2026-10-27
HomeEkintza SindikalaGaur ere EAEko hezkuntza publikoko irakasleen grebak oso jarraipen zabala izan du,...

Gaur ere EAEko hezkuntza publikoko irakasleen grebak oso jarraipen zabala izan du, atzokoaren parekoa

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuok deitutako grebak jarraipen zabala izan du bigarren egunez. Bilbo, Donostia eta Gasteizen burutu ditugun manifestazioetan milaka irakaslek kaleak bete ditugu berriro.

Sindikatuok batutako datuen arabera, grebak jarraipen zabala izan du, izan ere, deitutakoen %75etik gorak babestu du, atzoko greba egunaren parez pare. Hala ere, beste behin ere, salatzekoa da Eusko Jaurlaritzak ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoak direla eta milaka langileri greba eskubidea ukatu zaiela eta ondorioz, greba bera baldintzatua egon dela.

Bi greba egun hauetan irakasleek oso mezu argia helarazi diote Hezkuntza Sailari:

  • 15 urte direla hitzarmena eta lan baldintzak eguneratu gabe; eta aski dela.
  • Lan zamak arintzea, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatzea, eros ahalmena berreskuratzea, lan osasuna zein euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak proposatzeko garaia dela.
  • Eta, ez badago aldarrikapen hauekiko erantzunik grebetan jarraitzeko indarrekin daudela.

Beraz, hezkuntza sailari edukirik gabeko mahaiak deitzeari uzteko eskatzen diogu, grebak desaktibatzeko gutun eta estrategiak alboratzeko eta eskaera hauei erantzungo dioten proposamenak egiteko. Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitu eta lan baldintzak hobetu eta baliabideez hornitzea.

Aipagarriak dira greba babestu duten irakasle kopuru handia dela eta, irakas jarduera ia osotasunean geldirik izan duten ondorengo ikastetxeak:

Gipuzkoan: Martutene HLHH (100%); Lauaizeta BHI (100%); Igeldo Herri Eskola (%93) eta Harri Berri Oleta (100%) Donostian; Koldo Mitxelena HLHH (%80) Oreretan, Goizeko Izarra Ikastola Mutrikun (%85)

Bizkaian: Atxuriko eskola (%100) eta Txurdinaga (%100) Bilbon, Albiz (%70) Sestaon, Itxasoko ama (%97) Santurtzin edo Arziko eskola (%100) Basaurin, edo Minas BHI (%81) Barakaldon

Araban: Salburua HLHH (%90); Lopez de Guereñu (%82); Umandi (%74); Zabalgana BHI (%80) eta Amurrioko Zabaleko (%75)

Greba arrakastatsuak izan dira “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!” lelopean. Gaurko hiru manifestazioetan milaka langile elkartu gara hiriburuetako kaleetan eta jarraipena emango diogu otsaileko greba deialdietan ere.

Aste honetako greba dinamikari jarraipena emanez, hurrengo astean ere greba egunak dituzte Haurreskolak Partzuergoko langile, sukaldari eta garbitzaileen sektoreetan, eta manifestazioak egingo ditugu lan hitzarmenak hemen eta orain erabakita lelopean. Haurreskolak Partzuergoan urtarrilaren 28 eta 29an izango dira grebak; eta Sukalde eta garbiketan urtarrilaren 30 eta 31an. Manifestazio lekuak jakinaraziko ditugu hurrengo egunetan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gipuzkoako Moeve gasolindegietako greba bertan behera utzi du enpresa batzordeak

Gipuzkoako Moeve gasolindegietako Enpresa Batzordeak urriaren 27tik abenduaren 23ra iragarrita dituen greba egunak bertan behera uztea erabaki du. LAB eta ELA sindikatuek osatzen dute Enpresa Batzordea eta ahobatezko erabakia izan da greba egunak bertan behera uztea. Iragarpen horren arrazoia bat eta bakarra da: konpainiak, CCOO sindikatua baliatuta, edozein negoziazio aukera zapuztu du hauteskunde sindikalak egiteko aurreabisua Lan Delegaritzan erregistratu baitu.

LABek CAF gela bertan behera uzteko EHUren erabakia babesten du

Sindikatuak salatu egiten du Eusko Jaurlaritzako sailburuek, eta zehazki Perez-Iglesias sailburuak, eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak egin dituzten adierazpenak. Genozidioaren kontura negozioa egitea ez da defendagarria.

Olaberriako Arcelor Mittalen negoziazio esparru propioa errespetatzeko eskatzen diogu zuzendaritzari

Joan den ostiralean, zuzendaritzak negoziazio mahaia hautsi eta hiru egun lehenago azken proposamen gisa landurikoa mahai gainetik kendu zuen. Erabili zuten aitzakia “Olaberriaz kanpoko mahaien presioak eta esku-sartzeak" izan ziren. Dirudienez, Asturiasko lantegiren batean, sindikatuek Olaberriako balizko akordioa erakutsi dute presio neurri gisa.