2026-03-14
HomeEkintza SindikalaEpaileek oporrak bukatu dituzte eta euskararen aurkako oldarraldia abian da berriro

Epaileek oporrak bukatu dituzte eta euskararen aurkako oldarraldia abian da berriro

Oporraldia hasi aurretik, joan den uztaila amaieran, euskararen eta, beraz, euskaraz bizi nahi duen komunitatearen aurkako enegarren eraso judiziala salatuz, geure eskubideen alde konfrontaziora pasatzeko unea iritsi zela esanez eman genion amaiera ikas urte politikoari. Tamalez, kurtso politiko berria hasi baino ez da egin eta eraso berri baten aurrean gaude.

Izan ere, dirudienez oporrak bukatu eta lanari gogoz eutsi diote epaileek, EAEko Auzitegi Gorenak bere egin baititu Gipuzkoako Foru Aldundian zaintzaile izateko euskararen ezagutza eskatzearen aurkako premisa euskarafoboak. Oldarraldia itzuli da oporretatik…

Jakin badakigu pankarta ateratzea ez dela nahikoa, baina beharrezkoa dela azpimarratu nahi dugu, ezinbestekoa delako euskararen eta euskal komunitatearen aurkako eraso guztiak salatzea. Baina ez genuke nahi pankarta egungo egoera iraultzeko ardura berezia duten indar politikoen babes edo ezkuta lekua bihurtzerik.

Uztailean esan genuen, eta berriz baieztatzen dugu, euskaraz bizitzea erabaki duen euskal komunitatearen aurkako oldarraldia orokortzen ari denean, EAEko gehiengo politiko abertzalea ez dela egoerari aurre egiteko gai izaten ari. Eta hori oso larria da. Manifestaldietara joatea eta elkarretaratzetan parte hartzea ondo dago, baina ez da nahikoa.

Argi ikusten ari gara egungo bide instituzionalak eta juridikoak ez direla nahikoak; beraz, bide horiek baztertu gabe, ezinbestekoa da euskararen aldeko borrokaren ildo nagusia plano instituzionaletik jendartera pasatzea, hau da, dinamizazio soziala kalean indartzea. Horretarako, besteak beste, Gasteizko Legebiltzarrean Euskararen Lege berria bideratu eta onartu beharko litzateke, eta euskaldunon hizkuntza eskubideen defentsa artikulatu. Lan horretan, funtsezko betekizuna dute indar eta sindikatu abertzaleek.

Euskararen normalizazioaren aurkako erabaki hauek langile euskaldunak eta euskaldunduak kaltetzen gaituzte, euskara normaltasunez bizitzeko aukera oztopatuz, gure artean nagusi den Euskal Herri euskalduna sortzeko helburua ezinezkoa bihurtu arte. Erabaki hauek, beraz, argi eta garbi euskaldunon komunitatearen aurkako erabaki zuzenak dira.

Guk Euskal Herrian euskaraz lan eta bizi nahi dugu, Euskal Herri euskalduna euskaraz eraikiz eta euskaratik abiatuz. Eta horixe da, hain zuzen, ezinezkoa bihur nahi dutena. Herri gisa erabat kolonizatu nahi gaituzte. Euskara eta euskal kulturaren ikuspegitik begiratuta, gertatzen ari dena desastre bat da. Larrialdi egoeran sartu gaituzte.

Euskararen normalizazioa euskal langile mugimenduaren lanabesa da. Euskaraz biziko den Euskal Herriko administrazio publikoak euskaraz funtzionatu behar du, euskara ez dakiten herritarren hizkuntza hautua errespetatuz beti eta non nahi. Euskal langileok Euskal Herrian euskaraz lan eta bizitzeko dugun eskubidearen aurkako oldarraldirik ez dugu onartuko, lanerako dugun eskubidea eta gure herrian euskaraz
bizitzeko duguna ez baitira kontrajarriak, osagarriak baizik.

Dei egiten diogu euskal klase politikoari horrelako oldarraldia ekidin dezakeen bidea eta akordio politikoa jorra dezan, horretarako legea egokituz, Euskara Legea aldatuz. Dei egiten diogu euskal jendarteari oldarraldiari aurre egiteko, besteak beste, euskaraz bizitzeko hautua egin dezan, euskara nonahi harrotasunez erabiliz.

Eta, azkenik, dei egiten diegu euskal langileei euskararen aldeko borroka bere egin dezaten eta lan mundua euskalduntzeko prozesuan indar erabakitzailea bihur daitezen.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Tubos Reunidosen, duintasunak, koherentziak eta klase-borrokak irabazi dute xantaiaren, mehatxuaren, beldurraren eta posibilismoaren aurrean

Gaur argi geratu da Tubos Reunidosen EREari buruz ez dela inolako akordiorik egon. Kontsulta-aldia astelehenean akordiorik gabe amaitu zela defendatzen genuenok zein luzapena proposatzen...

SIDENORen EZKUTUKO KALERATZERIK EZ! Lanpostuen defentsan borrokan jarraituko dugu

SIDENOR ACEROS ESPECIALES SLU-ko lan zentroetako LABeko ordezkariak bildu dira gaur agerraldi batean: Basauri, Azkoitia, Gasteiz eta Legutioko lantegietakoak, hain zuzen. Gure helburua bikoitza...

LAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek greba orokor arrakastatsua aurreikusten dute

LGS propio bat lortzeko aukerak zabalik daude, erronda politikoa eginda Hego Euskal Herrian eta Madrilen, eta patronalarekin negoziazioa mahaiak deituta EAEn eta Nafarroan ELA, LAB,...