2026-09-28
HomeEkintza SozialaHelduak eta PentsiodunakAhalmen legegile osoa aldarrikatu dugu babes sozial gaietan, pentsioen sistema propio bat...

Ahalmen legegile osoa aldarrikatu dugu babes sozial gaietan, pentsioen sistema propio bat eraikitzeko

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak manifestazio bat egin du Bilbon, “Pentsio blindatuen alde, pentsio publiko duinak” lemarekin, Pertsona Helduen Nazioarteko Egunaren harira deitutako mobilizazio sorten barruan. Bilboko manifestazioa Plaza Eliptikotik irten da, eta bertan izan da LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu, pentsiodunei babesa emateko. 

Garbiñe Aranbururen hitzetan, pentsio sistema publikoa jasotzen ari den erasoak erantzuna behar du, eta, zentzu horretan, eredugarria da pentsiodunen borroka: "Mobilizazioari esker, borroka honi esker, emaitza batzuk lortzeko aukera ireki dute. Ikusi beharko da orain Toledoko Itunaren letra txikia zein den eta nola gauzatu nahi duten, baina bistan da akordio hori mobilizazioei esker lortu dela". Hori bai, LABeko idazkari nagusiak nabarmendu du Toledoko Itunaren akordioa ez dela nahikoa, sindikatuak berak joan den astean egindako irakurketan ohartarazi bezala.

Garbiñe Aranburuk adierazi du pentsiodunen plataformetatik egiten diren aldarrikapen guztiekin bat egiten dugula: hala nola, sindikatuak eskatzen du lan eta pentsio erreformak bertan behera geratzea; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa; pentsio arrakala murriztea; eta 1.200 euroko gutxieneko soldata, "gaur egungo soldata ez duinak biharko pentsio ez duina ekartzen duelako".

Sindikatu gisa, bi erronka ditugula berretsi du: "Alde batetik, pentsiodunen borroka langile klasearen borroka bilakatu nahi dugu, gaurko pentsiodunak eta etorkizuneko pentsiodunak elkarrekin mobilizatzea, alegia; beste aldetik, sistema propio baten aldeko aldarrikapena indartu nahi dugu". Azken honen harira, Garbiñe Aranburuk garbi dauka Toledoko Itunetik eta Madrilgo Kongresutik ez dela alternatibarik etorriko: "Bitarteko juridiko eta politikoak aldarrikatzen ditugu, ahalmen legegile osoa eskatzen dugu babes sozial gaietan, pentsioen sistema propioa eraikitzeko".
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aguraingo kale garbiketa zerbitzuan akordioa #LortuDugu!

Joan den astean, gure borroka publiko egin eta urrirako sei greba egun deitu zituzten Aguraingo kale garbiketa zerbitzuan lan egiten duten SEULA enpresako langileek, herriko jaiekin bat etorriz. Gaur, enpresak premiazko bilera batera deitu gaitu eta, azkenean, orain arte defendatu izan ditugun baldintzetan lortu dugu akordioa sinatzea.

Nafarroako ikuskizun eta ekitaldietako profesionalak grebara doaz berriz hitzarmen bat exijitzeko

LABek, Nafarroako ikuskizun eta ekitaldi sektorean %100aren ordezkaritza duenak, urriaren 10ean grebara deitu ditu sektoreko langileak, patronalari exijitzeko Nafarroako ikuskizun eta ekitaldietarako laguntza teknikorako...

Patronalaren blokeoa salatzen dugu eskola garraioko eta jolastokiko zaintzaileen hitzarmenean, eta Hezkuntza Sailari exijitzen diogu EAEko eskola publikoetan enplegua suntsitzeari utz diezaiola

Interim enpresak soldaten parekatzea mantentzeari uko egin diola salatzen dugu, eta langileei eta hezkuntza komunitate osoari mobilizatzera de egiten diogu.