2026-10-05
HomeZerbitzu PribatuakBidaiarien garraioaEuskotreneko hizkuntza-eskakizunen epaia irabazita, euskararen normalizazioaren alde eta oldarraldiari aurre egiten segiko...

Euskotreneko hizkuntza-eskakizunen epaia irabazita, euskararen normalizazioaren alde eta oldarraldiari aurre egiten segiko dugu

Poztekoa da hizkuntza eskakizunak baliogabetzeko UGTren asmoek aurrera egin ez izana eta LABen arlo juridikotik eginiko lanari esker euskararen aldeko epaia erdietsi izana.

Izan ere, enplegua egonkortzeko prozesuaren baitan UGT sindikatuak euskarazko hizkuntza eskakizuna inpugnatu zuen, hainbat urtetan euskararen normalizazioa bultzatzeko eginiko aurrerapenak deuseztatu nahi dituen oldarraldi judizialaren olatura igota, CCOO bezalako sindikatuak egiten dabiltzan moduan.

Bada, LABen hasieratik adierazi genuen Euskotrenen euskaraz lan egin nahi duten langileen eta euskaraz artatuak izan nahi duten erabiltzaileen hikuntza-eskubideak urratzeko ateak parez pare zabalduko liratekeela eskakizunok baliogabetuz gero. Horrenbestez, oraingo epaia pozez hartu dugu; ordea, ez dugu uste ezerren amaiera denik, eta ezinbestekoa da azkenaldian ateratzen ari diren hizkuntza-eskakizunen aurkako epaiek urratu nahi duten bideari galga jartzea eta, hortik harago, normalizaziora bideratutako neurri eta ekimenak areagotzea.

Euskotreneko kasu honetan, esan bezala, epaiak ezarri du hizkuntza eskakizunak bere horretan mantenduko direla; izan ere, Euskotreneko hitzarmen kolektiboak (UGTk berak ere sinatu zuenak) jasotzen ditu eskakizunok, eta Euskara Planari jarraikiz ezarri dira. Dena den, LABen uste dugu hizkuntza-eskakizunen zilegitasuna ez dela horretara mugatzen. Aldiz, oinarrian izan behar duena euskararen normalizaziora bideratutako helburu komuna da, eta euskal hiztunon eskubideak errespetatzearen bermea.

Gauzak horrela, justizia sozialean eta berdintasunean oinarritutako hizkuntza-politikak aldarrikatzen jarraitzeko asmoa daukagu LABen, politika horiek izan direlako euskararen alde borrokan ibilbide luzea egin duen euskal komunitate sendo eta indartsu bat izatea ekarri dutenak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gernika-Palestinak hilaren 8rako deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Elkarretaratzeak egingo dira ostegun honetan Euskal Herriko udaletxeetan, 19:00etan. LABek bat egingo du mobilizazio horiekin eta dei egiten du, munduko herrien eta langileen aurka ari den inperialismoaren aurrean, elkartasun internazionalista areagotzera.

Estatu mailan argitaratu berri den grafikagintzako hitzarmenak Arabako eta Nafarroako sektoreko langileen prekaritatea betikotzen du

LABen beti defendatu izan ditugu Euskal Herrian lan egiteko eta erabakitzeko esparruak, hemen negoziatu eta erabakitzeak lan-baldintza hobeak lortzeko aukera emango ligukeelako.

Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzuaren egoera salatu dugu Batzar Nagusien aurrean

2026ko irailaren 4an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuko ofizial guardia-burua bere Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuko etxean kokatutako komunikazio zentraleko lanpostu operatibotik bota zuen Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuko Zuzendariak. 2018tik indarrean zegoen bi administrazioen arteko hitzarmena pasa den abuztuaren 31n iraungi zela eta zerbitzuaren berrantolaketagatik Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuak bulego hori beharrezkoa zuela izan zen horretarako eman zuen argudioa. Guardia-buruaren bulegoa bakarrik ez, hitzarmenean araututa zeuden bestelako lanetarako espazioak erabiltzeko debekua ere ezarri zuen.