2026-05-02
HomeEkintza SindikalaLABek salatzen du aparteko orduen ondorioz 21 lanpostu baino gehiago galdu direla...

LABek salatzen du aparteko orduen ondorioz 21 lanpostu baino gehiago galdu direla TCCn

2024an, aurreko urtean baino 5 lanpostu gehiago galdu dira.

Sindikatu honek 2023an jendaurrean nahiz Ikuskaritzan aurkeztu zuen enpresaren aurkako salaketa, langileek egiten zituzten aparteko orduen kopurua gehiegizkoa zela nabarmenduz. Ordutik enpresak hartu duen jarrerak argi uzten du ikusiarena egiten jarraitzen duela langileen egoera prekarizatzen duen arazo honen aurrean.

2024an 29.488,79 aparteko ordu egin ziren, aurreko urtean baino % 41,17 gehiago, eta 144 langilek gainditu zuten legeak ezartzen duen muga (gehienez 80 aparteko ordu lan egitearena). Ordu osagarriei dagokienez, hau da, kasuan kasuko lan kontratuan itundutakoez gaineko orduei dagokienez, 4.442,59 ordu osagarri egin ziren, 2023an baino % 82,70 gehiago. Egoera horrek langileen ezegonkortasuna areagotu egin zuen, eta plantillaren kontziliaziorako eskubidea zaildu.

Aparteko orduak eta ordu osagarriak baturik, 2024. urtean 33.929,38 ordu egin ziren. Izugarrizko kopurua da hori, lanaldi osoko 21 lanpostu kentzeko adina.

Kontuan harturik gure erkidegoan 22.500 langabe zeudela 2024. urtearen bukaeran, lotsagarria iruditzen zaigu TCCk familia askoren egonkortasunarekin eta mantenuarekin jolasean aritzea.

Ez dezagun ahaztu Iruñerriko Mankomunitateak ere erantzukizun handia duela gai honetan, TCCk bezainbeste. Hori dela eta, afera honetan eskua sartu beharko luke eta guztiz galarazi bai halako praktikak, bai langileen baldintzak okerragotzen dituzten beste hainbat ere.

Aparteko orduak egiteko sistemak urritasuna, langabezia eta langileen arteko elkartasun eza dakartza berekin. Oso argi daukagu arazo hau lehenbailehen konpondu beharra dagoela.

LABek beti egin du lana sustatzearen eta aberastasuna banatzearen alde, hizarmenen negoziazio guztietan.

Horregatik, aparteko orduak egiteko filosofiaren eta ondorioen aurrean, ezinbestekoa da enplegu osoa eta lan baldintza duinak defendatzea, baita langabezia-tasak murriztea ere berdintasunean eta lanaren banaketan oinarrituriko mekanismoen bidez.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:02:45

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu da sindikatua Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.
00:13:27

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...