ELAren 16. Kongresuan hitzartzea egin du LABeko Koordinatzaile Orokor Igor Arroyok. Sindikatu biak elkarren Kongresuetan aritzeko ohitura 90. hamarkadatik dator, “Euskal Herriaren burujabetza eta eraldaketa sozialaren aldeko bidelagun izan nahi genuen, elkarlan estrategiko bat garatzeko aukerak ikusten genituen” gogoratu du Arroyok. Ordea, garaiak aldatu dira eta “harremanak zein puntutan dauden ikusita” ohiturari eusteko “zalantzak” izan arren, LABek onartu egin du gonbitea.
Bide ezberdinak dira LABek eta ELAk proposatzen dituztenak. “Egoera aldatu da, onartu eta naturalizatu behar dugu, hainbatetan saiatu arren, ez gara ados jarri euskal langileei eskaini beharreko bidean eta gaur gaurkoz ez gara bidelagun”, esan du Arroyok. Baina ezta arerio ere, LABeko koordinatzaile orokorrak azpimarratu duenez: “Gure arerioa Kapitala da, Patriarkatua, Kolonialismoa, nazio ukazioa. Arerioa inperialismoa da. Gure arerioa Palestinan genozidioa burutzen ari den sionismoa da. Argentinan, Portugalen, Frantziako eta Espainiako estatuetan indartzen ari den faxismoa da. Gure arerioa Patronal esplotatzailea da”.
Horiei guztiei aurre egiteko sindikatu biek “behin baino gehiagotan indarrak batu” beharko dituztela adierazi du. Zentzu horretan mezu argia utzi nahi izan die ELAren Kongresuko kideei: “Guk badugu gure bidea eta zuek baduzue zuen bidea. Hautatu dugun bideari uko egin gabe, eta bidelagun izan gabe ere, beharra eta aukera dagoenean, batu ditzagun indarrak”.
Hala, sindikatu biek partekatzen dituzten aldarri eta borroketan jarri du Arroyok arreta. “Gehiengo sozialaren zerbitzura izango den Euskal Errepublika aldarrikatzen dugu; Euskal Herria klase borrokarako esparru autonomotzat jotzen dugu; patronalaren neurrira egindako elkarrizketa soziala errefusatu eta kontraboterearen aldeko apustua egiten dugu; autonomia sindikalaren aldeko apustua egiten dugu”.
Euskal langileei zer nolako bidea eskaini behar diegun zehazteko orduan LABek duen ikuspegiaz aritu da segidan: “Guk klase subjektua berrosatzeari garrantzia handia ematen diogu. Sindikatu bakoitzaren interes legitimoetatik harago, klase gisa borrokatu nahi dugu, klase gisa kontraboterea praktikan jarri. Eta horretarako kultura eta estrategia sindikal partekatu bat sortu behar dela uste dugu. Gure jendea horretan saiatzen ari da, gogotik saiatu ere. Azken urteetan, aspaldi ez bezalako greba kopurua atera dugu aurrera. Borroka sindikal ugari artikulatu ditugu eta askotan patronalari pultsoa irabazi diogu”.
Autonomia sindikalarekin batera, Euskal Herriaren eraldaketaren aldeko eragile sindikal, sozial eta politikoen arteko koordinazioa beharrezkoa dela adierazi du Arroyok. “Autonomia sindikala behar dugu, langileon interesak agenda politikoan kokatzeko. Koordinazioa behar dugu, politika publikoetan aldaketak eragiteko”. Horregatik, “lantokiak, kaleak eta instituzionak lehiatzera” dei egin du.
Nazioarteko aliantzetan ere sindikatu bien artean izan badiren desberdintasunak hizpide izan ditu, Munduko Federazio Sindikala da LABentzat klase sindikalismoaren eta antiinperialismoaren erreferentzia, baina “beharrezkoa” jotzen du naziaorteko beste sindikatu batzuekiko elkarlana; besteak beste, estaturik gabeko nazioetako sindikatuekin eta sindikalistekin. Quebec, Eskozia, Katalunia, Galiza, Korsika edota Euskal Herriko sindikatuak. “Hori saiatzen ari gara egiten, hain zuzen ere, sindikatu subiranisten nazioarteko foroan”.
Ez bidelagun, ez elkarren etsai. “Bakoitzaren posizioa ulertu eta errespetatzea dagokigu”, berretsi du Arroyok, eta “ahal den guztietan elkarlanerako aukerak baliatzen” jarraitzeko LABen konpromisoa adierazi du. 2020ko Greba Orokorra eta gutxieneko soldata propioaren biden balioan jarriz “gai estrategikoa da, zorionez ados jarri gara eta elkarrekin urrunago iritsiko gara”.

