2026-03-20
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaIndarkeria matxista lan munduan ere oso presente dagoela ohartarazi dugu

Indarkeria matxista lan munduan ere oso presente dagoela ohartarazi dugu

Garbiketako langile bat erasotu zuen gizon baten aurkako epaiketa egin dute gaur. Emakumea bere lanpostuan zegoenean pairatu zuen erasoa. Bada, epaiketa egin bitartean, LABek elkartasuna adierazi dio langileari, eta elkarretaratze bat egin dugu epaitegien kanpoaldean, Bilbon, “Lanean indarkeria matxistari ez. Libre izan nahi dugu” leloarekin.

LAB sindikatutik, garbiketa langile batek lanean zegoen bitartean jasandako eraso matxista gogor salatu nahi dugu.

Emakume langilea atari bat garbitzen zegon bitartean, irainka hasi zitzaion gizon batek eraso egin zion. “Destorbu emakumea, ez duzu ezertarako balio!” esan zion gizonak, eta bortizki bultzatu zuen hormaren kontra, besoan lesioa eraginez. Eraso honek eragindako ondorio fisikoetatik aparte, izan dituen kalte emozionalengatik bajan egon behar izan du.

Egoera hauek guztiak alderantziz pentsaezinak badira ere, emakume langileek beraien lanpostuetan, oraindik ere, tratu txarrak pairatzen dituzte. 

Emakume langileak, eraso sexista jasan zuela ohartu zen bezain pronto, salaketa ipintzea erabaki zuen horrelako egoerak zigorgabe gera ez daitezen, eta indarkeria matxista lan munduan ere presente dagoela ikustarazteko.

LAB sindikatuak argi du eraso hauek bizi garen jendarte matxistaren ondorio zuzenak direla. Badira egoera batzuk egun pentsaezinak, imajinaezinak iruditu ditzakegunak, baina inpunitate osoz gertatzen ari direnak lanpostuetan. Errealitateok egunero gertatzen ari diren arren, ezkutuan eta ikusezin gordetzen dira, pairatzen duten emakumeak erabateko babesgabetasunean utziz. Datu ofizialek eta estatistikak egoera hauek azalarazten ez badituzte ere, gure bizitzako bestelako eremuetan bezala, indarkeria matxista lan munduan ere oso presente baitago.

Gaurkoan, botere judiziala ere salatu nahi dugu, erasoa falta arin bezala epaituko baitu. Baina zer espero dezakegu emakumeak justizia honengandik, oraindik egun eraso matxistak pairatzen ditugunean kriminalizatzen jarraitzen bagaituzte eta gu izan behar bagara erasoa gertatu dela frogatu behar duguna? Zoritxarrez, botere judiziala emakumeonganako indarkeria mantentzeko beharrezko laguntzailea jarraitzen du izaten eta libre izateko dugun eskubidea ez digu bermatzen.

Bukatzeko, egunero beraien lan postuetan emakume izateagatik indarkeria matxista pairatzen duten milaka emakumeoi gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu. Bada garaia jendarte mailako ardura hau onartu dadila eta jendarteari eta erakundeei hertsatu nahi diegu, errealitate anker honen aurrean, ezikusiarena egiteari utz diezaiotela.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Martxoak 21. Arraza diskriminazioaren aurka indar guztiz borroka egitera dei egiten du LABek

Ez dadila egun arrunt bat izan. Balio dezala, benetan, egiteke (asko) dauzkagun batzuetan aurrera egiteko. Erakunde sindikal gisa, LAB, olagarroaren beste tentakulu bat izan gaitezke edo, aitzitik, gure indar guztiekin haren aurka borrokatu.

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...