2026-06-16
HomeUncategorizedEusko Jaurlaritzak autoritarismoa alde batera utzi eta bere ardurapean dauden 100.000 pertsonen...

Eusko Jaurlaritzak autoritarismoa alde batera utzi eta bere ardurapean dauden 100.000 pertsonen lan baldintzak hobetu behar ditu

ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek elkarretaratzea deitu dute martxoaren 18rako, Eusko Jaurlaritzari sektore publikoko langileen aldarrikapenak aintzat har ditzala eskatzeko. Egun horretan bertan egingo da Mahai Orokorraren bilera.

ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek elkarretaratzea egingo dute martxoaren 18an Lakua aurrean, Mahai Orokorraren bileraren atarian protesta egiteko. Hitzorduan, Eusko Jaurlaritzari bere jarrera autoritarioa aldatzeko exijitzeaz gain, langileek greba eta mobilizazioen bidez eskatu dituzten eskaerei erantzuteko eskatuko diote. Eusko Jaurlaritzak sindikatuek deitutako Mahai Orokorraren bileretan parte hartzeari uko egin zion arren, ELAk eta LABek Eusko Jaurlaritzak ezarritako egutegiaren Mahai Orokorraren bilerara joatea erabaki dute.

Sektore Publikoaren eskaera nagusia da lan baldintzak eta enplegua EAEren esparruan erabaki ahal izatea, joan den ikasturtean mobilizazioetan eta grebetan aldarrikatu zuten bezala, ‘Soldatak eta enplegua hemen erabaki’ lelopean. Ildo horretan, hainbat neurri
hartzeko eskatu dute: sektore bakoitzean soldata igoerak adostea erosteko ahalmena berreskuratzeko, egonkortzea (behin-behinekotasuna % 8tik behera kokatu arte), plantillak gaztetzea, lan osasuna bultzatzea eta Administrazioa euskalduntzeko planak zein berdintasun politikak ezartzea.

Eusko Jaurlaritzak behin eta berriz ukatu du Sektore Publikoko soldata eta enplegua negoziatzea, eta ontzat eman ditu Madrilen onartutako proposamenak. Sindikatuen arabera, Mahai orokorrari ere lotutako Ertzaintzaren eremuko akordio berriak erakusten du Madrilek ezarritako mugak aitzakia direla EAEn murrizketak aplikatzeko, borondate politiko kontua baita Sektore Publikoaren baldintzak hobetzea. Eusko Jaurlaritzak bere aurpegi berriari buruzko propaganda egiten duen bitartean, betiko politikak mantentzen dituela salatu dute.

Sindikatuek gogorarazi dute mobilizazio dinamikaren ondorioz lortu zela EAJ-PSOEren inbestidura akordioan EAEren esparruan lan baldintzak erabakitzeko aukera sartzea, eta hainbat alderdi politikok 2025eko aurrekontuetan zuzenketak aurkezteko konpromisoa hartzea, gaur egun Euskal Herriko soldatei eta enpleguari buruz legeak egitea eragozten duten oztopoak gainditzeko. ELAk, LABek, ESK-k eta Steilasek salatu dute urrats haiek ez direla ezertan zehaztu.

Gauzak horrela, ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek elkarretaratzea egingo dute martxoaren 18an, asteartea, 14:30ean, Lakuaren aurrean (Gasteiz), Sektore Publikoaren Mahai Orokorraren bilera baino ordu erdi lehenago.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea erretiratzeko eta azalpenak emateko eskatu diogu Tubacexeko zuzendaritzari

Gaur egin da Tubacexek Laudion eta Amurrion dituen lantegietarako planteatutako aldi baterako lan-erregulazioko kontsultaldiko lehen bilera. Zuzendaritzak ekoizpen- eta antolaketa-kausetan oinarritutako ABEEEa (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea) jarri du mahai gainean, eta neurri hori justifikatzeko erabili nahi duen dokumentazioa entregatu du.

Eusko Jaurlaritzan hitzarmen berria negoziatzearen alde mobilizatu gara

Elkarretaratzeak egin ditugu Bilboko, Donostiako eta Gasteizko lan-zentroetan, eta administrazioari eskatu diogu benetako elkarrizketa ahalbidetu dezala.

Gernika-Lumoko Udalaren gardentasun eza salatzen dugu

Azken urtean, lana ahalik eta hobekien egin nahirik, LAB sindikatutik behin eta berriz eskatu diote Gernika-Lumoko Udalari langileen arloko hainbat gairi buruzko informazioa, hala nola kontratazioei, lan-poltsen erabilerari, lanpostuen estaldurari, funtzio-aldaketei edota giza baliabideen antolaketari buruzkoa.