2026-10-01
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaEpaitegien aurrean mobilizatuko gara ostiralean, emakumeentzat justizia aldarrikatzeko

Epaitegien aurrean mobilizatuko gara ostiralean, emakumeentzat justizia aldarrikatzeko


Agerraldi bat egin dugu Bilbon, azaroaren 25ari begira antolatu ditugun ekimenak aurkezteko, hots, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunerako deitutako mobilizazioen berri emateko, ostiralean gauzatuko ditugunak. Era berean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Epaitegien egoera jasotzen duen txosten bat osatu dugu, eta horren aurkezpena egin dute LABeko Zehar lerrotako arduradun Arantza Vazquezek, Idazkaritza Feministako idazkari Eli Etxeberriak, sindikatuko Justiziako arduradun Alaitz Jauregik eta Loreto Cabo delegatuak. Egoeraren diagnostikoa ez ezik, hutsuneak konpontzeko proposamenak ere planteatu ditugu txostenean.  


Azaroaren 23an, ostiralarekin, egingo ditugu mobilizazioak, "Epaitegietan emakumeontzat Justiziarik ez ¡No a este sistema que nos maltrata!" leloarekin. Hala, epaitegietan mobilizatuko gara ostiralean, eta, igandean, mugimendu feministaren deialdiekin egingo dugu bat. Hauek dira sindikatuak deitutako protestak, epaitegietan: Bilbon, 10:30ean; eta Donostian, Gasteizen eta Iruñean, 11:00etan.

Azaroaren 25a “Emakumeen kontrako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna” da. Data honetan hainbat administrazio eta instituziok ekimen eta agerraldi anitz egin ohi dute. Baina, hala ere, ekimen hauekin guztiekin batera ez da sekula politika aldaketarik etortzen.

Duela 14 urte genero indarkeriaren kontrako lege integrala onartu zen; lege honek bikotekideak edo bikotekide ohiak eragiten duen indarkeria baino ez du kontuan hartzen eta, hortaz, kanpoan uzten ditu emakumeok gure kaleetan, tabernetan, lantokietan… pairatzen ditugun beste indarkeria mota asko, gure gorputzak, gure sexualitatea eta, oro har, gure bizitzak kontrolatzeko gauzatzen diren indarkeria matxista horiek guztiak, alegia.

Lege integrala onartu eta gero, Hego Euskal Herrian Emakumeen kontrako Indarkeria arloko Epaitegiak jarri ziren martxan. Epaitegi hauek osatzeko ez ziren baliabide material eta giza baliabide nahikorik ipini, nahiz eta bikotekideek eta bikotekide ohiek eraildako emakumeen kopurua izugarria izan, momentu hartan eta gaur egunean ere.

LABek azken urteotan salatu izan ditu epaitegi hauen jarduera aurrera ateratzeko baldintza kezkagarriak. Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean justizia aldarrikapena gero eta ozenagoa zenean izan ziren sortuak epaitegi hauek, aldarrikapen hori zelanbait apaltzearren; hortaz, gero eta nabariagoa da ezarri zuten eredua alde guztietatik hutsunez beterik dagoela.

Istanbuleko Hitzarmenak ezartzen du prozedura judizial hauetan parte hartzen duten profesionalek genero ikuspegiaren inguruko formazioa beharrezkoa dutela, baina hau al da betetzen ari Hego Euskal Herriko epaitegietan?
Gaur egun, emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko formaziorik daukan inor baldin badago, formazio hau espezializazio juridikora mugatzen da: online teoriako 16 ordu eta hamar eguneko egonaldia organo judizialetan, genero indarkeriaren kontrako lege integralean oinarriturik. Formazio hau zenbait kasutan derrigorrezkoa da. Baina, genero formazioari dagokionez, hau guztiz borondatezkoa da eta formazio hori hartzea erabakitzen duenak bere interes propiorako egin ohi du.

Prozedura judizial osoan zehar, baita aurretiazko fasean ere, dagoen genero ikuspegi falta honek, askotan, ebazpen judizialak diskriminaziorako arma bihurtzen ditu. Erabaki judizialak ematea epaileen zeregina da, baina, hala ere, prozesuan beste eragile askok ere hartzen dute parte, informatzen, aholkuak ematen… Horregatik, genero ikuspegian kalitateko formazioa emateko exijitzen dugu, bete beharrekoa eta etengabea, prozeduran parte hartzen duen edozein pertsonarentzat: epaileak, fiskalak, Balorazio Forentse Integralerako Unitateko langileak, Nafarroako Auzitegi Medikuntzaren Institutua, abokatuak, poliziak, interpreteak eta administrazio arloko langileak.

