Langileek dituzten lan baldintza kaskarrak direla eta, antolatu eta borrokan hasteko hautua egin dute. Horrela egunean bi ordutako lanuzteak egingo dituzte otsailaren 5ean, 12an, 19an eta 27an.
Izan ere, Dbizi sortu zenetik, zerbitzua ematen duten langileek ez dute inolako hobekuntzarik izan. Zerbitzua sortu zenean langileak 8 ziren eta erabiltzaileak 1.000 inguru. Egun, asko hazi da erabiltzaile kopurua, 10.000tik gora dira (2023ko datuak) eta 12 langile dira egunerokotasunari aurre egin behar izaten dietenak. Baja bat izanez gero, langile hori ez da ordezkatua izaten, eta horrek gainontzekoen lan karga handitu egiten du. Jai egun eta igandetan lan egiteagatik ez dute inolako gehigarririk, 40 orduko lan astea dute eta apenas iristen dira 1.200 eurotako nomina bat jasotzera.
Gainera, ez dagozkien lanak egin behar izaten dituzte eta beren lanarekin zerikusirik ez duen estatu mailako hitzarmen bat aplikatzen diete; ingeniaritza enpresak, ikerketa teknikoen bulegoak eta ikuskaritza, gainbegiratzea eta kontrol tekniko eta kalitatezkoarena.
2020an Donostiako Udalak ateratako esleipen-lehiaketa DBUSek irabazi zuen eta honek Valentziako Aldi Baterako Enpresa Elkarte bat kontratatu zuen, DBIZISS (Valentziako bi Aldi Baterako Enpresa Elkartek sortu zutena), Dbiziren kudeaketa lanak egiteko.
Donostiako Udalak eta DBUSek Hiri jasangarri baten eslogana lau haizetara zabaltzen dute, kontuan hartu gabe Dbiziko langileek zein lan baldintzetan egiten duten hori posible izan dadin.
Horregatik guztiagatik, Donostiako Udalari, DBUSi eta UTE DBIZISSi, arduraz jokatu dezaten exijitzen diete LABek eta Dbiziko langileek:
Enpresaren erantzun ezaren aurrean, ondorengo lanuzteak eta elkarrateratzeak egingo dituzte:
> Otsailaren 5ean, 9:00etatik 11:00etara, San Martin azoka parean.
> Otsailaren 12an, 9:00etatik 11:00etara, Unibertsitateetako liburutegi parean.
> Otsailaren 19an, 9:00etatik 11:00etara, Bretxako azoka parean.
> Otsailaren 27an, 10:00etatik 12:00etara, Donostiako Udaletxe parean.
Dbiziren erabiltzaile eta herritarrei elkarrateratzeetan parte hartzeko eta langileak babesteko deia egiten diete LABek eta Dbiziko langileek.

