2026-09-15
HomeEkintza SindikalaLoiuko FCC Aqualiako langileek aurreakordio historikoa lortu dute 30 eguneko grebaren ostean

Loiuko FCC Aqualiako langileek aurreakordio historikoa lortu dute 30 eguneko grebaren ostean

Uztailaren 4an, 30 eguneko greba mugagabearen ostean, FCC Aqualia enpresarekin aurreakordio bat lortu zuten Loiuko ur-zerbitzuko langileek. Aurreakordio horren bidez, urteetako desorekak amaitu eta lan berdina egiten duten langile guztiek lan baldintza berdinak izatea bermatuko da.

Langileek aspaldiko aldarrikapen nagusia lortu dute: Bizkaiko Ur Partzuergoaren azpikontrata guztien artean lan baldintzen parekatzea. Akordioaren bidez, hainbat eduki nabarmenetan –hala nola dietak, zaintza-guardia sistemak eta bestelako prestazioak– berehalako ekiparazioa ezarriko da. Gainera, soldataren ekiparazio osoa bi fasetan gauzatuko da: 2027an eta 2028an, ordainsarien parekatze osoa iritsiko da, eta horrek, kasu batzuetan, %42ko soldata igoera ekarriko du. Ez da, beraz, akordio sinple bat: langileen bizi-baldintzetan, jauzi kualitatiboa baizik.

Langileek aurreakordioa aho batez onartu zuten grebalarien asanbladan. Bai borrokaren luzerak, bai langileen batasunak erakutsi dute antolakuntza sindikalak eta borroka kolektiboak bide emankorra direla benetako aldaketak lortzeko.

Greba honek, eta azken urteetan Bizkaian izandako azpikontratetako beste hainbat gatazkek, agerian utzi dute egungo pribatizazio politikek zerbitzu publikoak bermatzen dituzten langileen prekarizazioa dakartela. Ezin dugu ahaztu uraren kudeaketa publikoa dela, baina enpresek etekin pribatuak lortzeko baliatzen dutela azpikontratazioa, eta ondorioz, langileen eskubideak urratuak izaten direla. Egoera horrek arduradun politiko zuzenak ditu, eta langileek argi utzi dute prekarizazio horri aurre egiteko borrokan jarraituko dutela.

Loiuko Aqualia zerbitzuko langileek hauteskunde sindikaletan LABekin antolatzeko hautua egin zuten, eta borrokatzeko erabaki irmoa hartu. Aukera horri esker, lan baldintzak nabarmen hobetzea lortu dute. LABek zorionak helarazi nahi dizkie langile guztiei erakutsitako irmotasunagatik eta batasunagatik.

Aurrerapauso hau ez da kasualitatea: antolakuntza, konpromisoa eta borrokaren bidez lortu da. Ozen esan dezakegu: borrokak merezi du. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Santurtziko Ander gaztearen kasuan dauden ardura zuzen eta politiko guztiak argitu ditzatela exijitzen diegu udalari eta Segurtasun Sailari, justizia egin eta gertakari larri hauek...

Gaur publiko egin den bideoak agerian utzi du Santurtziko Ander gaztearekin era oso bortitz eta desegokian jardun zuten udaltzainek gertatutakoa ezkutatu dutela eta haien arduradunek babestu egi

Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa deitu dugu LAB sindikatuak eta Testako maizterrek

Etxabakoitz, Buztintxuri, Artika, Sanduzelai eta Arrotxapeko bizilagunek, LABen babesarekin, manifestazioa iragarri dute Iruñean urriaren 17rako. Mobilizazioaren helburua da salatzea Testak ez dituela berritu BOE...

Hauteskunde sindikaletan patronalei eta gobernuei erantzun irmoa emateko deia egin die LABek euskal langileei

Gutxieneko soldata, enpleguaren defentsa eta zerbitzu publikoak indartzea, ikasturte honetarako hiru lehentasun nagusiak. Kapitalari mugak jartzea eta birbanaketa politiken alde egitea da faxismoari eta olatu erreakzionarioari ateak ixteko biderik onena, LABen arabera.