko; bere gain hartzeko zerbitzu hau, lan baldintzak duinduz eta, era berean, zaintza duinduz.

Bide horretan aurkituko gaituzte: lantokietan, kaleetan, instituzioetan eta borrokarako aukera ematen duen edozein eremutan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuek Lasarteko Correosen bulego eta banaketasailean dagoen osasun-egoera larria salatu dute

CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuek publikoki salatzen dute Lasarteko Correosen bulego eta banaketa-saileko langileek jasaten duten egoera jasanezina. Izan ere, bi hilabete baino...

Patronalak, arduragabekeriaz, Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmaneran negoziazio mahaia bertan behera utzi du

Gipuzkoako Foru Aldundiari eta patronalari euren ardura hartzeko eskatu die LABek, eta, behingoz, hitzarmenaren negoziazioari ekin, ratioak aldatu eta helduen egoitzen publifikazio prozesuari ekiteko. Gaurko...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatzera deitu du LABek, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatuko du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...