2026-10-30
HomeEkintza SindikalaEusko Jaurlaritzak proposatutako gutxieneko soldata ez da nahikoa; Euskal Herriak bere gutxieneko...

Eusko Jaurlaritzak proposatutako gutxieneko soldata ez da nahikoa; Euskal Herriak bere gutxieneko soldata propioa behar du, duina eta langile guztientzat izango dena

Gaur jakin dugunez, Eusko Jaurlaritzak gutxieneko soldata propioaren inguruko azterketa bat aurkeztu du elkarrizketa sozialeko mahaian. ELA eta LAB sindikatuok ez dugu marko horretan parte hartzen, eta, ondorioz, ez dugu oraindik azterketa hori esku artean. Hala ere, ostiral honetan ELAk eta LABek bilera izango dugu Jaurlaritzarekin, orduan jasoko dugu dokumentua eta orduan izango dugu aukera berau aztertu eta balorazio sakonago bat egitekoa.

Lehen balorazioari dagokionez, hiru elementu azpimarratu nahi genituzke:

Lehena da dagoeneko ez dagoela zalantzarik Euskal Herriko gutxieneko soldata propioaren beharrizanaren inguruan. Herri honetako gehiengo sindikalak aldarrikatzen duen moduan, espainiar Estatukoaren gainetik ezarriko den gutxieneko soldata propio bat behar dugu.

Bigarren elementua da irismenarena. Azterketaren proposamena hitzarmeneko gutxieneko soldataren ingurukoa da, eta guk, lanbidearteko gutxieneko soldata propioa aldarrikatzen dugu, herri honetako lan harreman guztiei eragingo liekeen gutxieneko soldata bat. Hitzarmeneko gutxieneko soldatak egoera kalteberenean dauden langileak albo batera uzten ditu: hitzarmenik gabe daudenak edo estatu mailako hitzarmena aplikatzen zaienak.

Eta azkena, kopuruari dagokiona da: gaur publiko eginiko zifrak ez datoz bat gure herriko langileriak dauzkan benetako beharrizanekin eta bizitzaren kostuarekin. Bertako langileriaren lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko ezinbestekoa da gutxieneko soldata altuago bat.

ELA eta LABek lanean jarraituko dute gutxieneko soldata propioa lortu arte. Zentzu horretan, ostiralean Mikel Torres sailburuari helaraziko dizkiogu gure aldarrikapenak.

ELA eta LAB sindikatuen prentsa oharra

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....