2026-09-27
HomeEkintza SindikalaNafarroako Industriako legean langileen lan eta bizi baldintzak erdigunean jartzea eskatu diogu...

Nafarroako Industriako legean langileen lan eta bizi baldintzak erdigunean jartzea eskatu diogu Gobernuari, enpresarien lobbyaren presio interesatuen gainetik

LAB sindikatuan kezkaz hartu dugu aste honetan zenbait enpresari taldek argitaraturiko manifestua Nafarroako Industriako foru legea dela eta. Enpresari horien aldarrikapenek guztiz erreakzionarioak dira, Nafarroaren garapena oztopatzen dute, enplegua prekarizatzen dute, gizartearen ongizatea murrizten dute eta industriako etorkizuna kolokan jartzen dute. Era berean, arduraz ikusten dugu nola Gobernua kezkatuago dagoen enpresariak pozik uzteaz langileen interesen alde egiteaz baino.

Azken hilabeteetan, Nafarroako Industriako foru legea izanen dena osatzeko egindako lan mahai desberdinetan parte hartu du LABek. Eta sindikatu hau egon den mahai guztietan norabide berdinean joaten diren eta langileen kezka eta behar nagusiak aintzat hartzen dituzten neurriak proposatu ditu: etorkizuna izanen duen industria eredu jasangarri bat, parte hartzailea izanen dena, Nafarroa osoan hedatuta egonen dena lurralde osoa kohesionatuz, sortzen duen aberastasuna banatuko duena, diskriminaziorik gabeko aukera-berdintasuna bermatuko duena (generokoa, arrazakoa eta sindikala), zeinean langileek baldintza duinak izanen dutena eta etxera bizirik bueltatzea bermatuko duena.

Industriari buruzko lege berri bat egiteko irekitako prozesuaren aurrean sindikatu honek ardura bat hartu zuen, bertze batzuen isiltasunaren aitzinean LAB berea hartzeko prest baitago. Kalitatezkoa izanen den lanaren banaketa baterako industria-egituraren defentsa funtsezkoa da, eta enpresariek norabide horren kontrako bidea ekiditeko lanean ari gara.

Horregatik guztiagatik, kezkaz ikusi dugu enpresarien lobbyak argitaraturiko manifestua, bertan argi adierazten baitute zein den beraien nahia: Nafarroako gizarteari eta gehiengo sozialari bizkarra emanez, haiek (eta ez langileek) pribilegiozko fiskalitate bat izatea, eta (gezurretan oinarrituta) Nafarroako Industriak eta bere langileek behar ez dituzten makroproiektuak sustatzea.

Azken horri dagokionez, aipatzekoa da nola abiadura handiko trena aldarrikatzen tematzen diren, Europarekin konektatuak egotearen aitzakiapean, gauza jakina denean konexio hori ez dela inoiz emanen edo, ematekotan ere, ez diola inongo ekarpenik eginen Nafarroako Industriari -abiadura handiko trenak ez baitu merkantzia industrialik garraiatzen-. Horrekin batera, tematuta daude itzalpeko bidesari gehiago izanen dituen Nafarroako Ubidea bultzatzearekin, nafar landa eremuaren benetako beharrei bizkarra ematen diona, eta Madrilerako beraien bidaiak hegazkinaz lotzearekin.

Era berean, hagitz larria da ere herrialdea paradisu fiskal bihurtu nahi izate horrek zerbitzu publikoetan izanen zukeen eragin kaltegarria, bai eta leihatila bakarraren kontu horrekin administrazio oso bat beraien zerbitzura egotea exijitzea ere.

Enpresarien manifestu honek asmo garbia du: Nafarroako Gobernuari adieraztea zein den egin behar duen bidea. Jakin baitakite Gobernuak lehentasunezko tratua ematen diela, beraiekinelkartuz, baina langileon ahotsari entzungor eginez. Enpresarien eta Gobernuaren ados jartze hori oso larria da. Industria indartu eta bultzatu baino gehiago, betiko errezetekin ahultzen dute, eskuinaren eta gehien daukatenen mesedetan.

Irabazi nahi ase ezinak mugitzen ditu enpresariak. Langileak, aldiz, lan eta bizi baldintzak hobetzeko anbizioak. Hori dela eta, LAB sindikatutik dei egiten diogu Nafarroako Gobernuari enpresaburuen presioei men ez egiteko eta benetan Nafarroako Industriaren etorkizuna eta langileon lan eta bizi baldintzak erdigunean kokatuko duen lege proposamen bat egiteko. Horrela ez bada, aurrez aurre izanen gaituzte beti.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.