Indarkeria arloko epaitegietan guardiarik egiten al da?
Hego Euskal Herriko indarkeria arloko epaitegiek ez daukate guardia aitorturik, nahiz eta premiazko prozedurak izan eta erabaki urgente zein inportanteak hartu behar diren, hala nola babes neurriak eta bestelako kautelazko neurri batzuk. Baina, errealitatean, ezutuko guardia egon badago. Emakumeen kontrako Indarkeria arloko Epaitegietako langileek euren kabuz burutu behar izaten dute: eginbide edo diligentzia urgenteen edo aurretiazko eginbideen izapideak egin, bideratu eta epaitzen dituzte, beste prozedura guztietaz gain, eta beharrezko giza baliabiderik gabe. Honek esan nahi du askotan jardunaldia lan ordutegitik harago luzatu behar dutela. Indarkeria epaitegietako langileek “guardia egutegia” adosten dute zerbitzuaren premiei erantzuna eman ahal izateko eta lan hori euren bizi pertsonalekin bateratu ahal izateko ahal den neurrian. Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari exijitzen diegu ezkutuko guardia honi konponbidea eman diezaiotela, zeren eta, momentu honetan dagoen moduan, emakumeei ematen zaien arretan, erabiltzaile guztiei, oro har, ematen zaien arretan eta epaitegietako langileen lan baldintzetan ondorio oso kaltegarriak baitauzka. Indarkeria epaitegietako ezkutuko guardia berehala arautu eta konpentsatu dadila eta, honekin batera, lan zamen azterketa egin dadila beharrezkoak diren langileak ere zerbitzura sar daitezen.

Emakume migranteen kasuan, sare sozial nahikorik ez daukatenez, eta honi oztopo linguistikoak gehitzen badizkiogu, emaitza da informazioa jasotzeko arazo askoz handiagoak dauzkatela. Zelan konpontzen ari da arazo hau indarkeria epaitegietan?
Beste herrialde batzuetako emakumeek baldintza eta egoera espezifikoetan etortzen dira, eta honek tratu txarren aurrean euren babesgabezia edo ahuldadea areagotzen du. Sarritan bakarrik egoten dira eta, honetaz gain, kultura eta hizkuntza ezezagunaren arazoa ere izaten dute; hortaz, itzulpena beharrezkoa izaten da. Hala ere, kasu askotan, zerbitzu hau ez da egoerak eskatzen duen behar bezain ona, interpretazioaren profesionalak ez diren pertsonek egiten dutelako eta askotan arazoak izaten dituzte baita gazteleraz ulertarazteko ere. Hizkuntza oso teknikoa da itzuli beharrekoa, hizkuntza juridikoa, alegia, eta akatsek edo txarto ulertuek ondorio larriak izan ditzakete. Honela, profesionaltasunik ezak gehi genero formazio faltak genero indarkeriaren biktimengan babesgabezia sorraraz dezakete. Hau guztia dela eta, genero formazioa daukaten interprete profesionalak kontratazeko exijitzen dugu. Nafarroan interpreteen zerbitzua egokia da, baina, hala ere, genero formazioa falta dute.

Indarkeria epaitegiek ba al daukate bitarteko nahikorik indarkeriaren txanda espezifikoan laguntza juridikoa eman ahal izateko?
Hego Euskal Herriko indarkeria arloko epaitegietan laguntza juridikoaren txanda ezartzeko modua hitzarmenen bitartez ezarri da: 2007an Eusko Jaurlaritzak eta Abokatuen Euskal Kontseiluak sinatutako hitzarmena eta 2000. urtean Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Abokatuen Elkargoak sinatutakoa. Ordudanik, genero indarkeriaren inguruko salaketak urtez urte hazten doaz, baina laguntza juridikoa ez da egokitu hazkunde honetara. EAEko hitzarmenak dio asistentzia behar den arintasunez eman behar dela, baina hau askotan ez da betetzen indarkeria epaitegietan. 2007an Abokatuen Euskal Kontseiluarekin sinatu zen hitzarmena berrikusteko eskatzen dugu, indarkeria epaitegietan gertatu den lan hazkundeari egokitzeko eta, honela, abokatu faltagatik gertatzen diren itxaronaldi luzeak ekidin ahal izateko. Nafarroan Iruñako Abokatuen Elkargoak, Iruñeko epaitegietako guardiak egiteaz gain, Aoizko Lehen Instantzia eta Instrukzioko Epaitegiko guardiak ere egiten ditu, honek dakartzan ondorio guztiekin; izan ere, abokatu bat Iruñean guardia bati ekiten ari bazaio, ez da Aoizko epiategiera joaten, harik eta Iruñeko prozedimendu edo prozedimenduak amaitu arte. Honek esan nahi du diligentzien izapide guztiak atzeratzen direla eta itxaronaldi luzeak sorrarazten direla.

