2025-12-05
HomeEkintza SindikalaPatronalek gutxieneko soldataren akordiorako proposamena entzuteari uko egin diote

Patronalek gutxieneko soldataren akordiorako proposamena entzuteari uko egin diote

Sindikatuok egiten dugun proposamena guztiz egingarria da: hilean 1.500 euroko gutxienekoa

Otsailaren 24an, ELA eta LABek, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuok, martxoaren 20an EAEko gutxieneko soldata negoziatzeko mahai berri bat deituko genuela eta bertan negoziaziorako gutxieneko proposamen bateratu bat aurkeztuko genuela iragarri genuen, eta baita alderdi politiko, ordezkari instituzional eta herrialdeetako patronalekin bilera erronda egingo genuela ere. Bilera erronda horretan gure gutxieneko proposamena aurkeztuko geniela ere adierazi genuen.

Bilera eskaerak honakoei zuzendu dizkiegu lehen fase batean: Imanol Pradales lehendakariari, enplegu sailari eta zehazki Mikel Torres enplegu sailburu eta lehendakariordeari, eta herrialdeetako hiru patronalei: ADEGI Gipuzkoako patronalari, CEBEK Bizkaikoari eta SEA Arabako patronalari.

Tamalez, ez dugu aukerarik izan gure proposamena maila pribatuan aurkeztu eta lantzeko. Lehendakariaren eta lehendakariordearen erantzunaren zain jarraitzen dugu. Oraindik ez digute eman erantzunik gutxieneko soldata bezalako gai zentral eta garrantzitsu bati buruz hitz egiteko. Lehendakariak, gainera, patronalaren diskurtsoa erosi eta gutxieneko soldataren negoziazioa produktibitate eta absentismoarekin lotu du, patronalari eginiko keinu argi batean.

ADEGI, CEBEK eta SEA patronalek, bestetik, ezezkoa eman diote gurekin biltzeari. Ezezkoa elkarrizketa eta eztabaidari. Gutxieneko akordio baterako daukagun proposamena entzuteari. Bertako patronalek herri honetako gehiengo sindikalari atea ixtea erabaki dute, adostasun sindikal zabala duen gutxieneko soldata propioaren gaiarekin. Herri honetako patronalak egoerak eskatzen duen mailatik oso urrun daudela ari dira erakusten, herri honentzat estrategikoa den gutxieneko soldataren eztabaidari atea itxi eta gehiengo sindikalarekin esertzeari uko eginez. Langileoi aukera bakar moduan konfliktoa uzten digun patronala ez da herri honek behar duen patronala.

Ez da epelkerietan ibiltzeko garaia, ezta patronalari keinu txikiak egitekoa ere. Bertako gutxieneko soldata baten aldekotasuna adierazi du Eusko Jaurlaritzak, eta posizio argia hartzea dagokie orain. Herri honetan sortzen den aberastasuna ez birbanatzea erabaki du patronalak, horretarako Jaurlaritzaren babesa sentitzen duelako. Patronalari keinuak egiteari utzi eta presionatu beharra daukate; hain naturalizatuak dituzten harremanak baldintzatu eta mezu argiak bidali behar dituzte. Herri honek gutxieneko soldata propio bat behar du. Aberastasunaren banaketa justuago bat lortzeko, soldata arrakalei eta pobreziari aurre egiteko. Gutxieneko soldata bat behar dugu, milaka langileri zuzenean lan- eta bizi-baldintzak hobetu ahal izateko, nagusiki eta zuzenean emakumeei, langile migratu eta arrazializatuei, aniztasun funtzionala duten langileei eta gazteei. Baina proposamena langile klase osoarentzat izango da positiboa, prekaritateari muga jartzeko ezinbesteko bitartekoa baita.

Gaur, martxoaren 20ko mahaira eramango dugun proposamena maila pribatuan landu gabe publiko egitea dagokigu, beraz. Sindikatu desberdinok gure proposamen estrategikoei uko egin gabe, negoziaziorako gutxieneko proposamen baterako adostasuna lortu dugu, eta honakoa da: EAEko langile guztientzat urteko 21.000 euro gordineko soldata, 1.500 euro hilean. Helburu horretara modu mailakatuan iristea proposatzen dugu, bi urteren buruan hain zuzen ere. Formula juridikoari dagokionez, Materia Zehatzeko Akordio baten bidez adostea da proposatzen duguna, EAEko lan harreman guztiei eragin ahal izateko akordioak.

Martxoaren 20an patronalak proposamen hau izango du mahai gainean. Confebaskek, eta Confebask osatzen duten ADEGI, CEBEK eta SEA patronalek, aukera dute euren jarrera zuzentzeko, euren posizioa birplanteatzekoa. Guk gutxieneko soldata propioa hemen egingarri izateko lanean jarraituko dugu: mahaira proposamen berriak eramanaz, patronalaren ezezkoen aurrean mobilizazioak deituz, eta gutxieneko soldata propioa ezartzeko eskumenak lortze bidean herri ekimen legegilea landuz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...

Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari! Legebiltzarreko alderdi politikoak: irmo defendatu EHU!

Gaurko lanuzte eta elkarretaratzea aste honetan EHUko campusetan garatutako mobilizazioetako laugarrena da, eta jarraipena ematen dio beharrezko finantzaketa lortzeko aldarrikapenari. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean 2026ko...

Nafarroako langileriaren lan eta bizi baldintzak: bi nafarretik batek prekarietate egoeran bizitzen jarraitzen du

Nafarroan batez besteko soldata igo da azken urtean, baina desberdintasun sozial zein pobrezia egoerak handitzen ari dira. Hortaz, sortzen den aberastasuna gero eta modu...