2026-08-13
HomeEkintza SindikalaGizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.

Gaurko elkarretaratzearekin, nahiz eta horretarako baldintzetan ez egon lantokira joaten diren langileen egoera ezberdinak salatu nahi izan ditu LABek, bajan egoteko eskubidea argi eta garbi urratzen diren egoerak. Lan fisiko errepikakorrak, Langileen Estatutuak dioenaz harago estaltzen ez diren gaixotasun konpentsazioak, langileek borondatezko alta eskatzeko larderiaz galdekatzen dituzten mutualitateetako medikuak… Horrek guztiak argi uzten du enpresek osasunarekiko eta lan arriskuen prebentzioarekiko duten kezka falta.

LABen iritziz, prekaritatea ere bada gaixorik egonda lanera joatea edo osasunari kalte egiten dioten lanetara joatea hori eragozteko inolako neurririk hartu gabe. Zentzu horretan, LABek gogora ekarri nahi ditu bi garbitzaileren kasuak, euren lanpostuetara itzultzera behartu zituztenak, nahiz eta mugitzeko batek gurpil-aulki bat eta bertzeak taka-taka bat erabili, INSSek ez zielako euren ezintasun iraunkorra aitortu. Zoritxarrez, ez dira egoera tamalgarri horretan dauden lehenengoak, ezta azkenak ere.

LABek osasun eta prebentzio gehiago eskatzen du, eta kontrol eta presio gutxiago , eta Nafarroako langileen beharrak erdigunean benetan jarriko dituen Gizarte Segurantza propioa ere aldarrikatzen du.

Azkenik, gaurko elkarretaratzearekin LABek ekintza sindikalaren balioa azpimarratu nahi izan du, lan eta bizi baldintzak hobetzeko modu kolektibo bakarra delako. Antolatu eta borrokatu egin behar da, egoera indibidualak salatzetik erantzun kolektiboak antolatzera, prebentzio planak egitetik kalera ateratzera guztion eskubideak aldarrikatzera. Ekintza sindikala tresna baliagarria da langile klase guztiarendako, sektore batzuen atomizazio eta prekarizazioari aurre egiten diolako eta, borroka ezberdinak bateratuz, bizitza duina ahalbidetzen ez duen sistema oso bat inpugnatzen duelako.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mugikortasun arriskuek eta prekaritateak lan koktel hilgarria osatzen dutela salatu dugu

LAB sindikatuak jakin duenez, Said El Hadi 42 urteko Funeseko bizilaguna hilaren 5ean hil zen Azkoienen, zirkulazio-istripu batean, eta, egiaz, in itinere lan-istripu baten...

Kaleratutako 13 lankideak berronartzea eskatu dute Konecta BTOko langileek

Lanuztea egin dute eta El Correo-ren Bilboko egoitzaren aurrean mobilizatu dira. Vocento da, Iberdrolarekin batera, Konecta BTOko bezero nagusia. Gaurkoa izan da langileek egin...

Osasunbideak ez ditu hizkuntzak baloratzen langile fakultatiboen deialdietan

Hizkuntzen balorazioa ezartzen duen araudi berriaren aplikazioari zor zaio. Azken hau euskararen dekretu gisa ezagutzen da. 2025ean horren inkoherentzia eta bidegabekeriak salatu genituen, eta...