2024-05-05
HomeOharrakLan osasunaGure osasuna zuen diru gosearen gainetik, gure osasuna bermatzeko eredu propioa eraiki

Gure osasuna zuen diru gosearen gainetik, gure osasuna bermatzeko eredu propioa eraiki

Berriro ere, apirilaren 28a, Segurtasunaren eta Lan Osasunaren nazioarteko eguna, ate-joka daukagu, eta langileen osasun egoerak ez du hobera egin Euskal Herrian, okerrera baizik.
Milaka lan istripu gertatzen dira, eta gaitz hau lan arloan txertatuta dago. Estatistiketan gertatu den jaitsiera apalak, egiazkoak eta eraginkorrak diren neurriak hartzearekin baino, ekonomia egoeraren eraginarekin (iraizpenekin, enplegua erregulatzeko espedienteekin, lan munduko sektore-berregokipenekin) zerikusi handiagoa du. Laneko gaixotasunei dagokienez, aitorpen maila kaskar eta eskandalagarria salatu behar dugu. Europar Batasun osoa erreferentziatzat hartuko bagenu, lan istripuetan gertatu ohi den hildako bakoitzeko, laneko gaixotasunek eragindako 18 heriotza gertatu ohi dira. Hala ere, Euskal Herrian, aipatu parametroa alderantzizkoa da.

Baina aurtengo apirilaren 28a, lan erreforma berriaren testuinguruan, langileriaren eskubideei egiten zaien eta langileen osasunaren narriadurari estutze berria ekarriko liokeen izugarrizko erasoaren testuinguruan gertatzen da. Lan erreforma berriak, batez ere, bere baitan jasotzen ditu:

1. Iraizpena errazten duten eta prekarietatea hedatzen duten neurriak eta enpresarien erabateko botereari beldurra. Neurri hauek guztiek eta enplegu galeraren talkak, batik bat, jasaten duenari eragiten diote, zuzenki eta larriki; baina enpresetan lanean irauten dutenei, lan eta osasun baldintzak okerrera egiteari eragiten diete ere. Enplegua galdu dutenen artean, laster eta zuzenean, antsietate, depresio, loezin eta nerbio-alterazio sintomak eta psikofarmakoak hartzeko aginduak handitu izana agertzen dira; eros-ahalmen txikiagoa izanak sustatzen ditu osasungarriak ez diren elikatze-ohiturak, areagotu egiten ditu digestio-aparatuaren eta menpekotasun, suminkortasun, azal eta zirkulazio arazoak. Azken hauek gaixotasun kardiobaskularrak eta miokardio infartuak edo bihotzekoak eragin ditzakete; eta buru-hiltzeak areagotzen dituztela ere frogatuta dago. Enplegua galtzearen beldur izateak, era berean, kalte handiak (estresa, segurtasun eza eta egokitzeko arazoak, gihar eta hezurduraren ondoeza handitzea, etab) eragiten dizkie osasun fisikoari eta adimen-osasunari. Min hauek lanarekin zerikusia izanagatik, ez da onartzen hauen laneko jatorria.

2. Absentismoa kontrolatzeko neurri berriak, nahiz eta justifikatuta egon, ondoz ondoko bi hilabetean, lan egunen %20an edota lau hilabeteetan, lan egunen %25ean lanean ez agertzeak (20 egunetako iraupena gainditzen ez duten laneko bajak) arrazoi objektiboengatiko iraizpena erabiltzeko aukeran gauzatzen dira. Honek baja kopurua urrituko du, ez ordea gaixotasun kopurua. “Presentismoa” orokortuko da (lanera gaixorik joatea, alegia); ongi egon gabe lan egin beharrak osasuna eta lan egiteko gaitasuna txikiagotzea dakar berarekin. Litekeena da istripuak eta gihar eta hezurduraren lesioak areagotzea, lan egitearen ondorioz gaitasun fisikoa urritzen delako, eta gaixotasun infekto-kutsakorrak kutsatzea, langileek gaixorik lan egiten dutelako.

