2026-04-01
HomeEkintza SindikalaBizkaiko Foru Aldundiko azpikontratatutako garbiketa zerbitzuan aurreakordioa #LortuDugu

Bizkaiko Foru Aldundiko azpikontratatutako garbiketa zerbitzuan aurreakordioa #LortuDugu

Sei greba egun eta bi hilabeteko mobilizazioen ondoren, LAB, UGT eta ESK sindikatuok soldata igoeren aurreakordioa lortu dugu Optima enpresarekin, Bizkaiko Foru Aldundiko garbiketa zerbitzuaren esleipendunarekin.

Lortu ditugun soldata-igoerak historikoak dira, eta langile askoren kasuan, indarraldiaren amaieran ia edo erabat parekatuta egongo dira. 6 urtetan, soldata-igoera gutxienez %24,23koa izango da (funtzionarioen igoera zein izango den jakin gabe). Igoera horri soldata erreferentziatzat duten beste plus batzuena gehitzen badiogu, igoera %50etik gorakoa ere izan daiteke. Horrek garrantzi handia du sektore feminizatu eta partzializatu honetan.

Negoziazio honen helburua Aldundiko langileen soldatakin parekatzera hurbiltzea zen: lan berdina, soldata berdina. Gure asmoa, hurrengo negoziazioan bide honi jarraitu eta erabateko parekatzea lortzea da. Igoera horiekin, Foru Aldundian azpikontratatutako garbitzaileen soldatak Udalhitzen soldaten gainetik geratuko gara, udaletako langileei dagozkienak.

Langileen asanbladaren ia %100ak babestu du soldata aurre-akordio hau, eta beraz, LAB, UGT eta ESK sindikatuok, langilegiaren borondateari jarraiki, sinatu egin dugu.

Edonola ere, negoziazio gogorra izan da hau. Enpresak proposamen tamalgarriak egin ditu grebetara jo dugun arte, igoera bakoitza borrokatu behar izan dugu.

Bereziki, Bizkaiko Foru Aldundiaren papera salatu nahi dugu: bera da enpresaren bezeroa eta dirua zein baldintzak jartzen dituena. Beraz, negoziazio mahaian Optima esertzen bada ere, denok dakigu Aldundiak duela azken hitza. Ordezkaritza dugun sindikatuok behin eta berriro saiatu gara instituzioko arduradunekin biltzen, egoera azaltzen, adostasunetara iristen. Ez dugu erantzunik jaso, gurekin bilduko ez zirela esateko ere ez.

Garbitzaileen lan baldintzaren negoziazioan ez inplikatzea nahikoa ez, eta greba egunen aurretik bereziki garbiak izan eta usainik gabeko janaria ekartzeko eskatu die Aldundiak bertako langile publikoei. Lotsagarria izateaz gain, greba eskubidea urratzen duela uste dugu, eta bide hori arakatzen jarraituko dugu.

Garbitzaileak martxoaren 8aren testuinguruan greban zeudela, Foru Aldundiak bertako emakumeei omenaldiak egiten aritu da, baina bere praktikak erakutsi du benetan zer opa dien emakume langileei: partzialitatea, soldata baxuak eta azpikontratazioa.

Lan berdinari soldata berdina dagokiolako hasi dugu azpikontratatutako langileen soldaten parekatzearen aldeko bidea, baina argi dugu helburua zerbitzu guzti hauen publifikazioa izan behar dela. Feminizatutako lanak azpikontratatuta, emakumeen pobretzean sakontzen du Foru Aldundiak. Gainera, zerbitzua garestitzen du, enpresak aberasteko gainkostu bat ordainduta, diru publikoaren kontura.

LABek, hainbeste aldiz eskutik lotuta doazen sektore feminizatutako eta azpikontratatutako zerbitzuetako lan baldintzak duintzeko borrokan jarraituko dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tubos Reunidosen gatazkan dagoen zinismo instituzionala salatu du eta enplegu-erregulazioko espedientearen inpugnazioa berretsi du

LABek publikoki salatu nahi du Tubos Reunidosen gatazka hartzen ari den norabidea. Izan ere, enpresak enplegua suntsitzeko, altzairutegia ixteko eta logistika kanpora ateratzeko planarekin...

CAF Turnkey & Engineeringeko langileek greba mugagabea hasi dute diskriminazioarekin amaitzeko

LABetik, CAF Turnkey & Engineeringeko Gasteiz, Lebario (Abadiño) eta Sopelako langileei gure animo eta babes osoa helarazi nahi diegu; izan ere, atzo, martxoak 30,...

Aberri Eguna 2026. Burujabetza. Gerrarik ez. Eskubideak

Ziurgabetasunari aurre egiteko badugu ziurtasun bat: antolakuntza eta borroka kolektiboa da herritar guztientzat bizi baldintza duinak bermatuko dituen eredu ekonomiko eta soziala eraikitzeko bidea. Herri bizia eta borrokalaria da gurea. Euskal Herrian badugu beharra eta aukera jendarte eredu justuago bat eraikitzeko.