Zein da EAEko Balorazio Forentse Integralerako Unitatearen eta Nafarroako Auzitegi Medikuntza Institutuaren zeregina indarkeria prozeduretan?
Garrantzia handiko zeregina daukate, bai biktimei sorrarazitako kaltearen balorazioan, bai indarkeria jardueren balizko errepikapena ebaluatzeko (arriskuaren ebaluazioa). Baina, sarritan, biktimarekin edota erasotzailearekiko lehen kontaktua Unitateko partaidea ez den edozein forentsek izaten du eta, hortaz, ez daukate genero indarkerian espezializaziorik. Unitate hauek lan zama handia eta bitarteko falta izaten dute; hau dela eta, txosten hauen lanketak atzerapen handia ekartzen die indarkeria epaitegi batzuetako prozedurei, edo are okerrago, epaiketak burutzen dira egokiak ez diren txostenekin.

Indarkeria arloko epaitegietan biktimari laguntza ematen al zaio?
Biktimari Laguntza Zerbitzua egon badago eta honen bulegoak, oro har, hiriburuetan daude kokaturik. Uste dugu bulego hauetan genero indarkerian espezializaturik dauden psikologia eta gizarte laneko profesionalak egon beharko liratezkeela, gaur ez bezala, eta, era berean, bulegoak indarkeria epaitegien alboan egon beharko liratezkeela, laguntza egunero eta bertatik bertara eman ahal izateko; honek bermatuko luke langile espezializatuek “laguntza zuzena” emango luketela: aholkularitza, informazioa eta laguntza emozionala lehen momentutik. Indarkeria arloan aritzen diren gainontzeko epaitegi bateragarrietan (hau da, hiriburuetakoak ez diren epaitegietan), Biktimari Laguntza Zerbitzuak ez du arreta presentzialik ematen, telefono bitartez baino.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012/29/EU Zuzentarauak, 19. artikuluan, biktima eta arau-hauslearen arteko kontaktua ekiditzeko eskubidea aipatzen du. Hego Euskal Herriko epaitegietan betetzen al da zuzentarau honek ezartzen duena?
Europako Batasunak luze legislatu du biktimen babesaren inguruan; adibidez, 2012/29/EU Zuzentarauaren bitartez zera ezartzen du, Estatuek behar diren neurri guztiak hartu behar dituztela biktima eta arau-hauslearen arteko kontaktua ekidin dadin prozesu penala burutzen den aretoetan. Argi dago Hego Euskal Herriko indarkeria epaitegietan hori ez dela betetzen ari kasu askotan.

Indarkeria epaitegiek ez daukate diseinu arkitektoniko egokirik. Leku hauetan ez dira baldintzak betetzen biktima eta erasotzailearen arteko kontaktua ekiditzeko, ez ikusmenez ez ahotsez. Abokatuak emakumeekin komunikatzen direnean ez da egoten behar besteko intimitaterik eta, zenbaitetan, ezezagunen aurrean gai intimo eta mingarriak azaldu behar izaten dituzte.

Indarkeria epaitegi guztietako instalazioak egokitzeko exijitzen dugu, biktimaren intimitatea zaintzeko eta erasotzailearekiko edozein kontaktu (ikusmenez zein ahotsez) ekiditeko.

Indarkeria epaitegietan ohikoa da biktimak adin txikiko seme-alabekin joatea, ba al dago adin txikiko horiei laguntza emateko zerbitzurik?
Organo judizialetan ez dago areto egokiturik, ezta horretarako prestatutako langilerik ere, adin txikikoak hartzeko eta laguntzeko euren amek epailearen aurrean deklaratzen duten bitartean. Gaur egun epaitegiko langileek, euren borondatez, hartzen dute lan hau euren gain. Kalitateko arreta zerbitzua bermatu behar da biktimekin batera dauden adin txikiko seme-alabak laguntzeko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...