2026-09-15
HomeEkintza SindikalaLABen iritziz urgentea da etxeko langileentzako hitzarmena

LABen iritziz urgentea da etxeko langileentzako hitzarmena

LABeko etxeko langileen atal sindikalak, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako etxeko enpleguarekin lotutako kolektibo eta erakundeekin batera, kaleak hartu ditu berriro ere sektore horretako lan-baldintza jasanezinak salatzen jarraitzeko eta langile horientzako eskubideak aitortzeaz arduratu beharko luketen erakundeen interes falta salatzeko. Hala, mobilizazioa egin du gaur Bilbon, Justizia Jauregiaren aurrean. Bihar asteartea, Donostian mobilizatuko da, Lan Ikuskaritzaren aurrean, eta asteazkenean Iruñean beste horrenbeste egingo du, Udaletxe plazan.

Urtebete baino gehiago daramate etxeko eta zaintzako langileentzako hitzarmen bat negoziatzeko eskubidea aitortuko duen epai baten zain, eta publikoki salatu behar dute instantzia judizialek ez dutela inolako interesik negoziazio kolektiborako eskubidearen aldeko apelazio-helegiteari erantzuteko.

Etxeko eta zaintzako langileak nekatuta daude eskubideak aitortzen azkenak izateaz, eta nazkatuta daude zaintza lehentasuna dela esaten dutenean agintzen dietena betetzeko denbora luzez itxaroteaz,. Hala ere, zalaparta handiz iragartzen dutena ematen dietenean, dena zehaztasunik ez duten enuntziatuetara eta promesarik betetzen ez duten araudietara mugatzen da. Edozein gauza hitzarmen kolektibo propio bat negoziatzeko eskubidea aitortu aurretik.

“Argi utzi nahi dugu kaleak gureak ere badirela, eta etxebizitzetan ikusezin bihurtu nahi gaituztenez, elkartutako gure ahotsekin topo egin beharko dute gure eskubideen eta lan-baldintza seguruen aldeko eskaerei lotutako leku bakoitzaren aurrean”, adierazi dute.

Berehalako erantzuna eskatzen dute. Ez dute lan-zuzenbidearen arloan apurrak jasotzen jarraitu nahi, iruzur egiteko eta eskubideak irabazten ari direla sinetsarazteko asmoa baino ez dutenak. Zertarako balio die arrisku profesionalen lege batek, lege hori beteko denaren bermerik ez dagoenean? Nork ziurtatzen du enplegatzaileek lanaldiaren erregistroa beteko dutela derrigortzea eta larderia jasateko arriskurik gabe? Zer erregulaziok konpon dezake etxeko langileen kalteberatasun-egoera, baldin eta, berez, familia-etxeko lan-baldintzak arautzen dituen 1620/2011 Errege Dekretuak langile horien eskubideak Langileen Estatutuaren azpitik kokatzen baditu eta ez baditu kontrolatzen edo arautzen zenbait elementu, hala nola gaua igarotzea, presentzia-orduak eta lan-ikuskapen eraginkorrik ez izatea?

Adierazi dute utzi dieten aukera bakarra antolatzea eta etxeko enpleguan ari diren pertsona migratu eta arrazializatuen gorputz eta bizitzekin egiten dituzten bidegabekeriei aurre egitea dela.

“Nahikoa da horrenbesteko zigorgabetasunaz eta emakumeen* eskubideen berdintasunaren alde lan egiten dutela esateaz!”, gaineratu dute, “sistema honen arduradunentzat garai honetako esplotazio eta negozio modurik nabarmenena gara”.

LABek berretsi egiten du etxeko langileen borrokan laguntzeko konpromisoa, eta ez du atsedenik hartuko hitzarmenak sektore horretan ari diren pertsonen bizitzei eta enpleguari duintasuna eta segurtasuna eman arte.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Santurtziko Ander gaztearen kasuan dauden ardura zuzen eta politiko guztiak argitu ditzatela exijitzen diegu udalari eta Segurtasun Sailari, justizia egin eta gertakari larri hauek...

Gaur publiko egin den bideoak agerian utzi du Santurtziko Ander gaztearekin era oso bortitz eta desegokian jardun zuten udaltzainek gertatutakoa ezkutatu dutela eta haien arduradunek babestu egi

Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa deitu dugu LAB sindikatuak eta Testako maizterrek

Etxabakoitz, Buztintxuri, Artika, Sanduzelai eta Arrotxapeko bizilagunek, LABen babesarekin, manifestazioa iragarri dute Iruñean urriaren 17rako. Mobilizazioaren helburua da salatzea Testak ez dituela berritu BOE...

Hauteskunde sindikaletan patronalei eta gobernuei erantzun irmoa emateko deia egin die LABek euskal langileei

Gutxieneko soldata, enpleguaren defentsa eta zerbitzu publikoak indartzea, ikasturte honetarako hiru lehentasun nagusiak. Kapitalari mugak jartzea eta birbanaketa politiken alde egitea da faxismoari eta olatu erreakzionarioari ateak ixteko biderik onena, LABen arabera.