3. 6 hilabete barru, gaitasun berriz hornituko dira mutualitateak, “ezintasun iragankorra eraginkortasun handiagoz kudeatzeko”. Kontingentzia arrunten bajei eta altei dagokienez, eskuduntza handiagoz jardungo dute; eta kontuan hartuz, dagoeneko, prozesuaren hastapenetik kontrola ditzaketela, oso litekeena da, jatorri arrunteko baja-prozesuetan, altak emateko gaitasuna arautuko dutela. Honi, iraupen motzeko bajetan lanetik iraitz ditzaketela gehitzen badiogu, honek areagotu egingo ditu presioaren, beldurraren, egozpenen eta honek osasunari eragin ondorioak.

Mutualitateei dagokienez, gogora ditzagun lanbide kontingentziekin zerikusia duten hauen ohitura kaskarrak: kalteak lanean duen jatorria ukatuz, alta goiztiarrak emanez, bajako istripuak eta lan gaixotasunak ukatuz…

Pertsonon gehiengo oso handi batek bizi-irauteko lan egin behar dugunez , argi dago erreformaren ondorioek (ezegonkortasuna, segurtasun eza, babesgabetasun handiagoa, iraizpenaren beldur izatea, enplegu eta laneko baldintzak aldatzea, malgutasuna, kontratu kaskarragoak, etab) eta egungo langabezia mailak langileriaren osasunari eta lan osasunari eragiten dietela zuzenean; honako hau, sufrimenduarekin, gaixotasunekin eta heriotzekin ordaintzen den bidesaria da.

Egoera hauek guztiek langileria osoari ekarriko dizkiote ondorioak eta lehenago eta indar handiagoz, lan merkatuan egoera kaskarragoan daudenei eragingo diete (emakumeei, gazteei, iraupen handiko langabetuei, etorkinei,…).

Langileek bizi duten egoera ahul honen ondorioz, baja-prozesuak kontrolatzearen eta beldurraren ondorioz osasunari egin kalteak areagotuko dira, lan baldintzak okertu delako eta enpresetan prebentzio neurri gutxiago erabili direlako. Dena dela, litekeena da, jardunean, lan ezbeharren estatistika ofizialetan jaitsierak ikustea, batez ere, lana galtzearen beldur direlako eta enpresen, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren eta patronalen mutualitateen zereginagatik.

Aurtengo apirilaren 28an, beraz, salatu egingo dugu langileria pairatzen ari den lan eta gizarte eskubideen murrizketa larria bere segurtasunaren eta osasunaren aurkako erasoa ere badela, eta gure bizi-kalitatean atzera egitea dakarrela berarekin; egoera horri guztiz onartezina deritzagu.

Bultzatu behar dugu enpresek ez ditzatela Madrildik ezartzen ari zaizkigun erreformak erabil, eta aipatu erreformak ezarri nahi izango balituzte, honen ondorioak indargabetu daitezen. Hori dela eta, LABek ekimenak bultzatuko ditu erreforman jasotzen diren eta gure osasunari erasotzen dioten neurrien ezarpena eragotz dadin, batik bat, mutualitateen eskuduntzak eta absentismoak eragin iraizpenak eragozteko edota murrizteko.

Hala ere, gero eta beharrezkoagoa egiten da Lan Harremanetarako eta Gizarte Babeserako Euskal Esparrua sortzea, hau era bakarra baita eraso hauetatik guztietatik babesteko: bertan erabaki eta eraiki behar dira zeintzuk izango diren gure lan harremanak eraenduko dituzten arauak; inposizioetatik aske; osasungarria, kalitatekoa eta segurua den enpleguaz; pertsonen osasuna lehenetsiko duen babes eta prebentziorako sistema publiko batez; patronalen mutualitaterik gabe. Laburbilduz, eredu publikoaz, unibertsalaz, parte hartzaileaz eta kalitatekoaz ari gara, non gure osasuna ez den merkatal-interesen menpe izango.

Eta hau guzti hau, Euskal Herrian egin dezakegu. Gure egoera ekonomikoa eta soziala ez delako Espainiako estatuarena, baina are garrantzitsuagoa dena, gure egoera politikoan, sindikalean eta sozialean oinarrituz, berezko eredua eraiki dezakegulako eta hura lortzearren, behar beste indarra dugulako. Eta egin, egingo dugu!

Euskal Herrian, 2012ko apirilaren 23an

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.