2026-05-04
HomeEkintza PolitikoaBiktima berririk egon ez dadin, espetxe politika aldatzea premiazkoa da

Biktima berririk egon ez dadin, espetxe politika aldatzea premiazkoa da

LABek doluminak helarazi nahi dizkie Xabier Reyren senideei, lagunei, ingurukoei eta ezker abertzalearen familia osoari. Esan nahi diegu ez dugula etsiko euskal preso politiko guztiak kalera atera arte, eta ez dugula etsiko herri honen askatasuna eta bakea lortu arte.

2008an atxilotu zutenean LABeko delegatua zen Xabier Rey, Neumáticos Iruña enpresan. Polizia Nazionalak torturatu egin zuela salatu zuen orduan. Ordutik hona, kartzela politikaren aurpegirik krudelena ezagutu zuen Reyk, dispertsioa, urruntzea eta muturreko isolamendua. Etxetik 1.000 kilometrotara hil da, Cadizeko Puerto III kartzelan, aurretik Andaluziako beste espetxe batzutan egon ondoren, Algecirasen zein Almerian.

Heriotza honen atzean, beraz, salbuespen legedia dago, egun indarrean dagoen espetxe politika. Urrunketa, dispertsioa, isolamendua… Eta legedi horrekin amaitu beharra dago. Beranduegi da dagoeneko, beranduegi legedia horrek konfrontazio eta gerra logika bati erantzuten diolako, eta herri honek, euskal gizarteak, aspaldidanik bakea nahi duelako, konponbidea nahi duelako.

Entzuten ari gara beharrezkoak direla iraganeko minaren aitortza, erreparazioa eta elkarbizitzaren eraikuntza, baina ezin ditugu ahaztu oraindik ere indarrean dauden eskubide urraketak, oraindik ere sortzen ari diren biktima berriak, eta sor daitezkeenak, horiek ekiditeko erabaki eta neurri berriak jartu ezean.

Argi dugu indargabetu egin behar direla biktima eta sufrimendu berriak eragiten dituzten politikak. Zentzu honetan, premiazkoa da euskal presoek jasaten dituzten salbuespenezko neurriak desaktibatzea, isolamendu egoerak amaitzea, lehen gradutik ateratzea eta Euskal Herrira gerturatzea, preso guztiak etxeratze bidean kokatuko dituen prozesu baten baitan.

LABek dei egiten die euskal langileei heriotza salatzeko egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:02:45

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu da sindikatua Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.
00:13:27

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...