2026-10-02
HomeEkintza SindikalaEusko Jaurlaritzak martxoaren 12ko grebarako inposatutako gutxieneko zerbitzuak epaitegietara eraman ditugu

Eusko Jaurlaritzak martxoaren 12ko grebarako inposatutako gutxieneko zerbitzuak epaitegietara eraman ditugu

Jaurlaritzaren gutxieneko zerbitzuaren aginduak milaka langile greba eskubiderik gabe uztea du helburu. Horretaz gain, sindikatuok salatu nahi dugu Eusko Jaurlaritzak greba bezperetan argitaratu duela agindua, hauen aurkako bide juridikoa oztopatzeko.

Martxoaren 12ko greba eguna otsailaren 13an egin genuen publiko LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuok. Grebaren erregistro formala orain dela hamabi egun, zehazki otsailaren 29an.

Eusko Jaurlaritzako Lan Delegaritzak gutxieneko zerbitzuen inguruko agindua martxoaren 8an argitaratu eta jakinarazi du. Greba deialdia publiko egin genuenetik hilabete igaro da eta formalki erregistratu genuenetik 8 egun. Agindua ostiral batean eta greba egunaren bezperan argitaratu du beraz, lan egunei erreparatzen badiegu. Hau, gainera, langileon ordezkari eta grebaren deitzaile garen sindikatuokin inolako aurretiazko bilerarik edota kontrasterik egin gabe.

Portaera hau ohiko bihurtu da Lan delegaritzarentzat. Zerbitzu minimoen aginduak greba egunen bezperetan argitaratzen ditu sistematikoki, eta garai batean sindikatu deitzaile eta administrazioekin gauzatzen zen audentzia fasea gauzatu gabe. Martxoaren 12rako aginduak, urrian eta abenduan egindako greba egunetarako ezarritakoak baino zerbitzu minimo handiagoak ezarri ditu, arrazoibide eta motibazio nahikorik azaldu gabe.

Sindikatuok larunbatean aurkeztu genuen aginduaren aurkako demanda EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean, eta bertan neurri kautelar gisa agindua bertan behera uzteko eskaera gauzatu genuen milaka langileri greba egiteko eskubidea ez ukatzeko. Auzitegiak, greba egunaren aurretik epaia ez aurreratzea erabaki du, greba eskubidearen urraketaren inguruko erabakia prozesu guztia gauzatutakoan ematea ebatziz.

Sindikatuok salatu nahi dugu greba eskubidearen aurkako urraketen aurka bide juridikoa edota bestelako ekintzak gauzatzeko aukerak zapuztea eta gero eta langile gehiago greba eskubiderik gabe uzteko asmoa dagoela jarrera honen atzean.

Izan ere, zerbitzu minimoen aginduetan gero eta zerbitzu minimo handiagoak ezarriz doa Jaurlaritza poliki poliki; greba eskubidea hustuz eta langile publiko gero eta gehiago grebarako eskubide gabe utziz. Osakidetza edo hezkuntza bezalako sektoreetan gutxieneko zerbitzuek milaka langile greba eskubide gabe uzten ditu, lan egun arruntetan lanean dagoen langile kopurua bermatzen ez duen bitartean, greba egunetarako langileen %100a lanera joatera behartuz gutxieneko zerbitzu gisa. Martxoaren 12ko grebari dagokionez, pauso bat gehiago eman du Jaurlaritzak greba eskubideraen urraketa honetan eta hezkuntza publikoko hezitzaile guztiak greba eskubiderik gabe utzi nahi ditu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.