2026-02-01
HomeIndustriaBeiraGuardianek 171 langile kaleratuko ditu inpunitate osoz eta Eusko Jaurlaritzaren pasibotasunaren eta...

Guardianek 171 langile kaleratuko ditu inpunitate osoz eta Eusko Jaurlaritzaren pasibotasunaren eta gelditasunaren aurrean

Joan den asteazkenean amaitu zen, akordiorik gabe, enplegu erregulazioko espedientearen kontsulta aldia Guardian Laudion. LABetik berriro ere irmo salatzen dugu itxiera hori ez dela gerora sortutako edo saihestezinezko egoera baten ondorioa, multinazionalak lantegia ixteko planifikatutako estrategia baten emaitza baizik. Guardianek nahita eragin ditu itxiera justifikatzeko baldintzak, eta, hasiera hasieratik, aurrez pentsatutzat jo dugu.

Gure kontrako jarrera argia eta sendoa izan da prozesuaren hasieratik. Ahalegin guztiak egin ditugu Aiaraldean enplegua gehiago suntsitzen duen erabaki bidegabe bat geldiarazteko eta enpresa historiko bat ez ixteko, hainbat hamarkadatan lurraldean errotuta egon dena. Erakundeen ate posible guztiak jo ditugu, baina prentsan egindako adierazpenetatik harago, ekintza eza besterik ez dugu aurkitu. Ez da benetako borondaterik egon konponbideak mahai gainean jartzeko, eta are gutxiago enplegua babesteko.

Kontsulta aldia akordiorik gabe amaitu zenez, LABek uste zuen ezinbestekoa zela bide juridikora jotzea. Hala ere, enpresak prozesua kalte ordainekin bakarrik ixteko egindako presioek eragina izan dute: langileen gehiengo batek eskainitako kalte-ordaina onartzea erabaki du, eta, horrela, bide judizialetik jarraitzeari uko egin dio.

Guardianek azken unera arte jokatu ditu bere kartak, higadura eta ziurgabetasuna erabiliz borondateak menderatzeko, pertsonen bizitzarekin eta lanpostuekin jolastuz. Eta hau ezin da gertatu. Multinazionalei inpunitate osoz jardutea ahalbidetzen dien logika horri amaiera emateko eskatzen dugu irmo. Nahikoa da bere erabakiak baldintzarik gabe abalatzea, eta nahikoa da langileria kontuan hartzen ez duten politika industrialak egitea.

Eusko Jaurlaritzak ikusle soila izatea erabaki du berriro ere, enpleguaren eta tokiko industriaren defentsan eragile aktibo gisa jardun beharrean. Pasibotasun instituzional horrek multinazional handien boterea indartzeko baino ez du balio, gure herrialdeko ehun produktibo eta sozialaren kontura.

LABetik eredu hori salatzen jarraituko dugu, langile klasearen eskubideak defendatuz eta pertsonen zerbitzura egongo den eta ez kapitalaren zerbitzura egongo den industria politika eskatuz. Horregatik, uste dugu beharrezkoa dela aktibatzen jarraitzea eskualdeko enplegua defendatzeko eta langileen interesak beti izango dituzten parte hartze prozesuak bermatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...