2026-09-12
HomeEkintza PolitikoaLAB, Jaizkibel konpainiarekin eta udal alarde publiko eta feministaren alde

LAB, Jaizkibel konpainiarekin eta udal alarde publiko eta feministaren alde

29 urte pasa dira Hondarribiko emakume* talde batek gizonek dituzten eskubide berberak beren egin, eta hondarribiar gisa herriko alardean parte hartzen saiatu zenetik. Hots, emakumeek* ere jaietan modu aktiboan parte hartu ahal izateko bidea hartu zuenetik.

Ekintza hark pauso bat gehiago ekarri zuen emakumeen* eskubideen aldeko borroka feministan. Izan ere, argi esan behar da: emakumeen* parte hartze librerik gabe, jaiak ez dira ez parekideak, ez askeak. Kaleak emakumeenak* ere badira, eta, horregatik, egunerokoan eta jaietan libre izateko eta ibiltzeko emakumeen* eskubide osoa aldarrikatzen du LABek.

29 urtez ukazioa, gatazka, biolentzia, irainak eta ezeztatze politikoa ezagutu ditugu, eta, oraindik ere, Hondarribiko alkatetzak ez du konponbidera bidean jarriko gaituen ekinbide argirik egin. Gainera, alarde baztertzailea eta berau babesten duten alderdi politiko eta enparauak emakumeak* espazio publiko eta politikoan normaltasunez aritzearen kontra dabiltza urtez urte. Esku-hartze garbirik egon ez izana, bere horretan, emakumeen* zapalkuntzari gorazarre egitea da, eta, beraz, klase zapalkuntza betikotzea. Urte hauetan guztietan borrokan aritu diren emakumeei* esker, ordea, aldaketarako aukerak sortu dira

2023ko udal eta foru hauteskundeen ondoren, EAJren gotorlekua izan den herrian aldaketarako aukerak zabaldu ziren. Hala ere, balizko normaltasun baterako bidean imintzio txikiak eginagatik ere, 2023az geroztik izan diren jaietan bezalaxe, aurtengoan ere nabarmen ikusi da, oraindik ere, mugimendu feminista dela eraldaketaren ikur nagusi eta bakarra. Zentzu horretan, LABek bere egiten ditu Jaizkibel konpainiak egindako adierazpenak: “Bizikidetzaren bandera hartuta, eta arazoa, muinean, diskriminazio kontua dela ahaztuta, udalak modu berean tratatu nahi izan ditu bi taldeak. Eta ezin dira berdin tratatu eskubide bat defendatzen dutenak eta berau ukatzen dutenak”.

LABek eskaera zehatza egin nahi du: alardea udalak antola dezan bidea berreraiki beharra dago eta, era berean, feminista bilakatzeko behar beste baliabide jarri behar dira.

Instituzioei ahoa betetzen zaie berdintasun politikak sustatzen dituztela esatean. Ordea, halako praktika baztertzaileen aurrean ez dago egoera aldatzeko inolako konpromiso politikorik.

Lortutako aurrerapenak eta askatasunak arriskutan diruditen garai nahasiotan, udal alarde publiko eta feminista baten alde antolatzen eta borrokan dabiltzanei eta bereziki Jaizkibel konpainiaren sortzaile, bultzatzaile eta egun arduran dauden kide nekaezin horiei guztiei, gure eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiegu. Ez gaude lanean, etxean, kaleetan, jaietan, ezta alardean ere, bazterkeriarik onartzeko prest.

Gora Jaizkibel konpainia!!
Gora borroka feminista!!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hezkuntza sistema eraldatzeari Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jarritako oztopoak azaleratu ditu PISA txostenak

LABen kezkaz hartu ditugu Jaurlaritzak PISAren emaitza kaxkarren arrazoien artean hizkuntza ereduak aipatu izana. Aitzitik, euskara gaitasunak indartzeak gainerako konpetentziak hobetzea ekarriko du.

LABetik salatzen dugu bi hilabeteko geldialdiaren ondoren Eudelek ez duela proposamen berririk ekarri eta Udalhitzeko mahaia blokeatzen ari dela

Alderdi politikoen borondate politiko ezaren aurrean eragin eta mahaira edukiak ekarri ditzaten ezinbestekoa da urriaren 8an langileak grebara batzea. Bi hilabeteko udako geldialdiaren ondoren bildu...

Hauteskunde sindikaletan patronalei eta gobernuei erantzun irmoa emateko deia egin die LABek euskal langileei

Gutxieneko soldata, enpleguaren defentsa eta zerbitzu publikoak indartzea, ikasturte honetarako hiru lehentasun nagusiak. Kapitalari mugak jartzea eta birbanaketa politiken alde egitea da faxismoari eta olatu erreakzionarioari ateak ixteko biderik onena, LABen arabera.